Aurtengo Gabonetako lehen ekintzak aurkeztu dira gaur goizean

Gaur goizean San Juan plazan egindako agerraldian Irungo Gabonak nolakoak izango diren kontatu da. Irungo argiztapenari eta kanpainarako egin den irudiari buruzko xehetasunak ezagutzera eman ondoren, aurtengo Eguberrietarako Irungo planaren berri ere eman dute. Irungo alkate José Antonio Santanok, Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko diputatu Azahara Dominguezek Irunerako Gabonetako kanpainaren berri eman dute ostegun honetan . Aurtengo leloa, “Irun da Plana” da. Ordezkari publikoekin batera, Oiasso Erromatar Museoko kideak ere izan dira, eta baita entitate kolaboratzaile diren merkatari- eta ostalari-elkarteetako kideak ere. Aurtengo kartela, duela gutxi aurkeztua, Patri Taberna ilustratzaile irundarraren lana da, eta bera ere agertu da hitzordura.

“Eguberriak dira Irungo plan izarra. Dena ematen dugu gure aldetik, Irun gozatzeko hiri bat izan dadin. Azken urteotan, ahalegina egin dugu Euskal Herriko turismo-eskaintzaren barruan erakargarriago bihur dadin, eta, dagoeneko, hiria irekia dago bisitatu nahi gaituen ororentzako. Izotz-pistak, txirrista erraldoia, Eguberrietako azoka, argiak, jarduerak hiriko leku askotan… azken batean, adin guztietako jendeari begira egindako Eguberri-kanpaina”, esan du lehen zinegotziak.

Miguel Ángel Páezen hitzetan, “hiriko elkarte-sarearekin batera egindako jarduera-programa indartsu honek hiria dinamizatzea du ardatz. Kanpainako jarduera erakargarrienak merkataritza-inguruetan egingo dira, hala nola Luis Marianon, Pio XII plazan edo Zabaltza plazan, ekonomia suspertzeko eta bertako merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko”.

Bestalde, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolamenduko diputatu Azahara Domínguezek nabarmendu duenez, “Gipuzkoan turismo-jarduera errekor guztiak gainditzen ari den une honetan, gure departamentuak balio handia ematen die horrelako ekimenei, aukera ematen baitute turismo-fluxuak banatzeko eta jarduera urtarokotasunaren menpetik askatzeko. Eta, ondo dakizuenez, departamentutik garrantzi berezia ematen diogu  horri, lanean ari baikara Gipuzkoan turismoa jasangarriagoa izan dadin”.

“Aurtengo abenduan inoiz baino distira handiagoa izango du Irunek, eta familia osoarentzako jarduera-agenda erakargarri bat aurkezten digu. Horregatik, diputatu naizen aldetik, gonbita egiten dut, udalak aurten antolatu dituen argi-ikuskizunez, izotz-pistez eta beste hainbat jarduera erakargarriz gozatzera etortzeko. Izan ere, Irun Gipuzkoako Eguberrietako entretenimenduaren erreferente bihurtu da duela urte batzuetatik”, esanez amaitu du.

Azken urteotako ahaleginari esker, Irun Eguberrietako turismorako leku erakargarri bat gehiago bihurtu da. Urtez urte, lurralde osoko eta inguru hurbileko bisitariak erakartzea lortzen da, hala nola nafarrak eta turista frantsesak.  Hori dela eta, Irungo Udalarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzak ere  parte hartu dute Eguberrietako kanpaina honetan.

Eguberrien atarian galdu ezin diren hitzorduak

Abenduaren 1ean, 18:30ean, argiak pizteko ohiko ekitaldia egingo da San Juan plazan Irungo alkate José Antonio Santanorekin eta Udal Kontserbatorioko haurrekin. Sakagailuari emango diote, eta hiri osoan piztuko dira argiak.

Aurtengo Eguberrietan, 300 apaingarri inguru egongo dira, eta horien artean, bi figura itzel nabarmenduko dira, 3Dn eginak, zazpi metro bider hiru metrokoak. Luis Marianon eta San Miguelen egongo dira. Argiek abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra arte piztuko dira, biak barne, egunero, arratsaldeko 17:30etik 24:00ak arte. Auzoetan, 22:30ean itzaliko dira. Gabon-gauean, urtezahar-gauean eta erregetan gau osoan piztuta egongo dira argiak, egun bereziak dira eta.

Gainera, ohikoa den bezala, erabili diren materialek energia-efizientzia sustatzen dute, eta elektrizitate-kontsumoa murrizten lagunduko dute. Izan ere, gutxiago kutsatzen duen sistema bat hautatu da, nagusiki LED teknologia erabilita (mikrobonbilla, argi-haria, lanpara, etab.).

Eguberriak abian dira, eta jakinda egun horietan gehiegizko otorduak izaten direla familietan,  Ficobak gonbita egiten die herritarrei abenduaren 8tik 10era egingo den Be Veggie jaialdi beganoaren bosgarren ediziora ager daitezen.<0} Be Veggie proposamenak 70 erakusketa-gune izango ditu, eta askotariko aukerak eskainiko dira: % 100 landare-jatorrikoak diren elikagaiak, nahiz bestelako produktu eta zerbitzuak: kosmetika, moda, habitata, ostalaritza eta turismoa… Begano, flexibegano eta begetarianoentzako hitzordua da, baina baita kontsumitzeko eta bizitzeko modu berriak bilatzen ari direnentzako ere.

Izotz-pistak, Irungo eguberrien sinbolo

Eguberri hauetan ere izotz sintetikozko pistak jarriko dira Irungo zenbait tokitan.  Aurten, bi izotz-pista gozatu ahal izango dira. Pista nagusia Luis Marianoko lorategietan jarriko da, abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra arte. Iazko arrakastaren ondoren, Irungo erdialdeak berriro hartuko du herrialdeko izotz-pista handiena, 800 m2 inguruko azalera izango baitu. Zirkuitu formatuko pista bat da, paregabe bihurtzen duena eta xarma berezia ematen diona.

Bigarren pista Sarjia parkean egongo da. 160 m2 izango ditu patinatzeko, eta tirolina batek zeharkatuko du. Irungo leku horretan, umeentzako beste atrakzio batzuk ere egongo dira pista horrez gainera, besteak beste, Eguberrietako herrixka, elementu argidunak, umeentzako jarduera-karpa bat, eta ludoteka-zerbitzu bat ere bai.

Hirugarren atrakzio nabarmena txirrista erraldoia da. Anzaran plazan egongo da.

Pista guztiak eta txirrista erraldoia egun eta ordu beretan irekiko dira:

Ostiralak 15, 17:00etatik 20:00etara.

Larunbatak 16, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara Igandeak 17: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

Astelehenetik (18) ostiralera (22): 10:00-12:00 eta 17:00-20:00

Larunbatak 23: 11:00-14:00 eta 17:00-21:00 Igandeak 24: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

Astelehenetik (26) ostiralera (29): 11:00-14:00 eta 17:00-20:00

Larunbatak 20, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara Igandeak 21: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

Astelehenak 1, 17:00-20:00

Asteartetik (2) ostiralera (5): 11:00-14:00 eta 17:00-20:00

Larunbatak 6, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara Igandeak 7: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

Abenduaren 25ean, egun osoan itxita. (Abenduaren 19tik 22ra, 10:00etatik 12:00etara, ikastetxeek erabili ahal izango dituzte izotz-pistak eta txirrista, aldez aurretik erreserba eginda).

Hona prezioak:

  • 13 urtetik beherakoek: 2 €
  • 13 urtetik beherakoentzako bost sarrerako bonuak: 8 €
  • 13 urtetik gorakoek 3 €
  • 13 urtetik gorakoentzako bost sarrerako bonuak:12 €
  • Izotz sintetikozko txirrista:Tarifa bakarra 1€

Izotz sintetikozko txirrista + pista:

  • 13 urtetik beherakoek: 2,50 €
  • 13 urtetik gorakoek 3,50 €

Eguberrietako azoka, bertako merkataritza babesteko ekimena

Erreferentziazko beste gune bat berriz ere Eguberrietako azoka izango da, bertako merkataritzari eta artisautzari eskainia. Zabaltza plazan hiriko hogei merkatari jarriko dira, xarma handiko egurrezko ohiko etxoletan, jende gehiagorengana iristeko eta egun horietan hirira etortzen diren bisitari ugariei beren produktuak ezagutarazteko. Hauek izango dira artisautzako produktuak eskainiko dituztenak Art Decó, O más cinturomes, Ittoitta, 4eta2, Amaren creaciones, Petit Meraki, N-1, Made.chu, Beliz, Jamel, Gure galtzerdiak, Olifer Cerámica eta Le Muguet. Bertako merkataritzari dagokionez, honako hauek izango dira bertan: Sugar gozogintza sortzailea, Perita fruta-denda, Marrubi Goxokiak, Galarza joskintza-tailerra, KE Albistur, Neska Polita, Uno más, Picking Pack, Grapetxea eta A terriña, besteak beste.

Egun hauetan egongo da irekita: abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan itxita egongo da eta. Ordutegia, berriz, honako hau: goizez, 11:00etatik 13:30era, eta, arratsaldez, 16:30etik 20:00etara.

Animazio gehiago kaleetan

Aurreko urteetan Eguberrietako kanpainei buruz egindako balorazio-inkesten arabera, Irundarrek batez ere ikuskizunak eta kale-animazioa baloratu dituzte. Horregatik, aurtengo Eguberrietan, animazioa indartu egingo da Irungo erdialdean eta merkataritza gehien dauden kaleetan, haietan jende gehiago ibiliko baita.

Abenduaren 16an hasiko da girotzen, Kanpainaren Inaugurazioarekin, eta hainbat jarduera egingo dira Colon ibilbidea zaratatsu bihurtuko dutenak 18:00etatik aurrera.

Abenduaren 23an, eguerdian, Irungo Peña poteo txaranga ospetsuak girotuko ditu kaleak. Giro ezin hobea ziurtatua dago Irungo kaleetan.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 3ra bitartean, giroak ez du etenik izango kalean, eta 18:30etik aurrera, San Juan plazaren eta Colon ibilbidearen inguruetan, hainbat kale-ikuskizun izango dira, Eguberri magikoetan murgil gaitezen:

Abenduaren 26an, Flotados kale-antzerkia ikusi ahal izango da San Juan plazan. Diziplina anitzeko ikuskizun ikusgarria. Dantzaren eta hainbat musika-tresnaren bidez, ikuslea harrituko dute.

Abenduaren 27an, kalejira bat egingo da Big Dancers-ekin. Txotxongilo erraldoien, musikaren, erritmoekin eta mugimendu koreografikoekin sinkronizatutako argi-efektuen ikuskizun bat da… Ikusleak dibertsioaren parte dira.

Abenduaren 28an, Faunia iluminada ibiliko da Colon ibilbidean zehar. Argi- eta kolore-eztanda bat da, flora eta faunaren irudi desberdinak erakusten dituena.

Abenduaren 29an, “Bidaia magikoa eta zeru-aireko ikuskizuna” izenburuko ikuskizunaren txanda izango da. Irunen, mundu liluragarri bat zabalduko da, zoriontasunaren ikerlari diren izaki magikoz eta bitxiz betea. Zepelinen erreinu bat, aireko akrobatak, lorezko bolak eta suzko munduak. San Juanen bukatuko dute, aire-ikuskizun batekin.

Abenduaren 30ean, Irungo kaleetan zehar, PIO XII plazatik Karrika Nagusira Burrumba elektrotxaranga. Irungo txaranga bat da, eta dibertimendua eta festa eskainiko dituzte, abesti herrikoien bertsioak eginez.

Urtarrilaren 2an, Orro egiteko xendra ikuskizun ibiltaria, 5 elefante erraldoirekin, eta soinu eta argiekin.

Urtarrilaren 3an, Ondare kultur elkartekoek kalea girotuko dute Jostalariak izeneko kalejirarekin.

Era berean, Gazteria arloak gazteentzako programa bat prestatu du. Ez da ezer faltako: gaming eta errealitate birtualeko gune bat, sorkuntza-tailerrak eta DJen eta beatbox-en emanaldiak izango dira, besteak beste.

Oiasso Erromatar Museoak ere familientzako tailer-eskaintza bat antolatu du, aurtengo Eguberriak arkeologiaren eta historiaren bidez gozatzeko, abenduaren 16tik hasita.

Jende ororentzako proposamenak

Kanpaina honetako nobedadeen artean, Pio XII plazan kokatuko den jarduera anitzeko karpa nabarmentzen da. Karpa horretan, helduek eta nerabeek adinari egokitutako jarduerak gozatu ahal izango dituzte.  Datozen asteotan, ekimen batzuk xehetasun handiagoz azalduko dira.

Eguberriekin zerikusia duten erakusketak

Jaiotza eta Olentzero erakusketa. Amaia KZko erakusketa-aretoa. Abenduaren 15etik urtarrilaren 4ra arte.

Ordutegia: asteartetik larunbatera, 18:00-21:00; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era (itxita egongo da astelehenetan, eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an).

Jaiotza ipiniko da (Adorazioaren Misterioa) Ermita karrikako iturrian, abenduaren 15etik urtarrilaren 9ra arte.

Tren-maketen erakusketa. Palmera Montero gunea. Abenduaren 21etik urtarrilaren 4ra arte.Ordutegia: 18:30etatik 20:00etara. Itxita egongo da abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean.

Jardueren jarraipena

Kanpainaren programazio guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta baita hiri osoan banatuko diren eskuorrietan ere. QR kode bat sortuko da, mugikorren bidez programa kontsultatu ahal izateko. Era berean, sare sozialetan ere kontsultatu ahal izango da, eta zer aldaketa edo nobedade izan diren ikusi Twitter-eko eta Instagrameko @irun_informa kontuan, #IruneselPlan  #IrundaPlana traol-hitzekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude