“Los Muñecos de la Tarta” azoka urriaren 15etik 16ra egingo da Ficoban. Doako aparkalekua eta sarrera eskaintzen ditu azokak, webgunearen bitartez hitzordua aurretiaz erreserbatzeko aukeraz gain. 200 bikote inguru hurbiltzen dira urtero ezkontzen sektorearekin lotutako eskaintza eta nobedade guztiak gertutik ezagutzeko. Fernando Vergara azokako antolatzaileak 2022ko edizioaren xehetasunak errepasatu ditu.
Aurten “Los Muñecos de la Tarta” azokaren VI. edizioa antolatuko duzue, beraz, esan daiteke dagoeneko hirian finkatuta dagoen azoka dela, ezta?
Horixe bera. Azoka antolatzen 6 urte eman ondoren, ezkontzetako sektoreen artean ezaguna den ekitaldia dela esan dezakegu, eta bikote asko hurbiltzen dira urtero bertara.
Nori zuzenduta dago?
2023an edo 2024an ezkonduko diren bikote guztiei, edo ezkontzeko asmoa duten eta oraindik erabaki ez duten baina interesatuta dauden bikoteei.
Gutxi gorabehera, zenbat erakusketarik hartuko dute parte aurtengo edizioan?
Aurten pixka bat hazi gara eta 25 erakusketari inguru izango gara: bidaia-agentziak, senargaien jantziak, emaztegaien soinekoak, argazkilariak, bideografoak, bitxiak, mahai gozoak, ostatuak, jatetxea, dj-ak, etab. izango ditugu. Gure potentziala bikoteei ezkontza bat antolatzeko behar dituzten ia sektore guztiak azoka berean eskaintzea da.
Tokiko erakusketarien presentzia azpimarragarria al da azokan?
Bai, erakusketarien jatorriaren ehunekorik handiena Irungoa eta inguruetakoa da.
Asko dira edizio batetik bestera errepikatzen duten erakusketariak. Horrek ekitaldiaren arrakasta erakusten duela esango zenuke?
Hori da, azokak arrakastarik ba ote duen jakiteko daturik garrantzitsuena da erakusketari gehienek urtero errepikatzen dutela. Hori guretzat harro egoteko modukoa da.
Beste behin ere Ficobako erakustazokan izango da azoka. Zergatik aukeratzen duzue kokapen hori ekitaldia egiteko?
Ficoba leku ezin hobea da horrelako ekitaldi bat egiteko. Azoka esparru handi baten berezko baliabideengatik eta kokapen estrategikoagatik. Gainera, doako aparkaleku propioa edukitzeak bisitarientzat eskuragarriago egiten du.
Zenbat bisitari izan dituzue aurreko edizioetan?
Urtero 200 bikote baino gehiago pasatzen dira, baina aurten oso aurreikuspen onak ditugu eta kopuru horiek gainditzea espero dugu.
Azokara hurbiltzen diren bikoteak eskualdekoak izaten dira ala beste leku batzuetatik ere etortzen dira?
Leku askotatik iristen zaizkigu bikoteak: Donostiatik, Bilbotik, Gipuzkoatik eta baita Nafarroa barnealdetik ere. Jakina, iparraldeko bikoteak ere hurbiltzen dira.
Zer baloratzen dute gehien edo ondoen ekitaldira joaten diren bikoteek?
Oso familiarra den azoka izateagatik nabarmentzen gara, bikoteek ez dute erakusketarien jazarpena sentitzen eta, gainera, hainbat sektoretako eskaintza handia dute euren ezkontza antolatu ahal izateko.
Mugaz bestaldeko bikoteen bisita jaso duzue?
Bai, iparraldetik ere hurbiltzen dira. Azkenean, bezero frantsesarentzat eskuragarri dagoen esparru batean gaude.
Aurreko urtean bezala, aurten ere sarrera erreserbatzeko aukera eskaintzen duzue, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Zer abantaila dakartza aukera horrek?
Bai, iaz oso ondo funtzionatu zuenez webgunearen hitzorduen erreserbak, aurten ere errepikatu egingo dugu. Bikoteen abantaila da ez dutela sarreran gelditu behar beren datuak betetzeko, online betetzeko aukera izan baitute. Edukiera gaindituz gero, lehentasun-eskubidea gordeko da aurretik erreserba egin duten horientzat.
Sektoreko beste azoka batzuekin alderatuta, zer da zuek bereizten zaituztena?
Azoka bat da, bikoteek ezkontzarako behar dutena aurki dezaten zuzen-zuzenean bideratuta dagoena, apaingarririk eta zozketarik gabe. Laburbilduz, bikoteak etorri, ikusi eta gustuko dituzten zerbitzu eta produktuak kontratatzen dituzte. Ez da denbora galtzen.
Pandemia oztopo handia izan zen ezkontza sektorean. Hasi al da sektorea suspertzen?
Bai, pandemia kolpe latza izan zen sektorearentzat, baina, itxuraz behintzat, ari gara sektorearen susperraldia ikusten.
2022. edizioa arrakastatsua izan dadin zer lortu beharko litzateke?
Beste urteekin alderatuta azokara hurbiltzen diren bikoteen kopurua berdindu nahiko genuke aurten eta zifra hori gainditzea lortzen badugu primerakoa litzateke. Horretaz gain, gure arrakasta bezeroen gogobetetasunaren pareko izango da.