Padel Indoor Bidasoakoak buru-belarri dabiltza XXIII. Irun Hiria Txapelketa antolatzeko lanetan

Padel Indoor Bidasoak aurten ere txapelketa antolatuko du Irungo festetara begira. XXIII. Irun Hiria lehiaketa izango da aurtengoa, ekaineko lehenengo asteburuan, 5etik 8ra bitarte, jokatuko dena. Jokalari federatuentzako txapelketa izango den arren, Huntz Gartzia eta Jon Arocena Padel Indoor Bidasoako jabeek txapelketa ikustera eta gozatzera gonbidatu dituzte eskualdeko padelzale guztiak.

Nola doaz aurtengo txapelketaren prestakuntzak?

Jon: Ondo, dagoeneko txapelketa hastear da eta. Izen-emateak laster irekiko dira. Aurtengoa 23. edizioa izango da. Gipuzkoako Federakuntzako probetariko bat da, hain zuzen ere, probarik zaharrena. Irunen San Marcial-Txingudi hasi zen txapelketa antolatzen eta klub hori itxi zenean, guk oinordetzan jaso genuen beti Irungo Sanmartzial festen inguruan antolatu izan den txapelketa hau.

Federakuntzak antolatzen duenez, bereziki jokalari federatuentzako izango da, ezta?

Jon: Hori da, jolastu ahal izateko Euskal federazioan federatua egon behar zara. Gipuzkoako klub bakoitzak proba bat antolatzen du eta hau da gurea. Bizkaian eta Araban gauza bera egiten da. Euskadi mailan badira gehiago puntuatzen duten beste froga batzuk. Kirol ia guztietan bezala, padelean ere badago Euskadiko txapelketa, aurten guk antolatuko duguna. Bigarren aldiz egingo den zerbait izango da eta oso garrantzitsua da Euskadiko txapelketarik garrantzitsuena baita. Aurten, urte bukaera aldera, iraila edo urrian jokatuko da.

Bi txapelketa garrantzitsu izanda, prestaketa lanak handiak izango dira, noski

Jon: Lan handia da, bai. Guk 8 pista dauzkagu, kalitate handikoak, eta beraz, Donostiako Riberas kiroldegiarekin batera pista gehien dituen kluba gara. Gainera, babesle zintzoak ditugu, asko laguntzen digutenak eta haiei esker sari onak izaten ditugu. Beraz, jendea pozik dator txapelketetara eta emaitza ona izaten da.

“Txapelketa mailaka antolatzen da, bakoitzak dauzkan puntuen arabera”

Jon Arocena, Padel Indoor Bidasoako jabea

Klubeko jokalariek jaietako txapelketan parte hartu ohi dute?

Jon: Bai, gehienak klubekoak dira, baina Gipuzkoako zirkuituko froga denez, beste klubetako jendea ere etorri ohi da, proba puntuagarria da eta. Gainera, etxeko klubeko txapelketa denean, errazagoa da jendea jolastera animatzea. Kasu honetan, jokalarien heren bat bertakoa izango dela pentsatzen dugu. Gure jokalari gehienak eskualdekoak dira; Irun, Hendaia edo Hondarribikoak. Hala ere, badugu ere Lezo edo inguruko herrietako jendea ere.

Nola aurreikusten duzue aurtengo txapelketak izan dezakeen maila?

Huntz: Txapelketak izena ematen duten jokalarien araberako iraupena izango du, ekaineko lehen asteburuan zehar jokatuko da, ekaineko 5etik 8ra dena jarraian, federatuen txapelketa bat delako. Jende askok izena emanez gero asteartean ere hasiko litzateke, oso albiste ona izango zena. Antolaketa lanez Jon arduratzen da, niri dena ia prestatua uzten dit eta ni antolatutako hori guztia txapelketan zehar aurrera eramateaz arduratzen naiz.

Jon: Txapelketa mailaka antolatzen da, bakoitzak dauzkan puntuen arabera. Normalean, gizonen kasuan maila gehiago egon ohi dira eta emakumezkoetan gutxiago, baina pixkana emakumezkoen padela ere goraka doa. Espainia mailan parekatuago dagoen arren, hemen polikiago doa hazkundea. Beraz, gizonezkoetan 5 edo 7 maila egon daitezke eta emakumezkoetan 2 edo 3. Mailaka koadro bana antolatzen da, 16 bikoterekin. Finalak igande arratsaldean jokatzen dira, federazioak streaming bidez ematen dituenak.

Huntz: Geroz eta maila gehiago daude, padelak azken urteetan izandako gorakada handia dela eta. Horrela, maila ertaineko kategoriak asko hazi dira, bereziki jolasten hasiberria den jendea delako etxeko txapelketa jokatzeko animatzen dena. Batez ere pandemiaren ostean gorakada handia izan zen, murrizketarik gabe jokatu zitekeen kirol gutxietako bat zelako.

Jon: Padelari beldurra galdu behar zaio, federatu arren, ez delako oso maila altua behar jokatu ahal izateko. Egunero jokatzen den edozeinek jokatu dezake txapelketa hau. Beraz, oso erraza da kirol hau praktikatzen hastea, ez duelako ez teknika, ez indar eta ez forma fisiko handiegirik eskatzen. Ondorioz, talde mixtoetan ere jokatu daiteke. Gainera, partiduak bukatzean alderdi sozialak ere garrantzi handia du padelean. Askok diote post-padela padela bezain garrantzitsua dela.

Helduez gain, eskola ere baduzue, txikitatik jokalariak trebatzeko.

Huntz: Bai, txapelketetarako prestatzeko eskola dugu, baita eskola arrunta ere. 6 urtetik aurrerako jokalariekin lan egiten dugu. Batzuek urte gehiago irauten dute jolasten, beste batzuek gutxiago. Helduentzako ere baditugu ikastaroak eta arratsaldero gure 8 pistetatik 3tan ikastaroak izaten ditugu, beraz jende asko pasatzen da bertatik. Beste pistarik izango bagenu ere, beteko genuke, itxaron zerrenda dugu eta. Oporraldietan intentsiboak ere eskaintzen ditugu, astebeteko iraupenarekin irailetik ekainera doan ikasturteaz gain.

“Maila ertaineko kategoriak asko hazi dira, bereziki jolasten hasiberria den jendea delako”

Huntz Gartzia, Padel Indoor Bidasoako jabea

Jon: Gure kasuan, txapelketetarako eskola edukitzeak bereizten gaitu. Dani Abad monitore irundarra dugu eta federazioko teknikaria izateaz gain, gurekin lan egiten du buru-belarri. Bera da lehiaketa eskolako burua eta horri esker Gipuzkoako eskola nagusia dugu gurea, maila oso altukoa.

Nola lortu duzue azken urteetan jendea erakartzea?

Jon: Apur bat denetatik. Ahoz aho partekatutako esperientziek asko laguntzen dute. Telebistan dauden zirkuituak ere geroz eta gehiago ikusten dira eta horri esker jendea animatzen da. Jokatzen erraza da eta gainera dibertigarria, beraz horrek asko laguntzen du. Gure aldetik edozein animatzen dugu kirol hau proba dezan.

Amaitzeko, zer aurreikuspen dituzue aurten Irun Hiria Txapelketara begira?

Jon: Jada oso ezaguna den txapelketa izanda, maila handiko jokalariak izan ohi ditugu beti. Udara beti beherakada garaia da padelean eguraldi onaren eraginez; neguan aldiz jendeak gehiago jokatzen du. Dena den, aurtengo txapelketan iazko markak gainditzea espero dugu. Beti 100 jokalariak gainditu ohi ditugu eta aurten ere horrela izatea nahiko genuke. Horregatik, guk jokalari guztiak bertan parte hartzera animatzen ditugu, bai federatuak daudenak eta ez daudenak federatu daitezen, edo behintzat ikustera etor daitezen, partidu oso politak dira eta.

Huntz: Aurten Euskal Liga izeneko beste txapelketa ere badago eta jende asko bertan jokatu ahal izateko federatu denez federatu berri asko dauzkagu. Ondorioz, aurten klubean federatu kopurua bikoiztu egin da eta maila ertaineko jokalari asko jaietako txapelketan parte hartzeko animatuko direla uste dut. 120 jokalarira iritsi gaitezkeela uste dut eta mutiletan 8 edo 9 maila izatea primerakoa litzateke eta nesketan 4ra iritsiz gero ere apartekoa. Gainera, etxeko jokalari asko badaude giroa beti hobea da, post-padela gehiago luzatzen delako.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude