Iñaki Ceberio, udal liburuzaina: «Liburutegiak beharrezkoak dira gizarteak aurrera egin dezan»

Liburuaren eguna bueltan da berriz ere. Apirilaren 23a aitzakia, Irunerok Iñaki Ceberio Ikust-Alaiko liburuzainarekin solasaldia izan du. Liburutegia liburuen biltegi huts ez dela defendatzen du eta “memoria, ikerketa, irakaskuntza, kultura, ikaskuntza eta jendearen topaleku” dela azpimarratzen du.

iñaki Zeberio068

– Zeintzuk dira azken hilabeteetan maileguz gehien erman diren liburu edo DVDak?
Helduen artean ‘Cincuenta sombras de Grey’, ‘El tiempo entre costuras’, ‘Dime quién soy’ eta ‘Didavisión’ DVDa. Eta haurren artean, ‘Las aventuras de Tintín’ eta ‘Jeinuen hazia’
– Eta zer eskatzen du jendeak?
Batez ere argitaratzen diren liburu berriak edo komunikabideetan entzuten dituzten gauzak; adibidez, Babelian.
– Nola ospatuko da liburuaren eguna Ikust Alaian?
Apirilaren 2an Quixotearen eta Mariasun Landaren eleberriaren irakurketa antolatu genuen haurrentzako. Horretaz gain, helduentzako ipuin kontaketa ere izango dugu eta liburu azoka bat ospatuko dugu Zabaltza Plazan hilaren 23an. Hemen, liburutegian, urtero egiten dugun Quixotearen irakurketa egingo dugu eta nahi duenak izena eman dezake parte hartzeko.
– Jendea etortzen da liburutegira?
Bai, baina beste modu batean. Azken 3-4 urteetan ez, baina duela bizpahiru urte zazpi eta hamaika urte bitarteko umeak liburutegitik desagertu egin ziren, ez ziren lanak egitera hona etortzen. Ez dakigu zergatik izan zen hori, baina duela hiru urtetik hona haurrak bueltatu dira liburutegira lanak egitera, taldeka geratzeko, Internetera konekta-tzera… Baliteke gurasoek konturatu izana umeek eskola eta klase partikularrez beste leku batzuetan ere egon behar dutela.
Zein da liburutegiaren lekua gaur egungo gizartean?
Zer da liburutegia? Hori da galdera. Jende askok liburutegia biltegi bat dela uste du, eta ezin daitezke erratuagorik izan. Egia da Interneten, Googlen, gauza pila aurki daitezkela, baina zenbait gauza bakarrik liburutegian aurki daiteke. Eman behar zaion garrantzia ez zaio ematen liburutegiari, herrian dagoen espaziorik garrantzitsuena da. Ikerketa gela, ikasteko espazioa, pertsonekin elkartzeko topalekua, irakasteko gunea… Gizartean leku berezi bat behar du, batez ere gizarteak berak aurrera egin dezan beharrezkoa baita.
– Zergatik uste duzu hori horrela dela?
Tradizio falta dago. Katalunian, adibidez, liburutegiek berebiziko lekua daukate eta jendeak asko estimatzen ditu. Estatu Batuetako pelikula mordotan liburutegiak agertzen dira; Estatuan, aldiz, zenbatetan ikusi dugu film batean liburutegi bat? Hori esanguratsua da.
– Hortaz, garrantzi gehiago eman beharko genioke…
Liburutegiak hainbat alderdi sozial eta hezigarri ditu; besteak beste, auzi digitalaren aurka egiteko leku aproposa da. Elkar-tzeko eta edozer gauza sortzeko lekua da.
– Hogeitabost urte daramazu Ikust Alaian… Nola aldatu dira erabiltzaileen ohiturak denboran zehar?
Asko aldatu dira, baina eskaintzaren araberakoak izan dira. Ni 1988. urtean hasi nintzen hemen lanean eta jadanik urte luze bat zeraman liburutegiak martxan. Hasieran, lehenengo solairua zegoen bakarrik erabilgarri eta jendeak espazio gehiago eskatzen zuen. Orain eraikin osoa dago hiritarren esku eta beste gauza batzuk eskatzen dizkigute.
– Berritze prozesu etengabean zabiltzate, orduan?
Liburutegiko azpiegiturak konpontzeaz eta berritzeaz gain, produktu onak izan behar ditugu eta egunero gauza desberdinen bat eskaintzeko beharrean gaude pertsonak erakartzeko. Gure lana datorren horri jakin-mina piztea da, eta horretarako, adibidez, ikastaroak antolatzen ditugu. Irakaskuntza arloan gero eta lan gehiago egiten ari gara. Gainera, liburutegiak Facebooken, twitterren eta Youtuben perfilak ditu. Hortaz, ez gara biltegi bat bihurtuko, sorkuntzarako leku berezi bat baizik.
– Internet aipatuta duzu: nola eragin du liburutegiarengan?
Sareak asko lagundu du, ez da etsaia izan. Googlen badaude gauza asko, baina liburutegietan Interneten ez dagoen gauza asko ere bada. Etorkizuna bide horretatik doa eta ziur nago moldatu egingo dela gure beharretara. Ez ditugu sareak eskaintzen dizkigun aukerak galdu behar.
– Liburu elektronikoren bat ikusiko al dugu liburutegian?
Oraingoz, egile-eskubideak direla eta, ezin dugu liburu elektronikoen mailegurik eskaini liburutegian.
– Eta zuk, liburu tradizionala ala elektronikoa?
Ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Nik biez gozatzen dut eta biak erabili behar direla defendatzen dut.
Joseba Zubialde

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude