San Markos egunak esanahi berezia du haur irundarrentzat. Ama bitxia etxera opil bat eskuan duela hurbiltzen den egunaren sinonimoa da. Eta nola ez, 2023ko apirilaren 25ean Opilaren Eguna ospatu zen Irunen, amabitxiak eta ahaideak batzen dituen usadioa.
Urtero apirilaren 25a iristen denean zapore gozo bezain paregabe hori Irungo etxeetara sartzen da. Ohiturak eraldatzen doazen heinean, San Markos ospakizuna bizitzeko moduak ugaritzen joan dira. Etxean egindako Opilek hiriko gozotegietan erositakoekin partekatzen dute orain eguneko protagonismoa. Ilusioa aldiz, opila etxean landua izan edo ordaindua izan, berdin berdina da, amabitxiak besoetako seme edo alabari dion maitasuna bezain aparta.
Txita, arrosa koloreko arrautzak, lumak eta txokolatezko apaingarriak egun oparitzen diren Opilen elementu bereizgarriak dira, nahiz eta zerikusi gutxi izan ohitura honen hastapenean erabilitakoekin. Osagaiez gain, eguna ospatzeko moduak ere askotarikoak dira. Batzuek Irungo elizan egiten diren Opilen ohiko bedeinkazioen lehenengo ilaran egon nahi duten bitartean, beste batzuek nahiago izaten dute beren kabuz mendira erromesaldian joan, jaia lagunekin eta familiartekoekin gozatzeko.
Opilaren ospakizunak bizkotxoa bera bezain askotarikoak dira. Baina horrek ez du esan nahi ohitura desagertzeko arriskuan dagoenik, ezta gutxiago ere, argazkiek ondo erakusten duten bezala.