“Madama Butterfly” opera Amaia KZ beteko du azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Giacomo Pucciniren hiru ekitaldiko “Madama Butterfly” opera aurkeztu dute. Aurkezpenean izan dira Irungo Udaleko Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzaga eta Luis Mariano Lirika Elkarteko ordezkari Ángel Pazos. Ikuskizuna Amaia KZn izango da, datorren asteburuan, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 19:00etan.

Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, “beti da polita bertako talentua nazioartekoarekin nahastuta ikustea. Gure kasuan, hemengoak opera handi bat osatu ahal izango du, hala baita ‘Madama Butterfly’, eta ziur nago denon gozamenerako izango dela beti bezala jendez gainezka egongo den Amaia KZn. Udaletik eskerrak ematen dizkiogu Luis Mariano Elkarte Lirikoari, Irunera beti ikuskizun onenak ekartzeko egiten duten lanagatik”.

Luis Mariano Abesbatzak eta Luis Mariano Orkestrak emango dute ikuskizuna, eta Aldo Salvagno maisu italiarra arituko da musika-zuzendari, eta François Ithurbide, eszena-zuzendari. Halaber, obrak nazioarteko ordezkaritza zabala izango du, hala nola, Héloise Koempgen soprano frantziarra, Clo Cia San geisha gaztearen papera egiten; Vicent Romero valentziar gaztea, egungo tenorerik handienetako bat, Pinkerton AEBetako itsas armadako ofiziala interpretatzen, edo Cesar San Martin baritonoa, Sharpless kontsularen rolean.

Asiako gazteak ere oso presente egongo dira obran, Kim Seonhyeong mezzo korearra eta Chengrui Li tenore txinatarra, esaterako, Suzuki eta Gororen roletan, eta haiekin guztiekin batera etxeko ohiko aktoreak arituko dira, hala nola Klara Mendizabal, Iker Casares, Dario Maya eta Hodei Yañez etorkizun handiko baxu gazte donostiarra.

Gainera, Hezkuntza arloa Luis Mariano Elkarte Lirikoarekin batera ari da lanean, operaren entsegu bat egiteko ikasleentzako. Entsegu hori datorren ostiralean, azaroaren 29an, izango da, 10:30ean, eta 500 gazte baino gehiago bertaratuko direla aurreikusten da.

Sarrerak 25 euroan daude salgai bazkideentzat, 32 euroan bazkide ez direnentzat, eta 10 euroan 25 urtetik beherakoentzat, udalaren webgunean eta Luis Marianoren turismo-bulegoan.

“Madama Butterfly” opera

1890eko hasieran Nagasakin izandako benetako gertakarietan oinarrituta, “Madama Butterfly” mugarri bat da operaren errepertorioan, eta operaren historiako maisulan garrantzitsuenetakotzat jotzen da.

Clo Cio San geisha japoniarraren tragedia kontatzen du. Clo Cio San maiteminduta dago AEBetako itsas armadako ofizial ziniko batekin (B.F. Pinkerton), eta, ezkondu ostean, ofiziala bere herrialdera itzuliko da. Urte batzuk geroago, berriz agertzen da, emakume amerikar batekin ezkonduta eta bera ez zegoenean geishak izan zuen bien semearen ardura eskatuz. Butterflyk amaiera emango dio izan zuen mendebaldeko ametsari eta bere bizitzari, japoniar estilorik garbienean.

Zinema-opera

Gure saioekin jarraituz, eta programatutako emanaldien aurrekari gisa, hurrengo «Zinema-opera» azaroaren 26an  izango da, asteartearekin, 18:00etan, “Madama Butterfly”ren bertsio batekin. Beti bezala, Amaia KZko hitzaldi-aretoan egingo da eta sarrera doakoa izango da. Paquito Sagüés arduratuko da aurkezpenaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude