“Través” proiektuaren ibilbidea hastear da, Ribera Bekaren emaitza izango dena

2025eko maiatzaren 12an jakinarazi ziren Ribera Bekaren irabazleen izenak. Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi Gonzálezek tandem formatuan aurkeztutako “Través” proiektua irabazleetako bat izan zen. Irabazleek azaldu dutenez, Performance batean bukatuko den sorkuntza prozesu komunitario bat izango da.

Laborategi honek ura bizi-printzipio gisa gorputzaren bidez arakatzera gonbidatzen du, ibilbide sentikorrak eginez. Urak materia zeharkatzen du, eta inposatutako mugak desegiten ditu. Mugimenduaren eta afektuen bidez, uraren ezaugarri konektiboak eredu hartuta, jendarte bizigarriago baten alde ikertuko dute. Bidasoa ibaia hainbat ertz, hizkuntza eta oroimen elkartzen diren lekua da. Proiektuaren egileen hitzetan, “banaketaren logika hausteko gai den horren sinbolotzat hartzen dugu”.

Horretarkao, bost saio antolatu dituzte, indibidualtasunetik ateratzeko keinuan murgilduko dira ingurunearekin harreman berriak esploratuz. “Maitasunaren afektua zeharkako ardatza izango da, munduarekin harremanetan mantentzen gaituen energia izanik: nahi dugun errealitatea sortzeko indar iraultzailea, alegia”, azaldu dute Ageda Blascok eta Izaro Ieregik.

Talde ireki batekin lan eginez, bost saiotan zehar, gorputz-ariketak eta irakurketa/idazketa sortzailearen bidez, Bidasoa ibaiaren inguruan eta entsegu-aretoetan elkartuko dira. Azken saioa performancean lan egiteko erabiliko da, eta jendaurrean aurkeztuko da nahi duten parte-hartzaileekin. Saio horiek sorkuntza-prozesua osatuko dute eta artikulazio formal eta performatibo batekin amaituko da.

Parte-hartze irekia

Laborategi hau maila, esperientzia eta gorputz guztietara irekita dago. Edonor batu daiteke. Ez da beharrezkoa aldez aurreko prestakuntza izatea gorputz eta arte praktikan; esploratzeko eta partekatzeko jarrera da garrantzitsuena. Beraz, jakin-mina duten guztiak bertan parte hartzera gonbidatzen dituzte traves.laborategia@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Bekaren irabazleek aipatu dutenez, plazak mugatuak izango dira.

5 saio

Guztira, 4 orduko 5 saio egingo dira; guztiak, larunbat goizetan. Lehen saioak “Gorputz anonimoak” izenburua izango du. Saio honetan Niaren eta Bestearen nozioak landuko dituzte. “Gure gorputzak erlazioan ulertuko ditugu, materia gisa”, azaldu dute antolatzaileek. Bigarrenean, “Ahotsak ikutu”, ahotsaren eta gure gorputzaren arteko harremana aztertuko da. “Soinua duen hori, barruko/kanpoko egoera liminal gisa ulertzea” izango da helburua. Hirugarrenak berriz, lurraren eta uraren arteko harremana landuko du, ibaiaren ertzetik ibiliz, flotagarritasun-ariketak eginez. “Gorputz likidoen, gorputz kalteberen bidez eusteko sentsazioarekin konektatuko dugu”, azaldu dute Ageda Blascok eta Izaro Ieregik.

Laugarren saioan ur bataioa egingo dute, bakoitzaren grabitate-puntuarekin lan eginez horretarako. Urak eskaintzen dizkigun grabitate forma ezberdinak objektu puzgarrien laguntzaz esperimentatuko dituzte. Azkenik, bosgarren saioan, entseguaren txanda izango da, Performancearen aurkezpena jendaurrean egiteko.

Dinamizatzaileak

Ageda Blasco Egia Humanitate eta Komunikazioan lizentziatua da , Genero Harremanetan eta Ikasketa Feministetan doktorea izateaz gain, bere ezagutzak artearen eta hitzaren bidez transmititzeko gai izan da. Izaro Ieregi González berriz, Arte Ederretan lizentziatua eta euskal kulturaren transmisioan espezializatua da, eta bere ibilbide profesionalak arte erakusketa ugaritan lan egitera eraman du, eta performance eta proiekzio edo tailer askotan ere parte hartu du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude