Txingudikoek emakumeak errugbira erakartzeko jardunaldia antolatu dute larunbaterako

Argazkia: Emakumezkoen taldeak Valladolideko El Salvadorrekin aurten egindako entrenamenduaren irudia (Iturria: Txingudi errugbi kluba).

Emakumeen Errugbi Eguna ospatuko du Txingudi Errugbi Klubak irailaren 27an, larunbatean. Errugbi jokoak, opariak, hirugarren denbora eta, amaitzeko, senior taldearen lagunartekoa prestatu dute Plaiaundira gerturatzen direnentzat. Klubetik apustu sendoa egin nahi dute aurten emakumezkoen senior taldearen alde.

11:00etan entrenamendu saio berezia antolatuko dute, gerturatzen diren neskak elkar ezagutu eta errugbiarekin lehenengo kontaktua egiteko aukera izan dezaten.

12:00ak aldera, beroketa egin eta gero, partaideak taldetan antolatuko dira beraien arteko “tokata” txapelketatxoa jokatzeko. Modalidade honetan ez dago plakaketarik eta baloia azkarrago mugitu behar da defentsan zuloak aurkitzeko.

Saioa amaituta, 14:00ak aldera, hirugarren denbora dastatu eta opariak jasoko dituzte parte hartzeagatik senior mailako lagunartekoa ikusten duten bitartean, Biok Txingudik Zaragozako Ibero jasoko baitu.

Emakumezkoen errugbiaren aldeko apustua

Klubetik apustu sendoa egin nahi dute aurten emakumezkoen senior taldearen alde. Zuzendaritzako kidea den Xabi Sánchezek azpimarratu duenez, “urteak eman ditugu ahaleginetan emakumezkoen senior taldea atera nahian eta gure momentua duela hiru denboraldi iritsi zen. Orain, talde honek harrobia behar du eta horretan ari gara”.

Izan ere, neskei zuzendutako eskaintza berria sortu du klubak harrobiaren proiektua garatzeko. “Astelehenetan, 18:00etatik 19:00etara, neskentzako soilik izango den entrenamenduak egingo ditugu, plakaketarik gabeko modalitatea praktikatuz, gure kirola ezagutzen ez dutenei sarbidea errazteko”, azpimarratu du Sánchezek.

Larunbateko jardunaldia mugarri izan dadin nahi dute klubetik emakumezkoen errugbiaren aldeko apustuaren bidean.

Denboraldiaurrea martxan

Larunbatean ere, Hernanin, 16 eta 18 urte azpiko taldeek denboraldiaurreko bigarren konpromisoa izango dute bertako taldearekin 10:30etatik aurrera.

16 urte azpikoak Iruña eta Madrilgo Arquitectura izan zituzten arerio aurreko astean jokatutako lagunartekoan eta 18 urte azpikoak Argentinako Euskal Etxea eta La Unicaren aurka aritu ziren liga hasi aurreko lehenengo norgehiagokan.

Gizonezko seniorrak larunbat arratsaldean Mutriku eta Zaragozako Iberorekin jokatuko du Plaiaundin, 16:00etatik aurrera. Aurreko astean Uribealdearen aurka partida txukuna jokatu zuten eta sentsazio honekin dabiltza.

Igandean, egitaraua ixteko, 14 urte azpikoak Bera Bera eta Zarautz/Beltzak taldeen bixita jasoko dute Plaiaundin 11:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude