Kontzertu pedagogikoen 17. Edizioa hastear da. Lau hilabetean, zazpi kontzertu eta hamar saio izango dira guztira, Amaia KZn, hiriko artisten eskutik. Lehena bihar izango da, hilak 14, ostiralarekin, eta “Musika egingo dugu” izenburuko kontzertuak emango dio hasiera.
Gaur goizean, Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballero Amaia KZn izan da, Esther Barandiaranekin Udal Musika Kontserbatorioko irakasle, Javier Pérez Ametsa Txiki abesbatzako eta Luis Mariano Lirika elkarteko kide Ángel Pazosekin eta Skola Musik akademiako ordezkari Dani Riañorekin batera, kontzertu pedagogikoen hamazazpigarren edizioa aurkezten: bihar abiatuko da,
Ordezkariak azaldu duenez, “urtero-urtero, Udalak beso zabalik hartzen du kontzertu pedagogikoen edizio berria. Funtsezkoa iruditzen zaigu txikitatik musikazaletasuna eta kulturzaletasuna transmititzea, eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet kontzertuetan parte hartzen duten eragile eta ikastetxe guztiei, antolatzen dugun edizio berri bakoitzari harrera ezin hobea egiteagatik”.
“Musika egingo dugu” ganbera kontzertu bat da, eta, edizio honetan, honako hau izango da programa:
- Arietta 2015 (G. Rosefield)
- Spring Song (F. Bridge)
- Hungarian Stomp (T. Horton)
- Udaberria (A. Vivaldi)
- Elefantea (C. Saint-Saëns)
- Zisnea (C. Saint-Saëns)
- The Mission (E. Morricone)
- Cavalleria Rusticana – Intermezzo (P. Mascagni)
- Radetzky Martxa (J. Strauss)
Estilo guztietako kontzertuak
Edizio honetan, lau hilabetean, zazpi kontzertu eta hamar saio izango dira guztira, hiriko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 2., 3., 4., 5. eta 6. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ia 4.000 ikaslerentzat.
Kontzertu pedagogikoek ia musika estilo guztiak jorratzen dituzte, hala nola musika kultua, popa, folka, rocka eta jazza, eta gehienbat hirikoak diren askotariko taldeek ematen dituzte (taldeek, abesbatzek, hirukoteek, elkarte sinfonikoek…).
Eskolentzako gainontzeko programek bezalaxe, kontzertuek hainbat helburu dituzte, hala nola zirkuitu komertzialek proposatzen dutenaz bestelako zuzeneko musika entzuteko aukera ematea eta musikaren alderdi guztiak modu atseginean, zuzenean eta partaidetzaren bidez ezagutaraztea (instrumentuak, historia, estiloak, soinuak). Bide batez, ikaskideen aurrean jotzeko aukera ematen diete gazteei.
Ekimena Albada antzinako musikako taldearen proposamen batetik sortu zen, eta, arian-arian, gaur arte iraun du, inplikatutako eragileen eskuzabaltasunari eta ikastetxe eta maila guztietako musika irakasleen harrera ezin hobeari esker.
Hamazazpigarren edizioaren xehetasuna
Hona hemen edizio honetako kontzertu guztiak:
- Otsailak 14: “Musika egingo dugu”09:30ean eta 11:00etan, LHko 2. mailako ikasleentzat
- Martxoak 6: Irungo Txistulari Taldea: 09:30ean eta 11:30etan, LHko 3. mailako ikasleentzat
- Martxoak 27: Macbeth (Luis Mariano Lirika): 10:30ean, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat
- Apirilak 9: Udal Kontserbatorioa: 11:00etan, DBHko 3. mailako ikasleentzat
- Apirilak 30: Skola Musik: 11:00etan, DBHko 2. mailako ikasleentzat:
- Maiatzak 28: Ametsa Txiki Abesbatza: 09:30ean eta 11:00etan, LHko 4. mailako ikasleentzat
- Ekainak 6: Cavallería rusticana (Luis Mariano Lirika): 10:30ean, LHko 5. eta 6. mailako ikasleentzat