Urtero moduan, Irungo Udalak 2024ko Olentzero eta Gabon Kanten Jaialdia eta Jaiotza eta Olentzeroen Erakusketa deitu ditu. Abenduaren 24an izango da lehiaketa, 19:00etan hasita, San Juan plazan. Erakusketa, aldiz, Amaia KZn egongo da ikusgai abenduaren 13tik urtarrilaren 5era bitarte.
Hala gabon-kanten txapelketan nola erakusketan bi kategoria egongo dira: 16 urtetik beherakoak eta gorakoak. Parte hartu nahi duten pertsona edo talde guztiek azaroaren 8ra arteko epea dute eskaera aurkezteko, egun hori barne Egoitza Elektronikoaren bitartez. Lehiaketaren oinarriak HAZean bertan edo udal webgunean kontsultatu daitezke.
Jaiotza eta Olentzeroen Erakusketa
Jaiotzak eta Olentzeroak Amaia KZn entregatu behar dira abenduaren 12an eta 13an, 15:00etatik 21:00etara. Jaiotzen gehienezko neurriak 125×100 zentimetrokoak izango dira eta Olentzeroena 200×150 zentimetrokoa.
Gabon-kanten lehiaketa
Gabon-kanten lehiaketako parte-hartzaileek ordezkari bat izendatu behar dute azaroaren 18ko eguerdiko 12:00etan Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirol arloko bulegoetan egingo den bilerara joateko.
Gabon-kanten txapelketan parte hartzen duen talde bakoitzari 100 euroko dieta bat emango zaio. Kategoria bakoitzean 8 talderi emango zaie dieta hori gehienez ere, eta talde gehiago baleude modu proportzionalean banatuko da dieten zenbatekoa. Beren abesbatza jarduerarako Udal honen eskutik nolabaiteko diru-laguntza jasotzen duten abesbatzei 50,00 €-ko saria emango zaie.



