Super Amara BAT taldeak asteburu bikaina bizi izan du Espainiako bi hitzordu garrantzitsutan: 16 urtez azpikoen Pista Estaliko Txapelketan (Salamanca) eta Master Txapelketan (Antequera). Emaitzak ezin hobeak izan dira, BATeko atletek dominak, marka pertsonalak eta finalista postu ugari lortu baitituzte, klubaren maila altua berretsiz.
Imad Zuhaitz Urrutia gazteak erakustaldi historikoa sinatu zuen Salamancan. Jauzi hirukoitzean, Espainiako txapeldun izendatu zen 13.87 metroko marka ikusgarriarekin, bere marka pertsonala nabarmen hobetuz. Gainera, asteburua borobiltzeko, brontzezko domina lortu zuen luzera-jauzian 6.43 metroko jauziari esker.
Adur Errazquinek ere distira egin zuen 16 urtez azpikoen mailan. 1000 metroko proban, 22. postutik abiatu arren, finalerdietan sekulako hobekuntza lortu zuen (2:39.99), finalerako sailkatzea lortuz eta Gipuzkoako errekorra berdinduz. Finalean, Espainiako 10. Postua eskuratu zuen (2:41.71), txapelketa osoan erakutsitako progresio azpimarragarria borobilduz.
Master mailan
Antequeran jokatutako Master Txapelketan, Susana Ruizek brontzezko domina eskuratu zuen 400 metrokoan (F50 mailan) 1:07.26ko denborarekin, eta laugarren postuan amaitu zuen 800 metrokoan. Isabel Hernándezek ere maila ederra eman zuen F40 kategorian: laugarren izan zen 60 metrotan (8.48), bere marka pertsonala onduz, eta hamargarren 200 metrotan. Bestalde, Victor Madejonek ahalegin handia egin zuen 800 metrotan (M55), lesio batek baldintzatuta egon arren proba amaitzea lortu baitzuen.
Hurrengo erronkak
Klubak ez du atsedenik hartuko, eta martxoaren 14-15eko astebururako hitzordu bikoitza du. Batetik, Jose Antonio Gómez de Arriba eta Jon Urtizberea Espainiako Maratoi Txapelketan lehiatuko dira. Bestetik, 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatuko da eta bertan lehiatuko dira Naia Piquer (1500m), Hai Duong Alzaga (400m), Iker Piñeira (200m), Eñaut Arburua (200m) eta Iker Anaut (konbinatuak).



