ADIFek gaur hasi ditu trenbidearen inguruan abandonatuta dauden pabiloiak eraisteko lanak. Zehazki, Motos de Irun izeneko pabiloian hasi dira lanean. Horretarako, goizean goizetik, Ertzaintzak, Irungo Udaltzaingoaren laguntzarekin, barruan zeuden pertsonak atera egin ditu. Irungo Udaletik jakinarazi dutenez, Via Irun berroneratze urbanorako proiektuaren parte ez diren eraikuntzetan jardungo da, horiek bertan uzteak sortzen zituen egoera arriskutsuak direla eta.
Motos de Irun pabiloia izan da lehena, narriadura-maila handiena zuen pabiloia baitzen. Gainera, segurtasunari dagokionez, aurri-egoeran zegoen.Gaur hasitako lanez gain, Katea auzoan trenbide artean dagoen nabe txiki bat kentzea ere aurreikusten da. Eraikin hori ere ez da erabiltzen, egituran kalte handiak ditu gainera.
Irungo Udala, Hiri-diziplinako zerbitzuaren bitartez, ADIFekin koordinatuta ari da lanean beharrezko argibide teknikoak helarazteko eta egoera txarrean dauden nabeak pixkanaka eta modu seguruan eraistea bermatzeko.
Via Irun proiektua
Via Irun proiektuaren esparruan, Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak babestutako interes historiko-arkitektonikoko eraikinak berreskuratuko dira, bai eta, babestuta egon gabe ere, ondare-interesa dutenak eta trenbidearen integrazioan eta geltokiarekiko loturan eraginik ez dutenak ere. Horien adierazgarri dira Aduana Zaharraren burualdeko eraikina eta “Pequeña Velocidad” pabiloia.
Gainontzeko eraikin guztiak degradazio-egoera aurreratuan daude, eta horrek konplexuagoa egiten du birgaitzea. Horregatik, aurri-egoeran edo egiturazko baldintza oso eskasetan dauden gainerako eraikinak ADIFekin, espazioaren jabearekin, lanean ari dira segurtasuna bermatzeko eta trenbide-eremuaren eraldaketan aurrera egiteko.



