Santiago-La Bañera Auzo Elkarteak, Irungo Udalaren laguntzarekin, ‘Musika arratsaldean!’ jardunaldia antolatu du datorren iganderako, urriak 18, auzoko kaleak musikaz eta ahots koralaz betetzeko asmoz. Santiago auzoko abesbatzen topaketa honetan hartuko dute parte Atzokoak, Náyade Abesbatza eta IGA Abesbatzek.
Egitaraua 17:30ean hasiko da, parte hartuko duten taldeek musika eta abestiak eramango baitituzte Santiago auzoko hainbat txokotara. Ondoren, 18:00etan, hitzordu nagusia Auzo Elkarteko plazatxoan izango da, bertan kontzertu bateratua eskainiko baitute bertaratutako abesbatza guztiek elkarrekin.



