
Datorren larunbatean, martxoaren 14an, Hendaiako Ondarraitz estadioak Nesken Errugbi Egunaren lehen edizioa hartuko du, Txingudi Errugbi Klubak eta Stade Hendayaisek elkarlanean antolatuta. Hendaia eta Irungo klubek bultzatutako ekitaldi honek goiz osoan zehar 10 urtetik gorako neska guztiak bilduko ditu, kirol hau probatu nahi duten guztiei zuzenduta.
Antolatzaileen helburua adin guztietako emakumezko jokalariak elkartzea da, errugbi eskolako txikienetatik hasi eta senior taldeetako kideetaraino, errugbia edozein emakumerentzat eskuragarria dela erakutsiz, haien baldintzak edozein direla ere.
Errugbiaz gozatzeko egitaraua
Jardunaldian zehar, hezitzaile tituludunek eta esperientziadun jokalariek gidatutako tailer ludikoak eskainiko dira kirolaren berezitasunak ezagutzeko. Goiza borobiltzeko, plakajerik gabeko 5eko errugbi partiduak jokatuko dira, eta partaideak adinaren arabera banatuko dituzte zelai ezberdinetan, haurrek, nerabeek zein helduek beren espazio propioa izan dezaten. Interesgarria da aipatzea bi klubetako harrobietako neskez gain, amen taldeek ere parte hartuko dutela. Izan ere, Txingudiko eskolako amek ostiralero izaten dituzte entrenamenduak eta, larunbat honetan, Bera Berako amek osatzen duten Blasfemmes taldearekin partekatuko dute zelaia.
Guztiek batera bazkaldu ondoren, kirolaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da bi errugbi partida nagusirekin. Lehenik, 14:00etan, Entente de la Nivelle emakumezkoen 18 urtez azpiko taldeak Akitania Berriko txapelketako partida jokatuko du Hazparneren aurka. Ondoren, 15:30etan, Biok Txingudik Uni Bilbao Bren aurka neurtuko ditu indarrak Euskal Ligako jardunaldian. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, hau izango da emakumezko kadete eta senior taldeak zelai berean jokatzen elkartzen diren lehen aldia, emakumezkoen errugbiari ikusgarritasuna emanez.



