Oiasso Museoak “Iraganerako bidaia zuhaitzen eraztunetan barrena” hitzaldia hartuko du azaroaren 5ean. Dendrokronologia ardatz izango duen hitzaldia 19:00etan hasiko da. Hitzaldirako sarrera librea izango da, aretoa bete arte.
Bertan Josue Susperregi Arkeolan Fundazioko dendrokronologia laborategiko arduradunak eta Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzako Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko arkeologoak dendrokronologiaz arituko dira, kronologia ezezaguneko zurak zehaztasun handiz datatzeko teknikaz eta zuhaitzen hazkundea islatzen dituzten eraztunak aztertuko dituzte horretarako. Hitzaldiak laborategiaren 25 urte baino gehiagoko ibilbidearen emaitzarik garrantzitsuenak errepasatuko ditu, modu atsegin eta eskuragarrian.
Arkeolan laborategia
Aipatzekoa da Arkeolaneko laborategia Iberiar penintsulako zentro bakanetako bat dela, datazio dendrokronologikoan zentratua, eta datazioak ezartzeko behar diren kronologia nagusiak edo erreferentziak egin dituela, XII. mendearen amaieratik gaur egunera bitartekoak. Horrela, ondare historiko eta artistikoaren hainbat elementuri buruzko aurkikuntza garrantzitsuak egiten lagundu du: baserriak, jauregiak, ibai-presak, kaiak, itsasontziak, zurezko altzariak eta abar.



