Martxo Irun Marketen hilabetea izango da. Hala iragarri zuen Nuria Alzagak Hiri Bultzadako ordezkariak, MercaIrun azokako merkatariekin batera emandako prentsaurrekoan. Azokan hiru espazio berri sortu dira, liburuak trukatu, informazioa emateko, jarduerak antolatzeko eta pop-up negozioetarako. Horretaz gain, online salmenta plataforman erosteko deskontu kodeen bigarren edizioa antolatu da.
Irun.market proiektua Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta Europar Batasunak finantzatzen du, Next Generation EU funtsen bidez. Proiektuaren ardatza inguruko saltokietan digitalizazioa, lehiakortasunaren hobekuntza, jasangarritasuna eta efizientzia sustatzea da.
Nuria Alzagak azaldu dudenez, “martxoan, orain arte egindako lan guztia azpimarratu eta erakutsiko dugu, hiriko merkataritzari bultzada kualitatiboa emateko tresna eta gune berri eta jasangarriak azaldu eta inauguratzen joango baikara”. Hiri Bultzadako ordezkariaren hizetan, “merkatariei kontsumitzaileen joera berrietara egokitzen jarraitzen lagundu nahi die Udalak, eta aldi berean merkatuan lehiatzen, oso aldakorra baita; argi dugu hori”.
Udalak etenik gabe dihardu etorkizuneko azoka eraikitzeko lanean. Eraldaketa hori gauzatzen den bitartean, aurrerapausoak ematen ari da: batetik, liburuak trukatzeko eta informazioa emateko puntu bat (turistentzako liburuxkak, kultur agenda, etab.) eta, bestetik, jarduerak antolatzeko, pop-up negozioak jartzeko eta abarretarako bi gune.
Deskontu kodeak
Bigarren urtez jarraian, martxo osoan, online salmenta plataforman erosteko deskontu kodeak eskatu ahalko dira. Guztira, 30.000 euroko balioa dute kodeek.
Martxoaren 31ra arte eska daitezke kodeak, Udalaren egoitza elektronikoan. Hiri Bultzadako Arloak jakinarazi duenez, pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin ahalko du, eta, gero, mezu elektroniko bat jasoko du: dagozkion bost deskontu kodeak.
Kodeak maiatzaren 5etik ekainaren 15era arte erabili ahalko dira, irun.market plataforman parte hartzen duten establezimenduetan. Besterik gabe, kontsumitzaileak erosketa egin eta nahi duen kodea sartu beharko du.
Kodeak erabiltzeko, hainbat gauza izan beharko dira kontuan:
- Kode bat edo gehiago erabiltzeko, erosketa saltoki bakar batean egin beharko da; hau da, kodeak saltoki batean baino gehiagotan erabiltzeko, erosketak bereizi egin beharko dira. Beraz, saski birtualean establezimendu bateko baino gehiagotako produktuak badaude, kodeak ezingo dira erabili.
- Gehienez ere bost erosketa egiteko erabili ahalko dira kodeak, baina kode guztiak erosketa bakarra egiteko ere erabili ahalko dira, kode bakoitzeko gastua 30 eurotik gorakoa bada ere.
Irun Commerce Lab, prest
Bertako merkataritza berritzeko laborategi berriko lanak bukatzear dira, eta hilabete bukaeran inauguratuko da Irun Commerce Lab, Serapio Múgica kalean: erabilera anitzeko laborategi bat, merkataritzaren esparruan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagune eta esperimentazio gune bat.



