Oiasso Museoak datu historikoekin ospatu du terma erromatarren aztarnategia ireki zenetik bete den lehen urtea. Azken hamabi hilabeteetan, museoak 40.204 bisitari hartu ditu guztira, bai erakusketa iraunkorrean, bai antolatutako jardueretan (Dies Oiassonis jaialdian edo FICABen, besteak beste). Zifrarik aipagarriena, ordea, erakusketa iraunkorrak lortu du: 21.149 pertsona hurbildu dira termak ikustera, museoa sortu zenetik izandako kopururik altuena.
Datuen azterketak erakusten du termen irekierek irundarren eta museoaren arteko harremana estutu dutela. Tokiko bisitarien kopurua % 44 igo da, eta guztira 11.832 irundarrek bisitatu dute zentroa. Joera bera ikusi da Gipuzkoako biztanleen artean (% 36ko igoera) eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan (% 23ko hazkundea). Gaur egun, bisitarien herena irundarra da eta hiru laurdenak Euskal Herrikoak dira, eta horrek agerian uzten du aztarnategiak hurbileko publikoa erakartzeko duen gaitasuna.
Ondarea, turismoaren motorra
Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, bisita kopurua hirukoiztu egin da eta herritar askok behin baino gehiagotan errepikatu dute esperientzia. Alkatearen ustez, termak aukera bikaina izan dira “hiritarren eta Oiasso Museoaren arteko lotura indartzeko”, eta hiriaren historia erromatarra eta ondarea ezagutzera datozen kanpoko bisitariak erakartzeko balio izan dute.
Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak ere balantze positiboa egin du, eta adierazi du ondarean inbertitzeak emaitza zuzenak ematen dituela turismoko eskaintzan. “Irunek erakutsi du asmatu egin dugula ondareko elementuei balioa ematean”, adierazi du Alzagak. Ildo horretan, aurreratu du Irugurutzetako labeak irekitzea izango dela hurrengo urratsa hiriaren eskaintza kulturala eta turistikoa indartzen jarraitzeko.
Urtebete pasa da Oiasso Museoko terma erromatarren aztarnategia publikora ireki zenetik. 1996an aurkitutakoak, mugarri horrek hiriaren proiekzio kulturala eta ondarea indartu egin ditu. Inauguratu zirenetik, espazio horrek behar bezalako balioa eman dio Irungo historia erromatarraren aztarna garrantzitsuenetako bati, museoaren ibilbidean txertatu baita eta ezagutzera eman baita bai hiritarrei bai hiria bisitatzen duten pertsonei. Termak berreskuratzeak eta irekitzeak, gainera, museoaren kultur eskaintza indartzen lagundu du, eta lurraldeko turismo- eta ondare-erreferentea bilakatu du.



