Oporrak Bakean kanpaina martxan egongo da otsailaren 15era arte haur sahararrentzat harrera-familiak bilatzeko

2026ko Oporrak Bakean kanpaina martxan dago uda honetan etxean haur sahararrak hartu nahi dituzten familien bila. Programan parte hartu nahi dutenek, otsailaren 15era arte eman dezakete izena. Aurtengo leloa: “50 urtez gure ateak zabalik” da, esperantzari eusteko.

Oporrak Bakean programatik adierazi dutenez, 50 urte dirauen borroka baten ondorioa da,  programa bera. “Sahararrak euren herrian eta euren lurraldean biziko balira ez lukete programa honen beharrik izango”, adierazi dute antolatzaileek. 50 urte betetzen dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik eta 50 urte betetzen dira ia 200.000 lagun Argeliako lurretan dagoen Tindufeko kanpamentuetan bizi direnetik.

Saharar-herria eta sahararrak urte luzez ari dira itxaroten bere eskubideak aitortu eta autodeterminazio erreferendum bidez euren etorkizun politikoa erabakitzeko, Nazio Batuak hitz emandakoa eta legez eta eskubidez dagokiena. Afrikako azken kolonia da Mendebaldeko Sahara eta erbestean eta basamortuan bizi beharra jasateaz gain, gerra ere pairatzen ari den herria da Mendebaldeko Sahara. Dena kontra duen herria baina etsitzen ez duena eta esperantza galtzen ez duen herria da Mendebaldeko Sahara.

Haur sahararrak gure etxe eta familietan hartzeak euren osasunerako duen garrantzia ukaezina da. Errefuxiatu sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen menpe daude eta Oporrak Bakean programan parte hartzea arnas gune bihurtzen da bai parte hartzen duten adin txikiko umeentzat eta baita haien familientzat ere.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Oporrak Bakean ekimenean parte hartzeak gu geu ere aberastu egiten gaitu”. Elkartasun keinu honetan guztiok ateratzen gara desberdin, gugandik asko ikasten duten arren guk eurengandik ere jasotzen duguna asko delako.

Esperantzari eutsiz

Guzti honengatik, aurtengo leloa “50 urtez gure ateak zabalik” da, esperantzari eutsiz. Oporrak Bakean ekimena hori ere badela gogoratu nahi izan dute, esperantza alegia: “Ekimena egingo dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza, herri oso baten esperantza gehien maite dutenek gurera ekarriko dutena; bakearen enbaxadoreak, haur sahararrak” .

Oporrak Bakean programak kanpainaren bidelagun diren guztiei, hau da, agintari, hedabide, elkarte eta norbanakoei, besteak beste, beren esker ona adierazi nahi izan diete. Bestetik, Euskal herritar orori deia luzatzen diete Oporrak Bakean elkartasun ariketa komunitario honetan parte hartu dezaten. “Deia luzatzen dugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan ume saharar bat etxean har dezagun”, azaldu dute antolatzaileek. Bide beretik, gogoratu dute erakunde eta eragile asko dituztela beren alde eta bidelagun eta ardura izan arren, erabaki hau norbanako den arren, erantzukizuna kolektiboa dela. “Zu ere zure etxeko ateak zabaltzera gonbidatzen zaitugu. Zu ere harrera-familia izatera deitzen zaitugu”, erantsi dute parte-hartzea sustatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude