Ganbara izaten da gutxi erabiltzen diren edo ia ahazturik dauden gauzak pilatzeko lekua. Kolore Ganbaran aldiz, erabiltzen ez diren gauzei ukitu berri bat ematen diete, koloreekin jolastuz, ia edozein altzari edo apaingarri zaharberritzeko. 2025ean 10 urte beteko ditu Ane Bueno Berridik abiatutako proiektu honek. Orduan proiektu txiki bat bezala jaio zenak, egun 40 ikasle ditu, Anerekin gauzak zaharberritzeak eragindako pasioa partekatzen dutenak.
Nolatan eta noiz erabaki zenuen proiektu hau hastea?
Kolore Ganbara proiektuak 10 urte beteko ditu datorren urtean. Proiektu hau sortu aurretik, nik jada 20 urtetik gora neramatzan horrelako gauzak egiten. Orain dela 12 urte langabezian geratu nintzenean niretzat bizitzako momentu gogor horietako bat izan zen, bat-batean nora jo jakin gabe aurkitzen baitzara. Zer egin pentsatzen nenbilenean bururatu zitzaidan nire bizitzan beti modu paraleloan egin dudan honetara dedikatzea. Beraz, horrela sortu zen Kolore Ganbara, proiektu txiki bat izanda.
Nola antolatzen dituzu zaharberritze tailerrak?
Une honetan 40 ikasle ditut, talde ezberdinetan sakabanatuak. Alde horretatik, oso pozik nago, 6 pertsonako talde bakarrarekin hasi nintzelako. Pixkanaka kopurua handitzen joan da eta bost taldetan banatzen ditut ikasleak. Ordutegien banaketa ez da mailaren arabera egiten, ikasle bakoitzak bere pieza bakarka lantzen baitu, egin ahala ikasiz. Apurka-apurka teknikak, material eta lan tresna ezberdinak erabiltzen ikasten dute. Eskolek astean bi orduko iraupena dute.
Edozein altzari berritu daiteke edo baldintza jakin batzuk behar dituzte?
Printzipioz, gauza gehienak berritu daitezke eta dauden egoeraren arabera, lan gehiago edo gutxiago emango digute. Dena den, egia da baloratu beharra dagoela zenbat denbora pasako duzun horretan eta baita dirutan zenbateko inbertsioa suposatuko duen. Horren arabera, benetan merezi ote duen pentsatu behar da. Altzaria ondo eginda badago edo material onak baditu aukera ona izan daiteke, baina kontrakoa bada, agian ez du merezi. Horregatik, piezak banan-banan aztertu behar dira.
“Trebezia zenbat eta gehiago arituz eta praktikatuz lortzen da”
Nondik ateratzen ditu jendeak zaharberritzeko altzariak?
Biderik ohikoena izaten da norberak etxean dituen gauzak berritzea. Ohikoena izaten da, etxeko dekorazio estiloa aldatzen joan delako eta zahartuta geratu diren altzariei beste ukitu bat eman nahi diegulako. Jendeak denetarik ekartzen du, hau da, altzariak, lanparak, dekorazio objektuak, ispiluak eta abar. Beste aukera bat da, bigarren eskuko azoketan gauzak erostea. Horretaz gain, beste askok kalean topatutako gauzak zaharberritzen ditu, zaborretan egoteagatik ez duelako esan nahi bigarren aukera bat merezi ez dutenik.
Izan ere, altzariak zaharberrituz, objektuen berrerabilera ere sustatzen da, ezta?
Noski. Gainera, altzariei bigarren bizitza bat emateaz gain, bestelako objektuak ere tailerrean berrerabiltzen ditugu. Esaterako, adibidez, maindireak eta trapu zaharrak, zaborretara bota ordez, altzariak babesteko edo garbitzeko erabiltzen ditugu. Bestetik, aroztegietan zaborretara doazen egur zatiak altzarien atzeko aldea egiteko baliatzen ditugu, edo zati txikiak kaxoien topeak egiteko aprobetxatzen ditugu. Beraz, bai, bigarren etekin bat ateratzen diogu gauza askori.
Zaharberritzearen aurreko eta ondorengo emaitza ikusita, askotan aldaketa harrigarria izaten da ukitu txiki batzuei esker.
Bai. Egia da batzuetan ez dela erraza objektu batek dauzkan aukerak imajinatzea eta jende bati kosta egiten zaio. Batzuetan zaharberritzea oso klasikoa da eta aldaketa gutxi nabari da. Baina hemen denbora asko daraman eta oso ausarta den jendea biltzen da, eta esperimentu lana egiten dute altzariekin, piezak ordezkatuz, azkenean itxura zeharo ezberdina lortuz.
Tailerretan parte hartu ahal izateko, oinarrizko ezagutzarik izatea eskatzen da?
Ez, inola ere ez. Horrelako zerbait inoiz egin ez duenak pixkanaka ikasten du, zerotik bada ere. Zenbat eta gehiago arituz eta praktikatuz lortzen da trebezia.
Zeintzuk dira altzari bat berritzeko egin beharreko urratsak?
Jendeak pieza berri bat dakarrenean lehenengo zeregina objektua aztertzea da, baita buruan duen ideia egingarria ote den pentsatzea. Guk altzariaren egiturari begiratzen diogu, sendoa den ikusi eta nonbait kaltetuta ote dagoen begiratu, piezarik falta zaion edo pipirik izan duen ikusteko, itxura aldetik zikina edo hautsez betea egon daitekeelako, baina horrek ez du axola. Ondoren, garbitu egiten da. Gero urratsez urrats goaz, pixkanaka eman nahi zaion itxura definitzen, adibidez, beste kolorerik eman nahi ote zaion erabakitzen.
“Jendeak pieza berri bat dakarrenean lehenengo gauza objektua aztertzea da, baita buruan duen ideia egingarria ote den pentsatzea”
Zaharberritzen diren objektuek sorpresak ere ezkutatzen dituzte.
Beti esaten dudan bezala, altzari baten tripetan arakatzen hasten garenean ezustekoak topatu ohi ditugu. Altzaria benetan zer materialez eginda dagoen ikusten dugu horrela. Jendeak askotan sorpresak hartzen ditu, batzuek altzari onak edo diseinuzkoak dituztela pentsatzen dute eta batzuetan ez da hala. Besteetan berriz, alderantzikoa ere gertatzen da, hau da, altzari kaxkar bat zela pentsatu eta altxor ezezagun bat aurkitu.
Asteroko tailerrez gain, ospakizun berezietarako tailerrak ere eskaintzen dituzu?
Bai, horrelakoak egin izan ditut. Ospakizunen bat duen talderen bat izan dudanean, merienda antzeko zerbait antolatu izan dugu. Tailerrean zehar pieza txiki bat lantzen dugu, adibidez, kutxatxo txiki bat. Azkenaldian ez dut horrelako askorik egin, baina bai, horrelako tailerrak ere antolatzen ditut.
Tailerraz gain, Kolore Ganbara denda ere bada. Nolako gauzak saltzen dituzue?
Lokalaren sarreran, dendaren zatia dugu eta bertan nik landutako piezak saltzen ditut. Dena den, ikasleek tailerretan objektuak bukatzerakoan, etxera eraman aurretik, sarreran erakusgarri jartzen ditut eta gertatu izan da horrelakoak ere saltzea.
Objektuak berritzea moda kontu bat da bakarrik edo betidanik egin izan den zerbait?
Nik urte asko daramatzat honetan eta beti egin izan den zerbait dela esango nuke. Hala ere, egia da batzuetan bolada kontua dela eta noizbehinka modan jartzen dela. Nik badut 90eko artikulu bat “berriztapenaren boom-az” hitz egiten duena. Beraz, horrelako gorabeherak gertatzen diren arren, betidanik egin den zerbait da. Egia da ere horrelako negozio bat jartzen duzunean hedatu egiten dela. Hau da, lehen bere kabuz zaletasun hau praktikatzen zuen jendea elkartu egiten da eta zaharberritzaile berriak erakartzen dituzte.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.