Maite Vergara, Alarde Publikoko Jenerala: “Aurten biziko ez duguna, datorren urtean gogoz ospatuko dugu”

Argazkia: Aitor Juaristi

Maite Vergara Alarde Publikoko jeneral lanetan ibili zen joan den urtean lehen aldiz. Osasun krisialdiaren ondorioz, apirileko hilabetearen amaieran alarde publikoko antolakuntzatik 2020. urteko alardea bertan behera gelditzen zela jakinarazi zen. Ekaineko hilabetearen hasierarekin Maite Vergara jeneralak berez sentsazioak azaldu ditu.

Erraza izan da 2020 alarde publikoa bertan behera uzteko erabakia hartzea?
Ez da erabaki erraza izan, baina, apirilean nahiko argi geneukan aurtengo alardea antolatzea ezinezkoa izango zela. Erabaki erraza izan ez arren, hartu beharreko erabakia zela argi ikusi genuen hasieratik, izan ere, segurtasun neurriak alardearen barnean zein kanpoan errespetatuko direla bermatzea ezinezkoa da. Hala ere, erabakia ozen esatea beste kontu bat da, nahiko ez genuen zerbait erabaki behar izan dugulako.

Erabaki konplikatua izateaz gainera, erabaki historikoa ere bada?
Bai, izan ere, momentu ezohikoz betetako urtea bizitzen ari gara eta aurrerantzean ez errepikatzea espero dugu. Okerrena, ordea, ez da erabakia hartzea, baizik eta aurreko hilabeteetan zehar gizarteak sufritutakoa eta sentitutako bakardadea, hori izan da gogorrena. Horren guztiaren ostean gizarteko ohiturak lehenbailehen berreskuratu ahal izateko gure esku dagoen guztia egin behar dugu.

Momenturen batean alardea antolatzeko aukerarik ikusi duzue?
Ez, erabakia apirilaren bukaera hartu genuen eta hor inguruan Iruñeko San Ferminak eta Donostiako Aste Nagusia bertan behera gelditzen zirela jakinarazi zen. Izan ere, ezinezkoa da egoera honetan jaiak kalean ospatzea, beraz, jai birtualak antolatu beharko ditugu.

Nork parte hartu zuen aurtengo alardea bertan behera uzteko erabakian?
Guk junta ireki baten bitartez hartzen ditugu alardearekin lotutako erabakiak. Egia esan, eztabaida gutxi egon zen, jendeak argi baitzuen zer zen egin beharrekoa.

Nola erantzun zuten hiritarrek erabakia ezagutarazi zenutenean?
Kalean zurrumurruak zeuden jada eta jendeak alardearen antolakuntzatik erabaki hau hartzea eta zentzuz jokatzea eskertu digu. Hala ere, jendeak erabakia pena handiz jaso duela onartu digu, nahiz eta datorren urteko alardea paregabea izango den.

Nolako sentsazioa duzu alardeko jeneral gisa alarderik gabeko urte batean?
Aurreko urtean nuen sentsazio berdina, izan ere, nire lehen alardea izan zen jeneral gisa. Joan den urtekoa berezia izan zen eta aurtengoa , berriz, ezohikoa izango da, baina, horrela gertatu dira gauzak.

Alarderik egin ez arren, zereginak izaten jarraitzen duzue?
Egia da, alardea antolatu gabe zereginak era nabarmenean murrizten direla. Izan ere, jaiegunak iritsi aurreko egunetan gauza asko antolatu behar dira, baina, ardurak alardearekin lotura estua dute beti.

Ekainean Irunen alarderik gabe jai giroa antzeman ahalko dela uste duzu?
Jai giroa birtuala izan behar dela uste dut, kaleetan jai giroa aurten guztien artean bizitzea desegokia dela iruditzen zait jendea festetan aztoratu egiten delako. Jende asko elkartu eta aurreko hilabeteetan lortutako guztia pikutara bidaltzea onartezina da.

“Segurtasun neurriak alardearen barnean zein kanpoan errespetatuko direla bermatzea ezinezkoa da”

Alarderik gabe, bestelako ekintzarik antolatzeko asmoa duzue?
Gauzak prestatzen ari gara eta ekaineko hilabetean zehar sare sozialetan partekatuko ditugu antolatutako ekintza guztien albisteak. Horregatik, ekintzen berri izan nahi dutenek Facebook, Instagram, Telegram eta alardeko webgunera adi egon behar dira ekintza guztien berri izateko.

Nola ospatuko dituzu zuk aurtengo jaiak?
Irunen geldituko naiz, baina, ez dakit zehazki nola ospatuko ditudan. Oso aldakorra den egoera bizi dugu, beraz, orain egin daitekeena, baliteke hemendik aste batzuetara gauza bera egitea posible ez izatea. Horregatik, oraindik ez dut ezer prestatu.

Zein mezu bidaliko zenieke irundarrei aurtengo jaien atarian?
Zentzuz jokatu behar dugu atzerapausorik ez emateko. Askotan esan ohi da momentu okerrenetan gauza onenak ateratzen direla eta agian momentu hau aproposa izan daiteke gizartea batu eta elkarrekin egin ditzakegun gauzez jabetzeko.

Datorren urteko alardean pentsatzen hasi zara jada?
Pentsatzen ez dakit, baina, izugarrizko gogoekin biziko dugula argi eta garbi daukat. Aurten bizi izan ez duguna, datorren urtean gogoz ospatuko dugu.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude