Udal azoka birmoldatzeko kontzeptualizazio azterketak merkatua eraberritzeko ibilbide-orria ezarri du
Irungo Udalak Azoka birmoldatu eta kudeatzeko bideragarritasun azterketaren ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta urbanistikoak aurkeztu ditu, ingurumenaren ikuspuntua kontutan izanik. Azterketaren emaitzak, udal talde politikoen artean aurkezteaz gain, postuen esleipendunen eta azokarekin harremana duten eragileen aurrean jarri ditu ditu. Proposamenak azoka berri eta erakargarri bat proposatzen du, hiriaren egungo beharretara egokitua, epe luzean jasangarria eta bideragarria den eredu batean oinarrituz.
Irungo Udaleko Nuria Alzagak azokan bertan postuen esleipendunen ordezkari batzuekin batera azaldu duenez, “garrantzitsuena da azokak martxan jarraitzea bermatuko dugula azaltzea, eta postu baten esleipendun izaten eta salmentan jarraitu nahi dutenek horretarako aukera izango dutela”. Alzagak azaldu du proiektuak azoka eraldatuko duen eredu berri bat duela jomugan, betiere haren muinari eusteko asmoz. “Azken batean, argi eta garbi dugu azoka nahi dugula, erosketak egiteko ez ezik baita hirian topagune berri bat izateko ere, soziala eta gastronomikoa, aisialdiko eta kultur arloko jarduerak ere eskaintzen dituena; erakargarri berri bat”, erantsi du Irungo lehenengo alkateorde eta Bultzada Ekonomikoko ordezkariak.
Garai berrietara egokitua
Gaur egun, azokaren okupazioa partziala da, hamahiru postu bakarrik baitaude okupatuta; diru sarrerak mugatuak dira; eta ez dago inbertitzeko gaitasunik. Bada, aipatutako azterketaren arabera, testuinguru horretan, bideraezina da autokudeaketa eredu bat ezartzea baldin eta espazio fisikoa, eskaintza eta kostuen eta diru sarreren egitura sakon eraldatzen ez badira. Hori dela eta, zeharkako kudeaketa eredu profesional bat ezartzea planteatzen du azterketak (operadore pribatu bat kontzesioduna izatea), eta arauzko esparrua eta estrategia komertziala egungo ingurunera egokitzea.
Bideragarritasun Planak azoka berri bat proposatzen du: azalera txikiagoa, erabilera berriak (adibidez, lokal komertzial independente berri bat, multzo osoaren motor ekonomikoarena egingo duena) eta zerbitzu osagarriak emateko guneak, hala nola sukaldaritza gela, janari arina, dastaketa, produktu gastronomikoen denda, eramateko janaria eta gastronomiaren inguruko aisialdiko eta kultur arloko jarduerak.
Proposamenak barnean hartzen ditu, besteak beste, bezeroentzako mahaiak dituen okindegi eta kafetegi bat eta lorategi bat ere –biak ala biak, sarreran–, baita taberna bat, erosteko esperientzia hobetzeko eta egungo kontsumo ohituretara egokitzeko zerbitzuekin batera.
Azkenik, dokumentuak beharrezkoa izango litzatekeen inbertsioa estimatzen du. Gehienez ere 2,5 milioi eurokoa izango litzateke, eta % 60 Udalak jarriko luke, eta gainontzeko % 40a, enpresa esleipendunak. Nuria Alzagak aipatu duenez, “azterketaren arabera, planteamendua bideragarria izango bada, kudeaketak zeharkakoa izan behar du, eta, horretarako, enpresa batek inbertsioa egiteko interesa izan behar du”. Udal ordezkariak gaineratu du, “proposamena erakargarria eta malgua izateko moduan prestatuko ditugu pleguak, eta ordenantza ahalik eta zabalena izango da, enpresak negozio eredu berriarekin identifikatuak eta erakarriak senti daitezen”.
Azoka berreskuratzeko plana
Udalbatzak 2024ko otsailean egindako osoko bilkuran, MERCAIRUN SL enpresarekin sinatutako kudeaketa kontratuaren suntsiarazpen aurreratu eta adostua onartu zen. Horren ondorioz, Udalak azokaren titulartasunaren % 50 baino gehiago berreskuratu zuen, eta hura birdimentsionatu eta modernizatzeari ekin ahal izan zion: Alzagak oroitarazi duenez, Udalak 21 postu huts berreskuratzea lortu zuen, eta artean martxan zeuden hamahiruek behin-behinean martxan jarraitzea.
Ordutik, Udalak azoka suspertzeko hainbat neurri hartu ditu: postu batzuk aldi baterako erabiltzeko egokitu ditu, informazio eta irakurketa puntu bat sortu du, erdigunea irekia izateko eta topaketa eta jarduera komertziala sustatzeko modukoa izateko lanak kontratatu ditu…
Era berean, laguntza teknikoa kontratatu du, azokari beste norabide bat emateko eta hura birposizionatzeko. Emaitza Udal azoka birmoldatzeko kontzeptualizazio azterketa da, 2025eko urtarrilean entregatua eta Udaleko talde politikoekin, postuen orduko esleipendunekin eta Azokako Jabeen Erkidegoarekin adostua.
Azkenik, 2024ko otsailean hasitako prozesuaren beraren esparruan, Udalak bideragarritasun azterketa hau sustatu du, ikuspuntu tekniko, ekonomiko eta urbanistikotik eta ingurumenaren ikuspuntutik azoka eredu “errealista, orekatu eta iraunkor bat” bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak sakon aztertzeko. Bada, dokumentuak oinarri batzuk finkatzen ditu, azoka birdimentsionatzeko, egungo eskarira egokitzeko eta efizientzia, irisgarritasun eta kalitate irizpideekin bat etorrarazteko.



