Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak urte luzez eskatutako bultzada eman diote gaur Irunen osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektuari. Gaur goizean bertan, Arrabatenea kalean kokatutako 7.200 metro koadroko lurzatia lagatzeko eskaera ofiziala erregistratu du Jaurlaritzak Irungo Udalean. Inbertsioa 11,2 milioi eurokoa izango da, eraikinaren obrak zein ekipamendua barne, eta proiektua idazteko lizitazioa datozen asteetan argitaratuko da. Aurreikuspenen arabera, obrak 2027aren amaieran hasiko dira eta bi urteko egikaritze-epea izango dute.
25.000 pertsonarentzako arreta
Azpiegitura berri honek 24.700 pertsona ingururi emango die zerbitzua, Belaskoenea, Elitxu-Lapize, Urdanibia herria, Anaka eta Bentak auzoak barne hartuz. Zentro berriak 3.500 metro koadro inguru izango ditu, eta espazio zabaltasun horri esker, egungo eskaintza nabarmen handituko da. Arreta komunitarioa eta prebentziozkoa indartzeko helburuarekin, figura profesional berriak gehituko dira: psikologoak, fisioterapeutak, optometristak eta kronikotasuneko praktika aurreratuko erizainak (kPAE). Gainera, balio anitzeko kontsultak egongo dira ospitaleko espezialistek ere erabili ditzaten.
Zentroaren barne-antolaketa lau bloke nagusitan banatuko da arreta espezializatua bermatzeko. Ama-haurren arloak pediatriako 10 kontsulta, erizaintza, emagina eta ginekologia zerbitzuak izango ditu. Familiako medikuntzak, berriz, 27 kontsulta hartuko ditu guztira. Horrez gain, erabilera anitzeko eremu bat egongo da proba funtzionaletarako, sendaketa-gelarako eta larrialdietarako, eta azkenik, kanpo-kontsulten eremuan optometria eta balio anitzeko beste lau gela egongo dira. Diseinuak irisgarritasuna eta jasangarritasuna izango ditu ardatz.
Irungo osasun sarearen eraldaketa
Oinaurreko zentroa Bidasoko ESIaren 2025-2035 Gida Planaren parte da, eskualdeko arreta modernizatzea helburu duena. Irunen, sare hau beste bi azpiegiturarekin osatuko da: Irun Berria zentroa eta Alarde kaleko errefortzu-zentroa. Plan berri honekin, 1954ko Irun Erdialdeko Anbulatorioa itxi egingo da, baina Dunboako zentroak martxan jarraituko du. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 51,1 milioi euroko inbertsio konpromisoa hartu du eskualdearekin, Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berria barne (23 milioi euro), herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta diziplina anitzekoa eskaintzeko.




