
Cerealien ospakizunetan.
Irungo Oiasso Museoak aurrerapauso garrantzitsua emango du datorren apirilaren 11n: erromatar termak musealizatu eta inauguratuko ditu. Bai, azkenean Oiassoko Termak ikusgai egongo dira. Eta irekiera ekitaldi berezi honen harira, ostiraleko irekiera ofizialaren ondoren, asteburu osoan zehar termak doan bisitatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei eta bisitariei. Oiassoko Termetako zorua: Opus Spicatum
Irekiera ekitaldi honek 2000 urte garamatza atzera, Termak eraiki ziren garai haietara, eta gustura ikusi nahiko genuke nolakoa izan ote zen antzinako Oiasson, lehenengo aldiz, termak ireki zituzten egun hura, ezta?
Bai, imajina dezakegu eraikin oso dotorea, hirigunean eta Txingudiko badiari begira, portuaren goiko aldean, ederra benetan, eta Oiassoko hiriari berrikuntza ikaragarria ekarriko ziona gainera. Eraikitzen ari zirenean, seguru aurrera eta atzera ibiltzen zirenen jakinmina ase ezina izango zela, bai gazte eta baita adinekoena ere; muturra sartu nahian ibiliko ziren, baita emakume edota gizonezkoena, eta klase sozial guztietakoak ere hurbilduko ziren, eraikina nola gorpuzten zen “kontrolatzera”, gaur egun ere egiten den bezalaxe. Eta seguruenik lanean ari zirenek behin eta berriz galdera ber-bera entzungo zuten: “Noiz irekiko dira Termak?” Bi mila urte pasa badira ere, galdera berbera egiten dute museora gerturatzen diren bisitariek. Eta jakin-min berberarekin begiratzen aritu dira musealizazioaren lanek aurrera nola egiten zuten.
Oiassoko termen irekiera egun hura ahaztezina izango zen! Musikariak, jaki oparoak, agintariak, merkatari, errementari, jostunak, eta herritar arruntak ere bilduko ziren instalazio berriak ezagutzeko eta erabiltzeko, denak termetara sartu eta ikusi nahian. Egun hartan seguruenik ez zuen inork lan egingo, ez meategietako langileek, ez portuko marinelek, eskolak ere hutsik egongo ziren, eta esklaboak ere apain jantziko ziren egun hartan. Azokan oihalak, jakiak, zeramika eta beste hamaika produktu gogotik salduko ziren. Eta jakina, jainkoei eta jainkosei eskerrak eman, gazteek dantza egin, lagunak elkartu, bapo jan, edan eta… baten batek ur hotzetako piszinan bukatuko zuen, seguru. A ze festa!
Duela 2000 urte, gainera, apririlaren 11n, Fortuna Primigeniaren eguna ospatzen zen. Egun hori, Termen irekiera egunarekin batera, Oiasso Museoak gorriz gordeko du, izan ere, Fortuna Primigenia, Jupiterren alaba zaharrena zen. Horrexegatik Primigenia izena, eta bere lehendabiziko izenak dioen bezala zorte onaren jainkosa zen, alegia, emankortasunaren jainkosa. Beraz egun hori ospatzeko badugu bigarren arrazoi sendoa, eta erromatarrei ospakizunak erruz gustatzen zitzaizkiela kontutan hartuta, haien omenez guk ere festa ederra antolatuko dugu, irundarrok ere festazaleak gara-eta.
Oiasso Museoa dagoen lekuan egotearen arrazoia Termak hor aurkitu zirelako da. Museoa ireki zenean garaiko krisiak ez zuen termen eraikina aurrera eramaten utzi. Orain ordea, 19 urte geroago, Udalaren ahaleginez eta Europar Batasunak aktibatutako funtsen bidez, termak berreskuratzeko proiektua finantzatu ahal izan da. 2023ko udazkenean hasi ziren obrak, eta orain, 2025ean, amaitu dira. Eta zorion eta fortuna handiak ekarriko dizkio, erromatar garaiko termen indusketa-arkeologikoak museoari gehitzeak. Museoan dagoeneko badauden erromatar portuaren pieza arkeologiko ikusgarriez gain, Oiassoko eguneroko bizitzaren elementuez aparte, Ama Xantalengo nekropolia ere bisitagarri dago, berrituta, eta gainera, Irugurutzetako meatzeak ere laster zabalduko dira ikusleentzat, hauek ere berrituta, eta guzti horrez gain, Termak topatu ziren lekuan dauden aztarna arkeologikoak ikusgai egongo dira. Horrek, zalantzarik gabe, Irun gure historiaren erreferente bilakatuko du, eta erromatar garaiko ohiturak eta bizimodua hobeto ezagutzeko aukera paregabea eskainiko digu.
Ospakizunerako prest?