Mariño Real Unión taldeko neskek hirugarren mailan jokatuko dute hurrengo denboraldian. Horrela, bigarren urtez jarraian mailaz igo dira denboraldian zehar lortutako emaitza bikainei esker. Mireia Zumeta eta María Díez jokalariek amaitu berri den denboraldiak emandakoaren errepasoa egin dute.
Nola joan da Euskal Ligan jokatu duzuen lehen denboraldia?
Mireia: Egia esan, oso ondo. Espero ez genituen emaitzak lortu ditugu. Gai ginela bagenekien, baina mailaz igotzen zarenean ez duzu espero hain ondo bukatzea eta are gutxiago, beste igoera bat.
7 partidu galdu, 6 berdindu eta 21 irabazi dituzue. Lortutako emaitzak onak izan dira, beraz. Zeintzuk izan dira horretarako gakoak?
Maria: Nire ustez, eguneroko lanari esker izan da. Horretaz gain, gure arteko harremana indartzeko egin ditugun dinamikak ere oso lagungarriak izan dira, horiei esker familia bat izatea lortu dugu.
Mireia: Ikasi dugu garrantzitsuena ez dela zelaian egiten dena bakarrik. Aurten garrantzi handiagoa eman diogu beste alderdi horri.
Aurtengo denboraldia gogorragoa egin zaizue aurkariak bisitatzeko gehiago bidaiatu behar izan duzuelako?
Mireia: Bai, nahiz eta bidaiak ere disfrutatzen diren. Asko oraindik ikasten ari direnez, autobusean festa txikiak ikasketekin tartekatu ditugu, batzuetan liburutegi bihurtuz.
Euskal Ligan jokatzen zenuten lehen denboraldia izanda, zer espero zenuten?
Maria: Egia da, 7 partidu jarraian irabazi genituenean guretzat sekulako poztasuna izan zen. Momentu horretatik aurrera uste dut sinisten hasi ginela hau gure kategoria zela eta gauzatxoak egin genitzakeela.
Mireia: Helburu nagusi bat izan dugu, disfrutatzea izan dena. Horrek lasaitasuna eman digu. Bigarren itzulia hasi zenean helburu hori aldatu nahi ote genuen hausnartu genuen, aukerak genituela ikusita, eta disfrutatzea baztertu gabe, beste helburu batzuk sartzen hasi ginen, iparra galdu gabe.
“Helburua aurreko urteko berdina izango da, hau da, disfrutatzea”
María Díez, Mariño Real Unión taldeko jokalaria
Presiorik sentitu duzue?
Mireia: Askotan guk benetan ez geneukan presioa sentitu dugu, hasieratik ez genuelako igotzeko helburu hori. Disfrutatu nahi genuen, baina oharkabean presio hori apur bat sentitzen genuen. Beraz, presioaren kontua gorabeheratsua izan da.
Reala, Elorrio eta Bizkerre izan dira zuen aurkari sendoenak, ezta?
Maria: Bai, horiek izan dira gure aurkari gogorrenak eta emaitzak hor daude. Hurrengo denboraldian berriro ikusiko dugu elkar.
Mireia: Horrelakoen aurka burua hotz mantentzea izaten da zailena. Izan ere, taulan beherago dauden taldeen aurka partidu gogorragoak jokatu izan ditugu eta.
Nola jakin zenuten berriro kategoriaz igotzea lortu zenutela?
Mireia: Ni ez nintzen bertan egon, baina beste taldeen emaitzaren esperoan ginen, igoera matematikoki erabakiko baitzen.
Maria: Ostegun batean jaso genuen albistea eta talde osoa igoera ospatzeko elkartu ginen elkartean, asteburua izango balitz bezala. Ospakizunekin Bataplaneraino iritsi ginen.
Lorpenaren ostean, nola erreakzionatu dute zuen ingurukoek?
Mireia: Gauza txikiak dira baina ilusioa egiten du zure ingurukoek lorpenarengatik zoriontzen zaituztenean. Horrek ere, lortutakoa barneratzen laguntzen dizu. Jendearen poza kutsatzen zaizu eta maiz partiduetan gurekin batera ospatzera ere hurbildu izan dira asko eta asko. Etxekoek askotan garai txarrak gurekin sufritzen dituzte, beraz, ondo dago haiek ere garaipenaz gozatzen ikustea.
Maria: Nire gurasoek taberna bat dute Irunen eta asko dira bertan zoriontzen gaituzten bezeroak. Benetako ilusioa egiten diela ikusten duzu eta hori pozgarria da.
Lasaiago jokatu zenituzten azken partiduak igoera jada zuena zela jakinda?
Mireia: Denetarik dago, partidu horiez disfrutatzeko gogo handiagoa duzu, presiorik gabe zoazelako. Adibidez, Galen jokatutako partidu oso berezia izan zen guretzat. Emozio asko nahastu ziren bertan, presiorik gabe, baina ondo jokatu nahi izan genuen.
“Nire taldea deskribatu beharko banu, harrotasun hitza erabiliko nuke”
Mireia Zumeta, Mariño Real Unión taldeko jokalaria
Galen jokatutako azken partidua ospakizun modukoa izan zen. Nola bizi izan zenuten?
Mireia: Gehien gustatu zitzaidana izan zen bertan ikusi ahal izan zen kiroltasuna. Partidu nahiko garbia izan zen, futbolari dagokionez interesgarria, baina bukatzerakoan elkarrekin ospatu genuen igoera. Horrelakoek garbi erakusten dute zer den futbola eta zer ez, hau da, baloiaren atzetik korrika egiteko zaletasuna poztasunetik partekatzea.
Kopan ez zenuten lortu nahi bezain urruti iristea, ezta?
Maria: Pena eman zigun, egia esan, Kopan urrutiago ez iristeak. Partidu oso ona egin genuen; nire ustez Realak baino hobeto jokatu genuen. Dena den, futbolean garrantzitsuena golak sartzea da eta bat bera ere lortu ez genuenez, ezinezkoa izan zen.
Mireia: Garrantzitsuena da talde bezala jokatu genuela, nahiz eta gure aurka hainbat faktore eduki. Pena eman arren, ez ginen lur jota geratu, denak oso pozik ginelako egindako denboraldiarekin.
Mireia, zure kasuan azken partidua izan zen, zure futbolari ibilbideari agur esatekoa.
Mireia: Bai, 10 urte egin ditut Mariño klubean eta oso berezia izan zen jendeak nola maite nauen ikustea. Gainera, agurra partidu berezi batean izan zen, beraz, ezin nuen agur hoberik eskatu. Nire taldea deskribatu beharko banu, harrotasun hitza erabiliko nuke. Ez dut inolako hitz txarrik beraientzat.
Nola dator hurrengo denboraldia?
Maria: Oraingoan ere presiorik gabe joan nahi dugu. Helburua aurreko urteko berdina izango da, hau da, disfrutatzea. Denboraldi gogorra izango da, berriro ere, amaitu berri duguna baino gehiago. Maila horretan urte asko daramatzaten taldeak daude eta.
Aurten berriro ere eskualde mailan eta emakumezkoen futbolean erreferenteak zaretela sentitu duzue?
Mireia: Bai, batez ere harrotasuna da inguruan sentitzen duguna. Nik beti esaten dut, futbolak zerbait berezia duela erakargarri egiten duena. Hainbat kiroletan dabiltzan nesken kasuan ikusten dugu, beti azkenean futbolak gehiago tiratzen duela, bat aukeratu behar izatekotan. Ona da inguruan futbol proiektu asko daudelako eta lorpenak edo emaitzak iristen direnean, futbolak gauza asko mugitzen dituela ikusten da eta hori harro egoteko modukoa da.



