Azken lau urteotan Irungo Udalak 18,5 milioi euro eskuratu eta kudeatu ditu hirian hainbat proiektu estrategiko sustatzeko; besteak beste, mugikortasun jasangarriaren eta transformazio digitalaren esparruko proiektuak eta ekipamendua hobetzeko, gizarteratzea sustatzeko eta ekonomia suspertzeko proiektuak. Cristina Laborda alkateak laguntza ekonomiko horien balantzea egin du gaur.
13,5 milioi NextGenerationEU funtsetatik eskuratu ditu, eta gainontzeko bost milioiak, berriz, Eusko Jaurlaritzatik, Aduana zenaren eraikina zaharberritzeko eta Irun Commerce Lab sortzeko nagusiki. Era berean, alkateak azpimarratu du zer-nolako ahalegina egin duten Udaleko langileek eta zer-nola inplikatu diren toki administrazioak Europako deialdien berezko eskakizun maila handiak eta estandar zorrotzak betez bideratzeko funts horiek: “Hiriak azken urteetan jaso duen diru injekziorik handiena da, eta, hari esker, gure ekonomia dinamizatzen eta hiria modernizatzen laguntzeko eta Irun jasangarriagoa izateko proiektuak martxan jarri edo bizkortu ahal izan ditugu. Alegia, hirian sustatzen eta garatzen ari ginen proiektuei bultzada bat eman ahal izan diegu”.
Lehenik, mugikortasun eta jasangarritasunaren esparruan, aipatzekoak dira hiri barruko garraioa modernizatzeko eta isuri gutxiko eremuak sortzeko jarduketak eta irisgarritasuna hobetzeko berrurbanizazio lanak, guztira 5,4 milioi euro inguru egiten duten bi deialdi, baita MOVES III ere, ibilgailu elektrikoak erosteko eta energia berriztagarriak darabiltzaten autokontsumo instalazioak sustatzeko programa; zehazki, batetik, Irunbusen linea guztien elektrifikazioa, 5. linearen sorrera –hori ere elektrikoa izango da, eta Ficoba, Mendibil, erdialdea eta Lapitze goialdea lotuko ditu– eta autobusen modernizazio eta digitalizazioa eta, bestetik, San Juan plazaren inguruko kaleen berrurbanizazioa, Ermita eta Santa Elena karrikena eta Gaztainondo kaleko igogailua.
Bigarrenik, kulturaren eta ondarearen esparruan, besteak beste, Oiasso Museoko terma erromatar berriak eta Museoaren eskaintza osatzeko elementu interaktibo eta teknologikoak finantzatu dira, Irugurutzetako labeen birgaikuntza –bi milioi euro jarri dira proiektu bakoitzerako–, Urdanibiako ospitalearen birgaikuntza –interes kulturaleko ondasuna da Urdanibiako ospitalea–, CBA liburutegiko funtsen berrikuntza, eta Sonia Etxezarreta mahai teniseko teknifikazio zentroaren erreforma.
Hirugarrenik, transformazio digitalaren eta administrazioaren modernizazioaren esparruan, Irun 4.0 proiekturako 234.000 euro baino gehiago jarri dira, eta Irun Market plataformaren bidez hiriko merkataritza digitalizatzeko ekimenak sustatu dira, besteak beste.
Laugarrenik, enpleguaren eta kohesio sozialaren esparruan, Lehen Esperientziak programarako milioi erdi euro baino gehiago bideratu da, sektore publikoan gazteak kontratatzeko, eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak eta diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenak gizarteratu eta laneratzeko ibilbideak sortu dira.
Azkenik, gune komertzialak eta merkatuak modernizatu eta biziberritzeko 1,6 milioi euro baino gehiago jarri dira, hala nola Poxpologile kalea berrurbanizatzeko, eta inbertsio espezifikoak egin dira, udaletxeko leihoak ordezkatzeko adibidez.
Proiektu horien guztien bidez, inoiz ez bezalako inbertsioa egin da hirian, Europak errekuperazio eta erresilientziarako ezarritako jasangarritasun, digitalizazio, kohesio eta garapen helburuen ildotik.
Aduana birgaitzeko proiektua
Europako funtsetatik eskuratutako 13,5 milioi euroez gain, Irungo Udalak beste bost milioi euro jaso ditu, Aduana zenaren eraikina zaharberritzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hiriguneak oneratzeko finantzatu dituen proiektuen barruan.
Aduana zena egokitzeko prozesua 2023an hasi zen, eta, ordutik, ez du etenik izan. Urte hartako maiatzean, Tokiko Gobernu Batzarrak higiezina Estatuko Administrazio Orokorrari erostea onartu zuen, eta, behin 1,6 milioi euro baino gehiago ordaindu eta eraikina bereganatuta, hura zaharberritzeko prozesuari ekin zitzaion, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako Sailaren bost milioi euro inguruko dirulaguntza bati esker –500.000 euro hiriko merkataritza berritzeko gunerako erabili dira, Irun Commerce Laberako–.
Horrela, zenbateko hori eta Europako funtsena gehituta, guztira, hiriak 18,5 milioi euro eskuratu ditu bere proiektu estrategikoetarako.
NextGenerationEU funtsak
2020ko uztailean, Kontseilu Europarrak NextGenerationEU funtsak sortu zituen: 800.000 milioi eurotik gorako aldi baterako errekuperazio tresna bat, COVID-19 pandemiak eragindako kalte sozial eta ekonomikoak konpentsatzeko. Ekimenaren helburua Europa ekologiko, digital eta erresilienteagoa izan zedin bultzatzea zen, eta orduko eta ondoko erronkei aurre egiteko prestatuago egon zedin, eta haren muina errekuperazio eta erresilientzia mekanismoa zen: estatu kideei erreforma eta inbertsioak finantzatzeko diru-laguntza eta maileguak ematea, betiere aurrez hitzartutako helburu batzuk betetzen bazituzten.
Espainian, Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bitartez bideratzen dira NextGenerationEU funtsak. Errekuperazio, Transformazio eta Erresilientzia Plana Espainia mailako estrategia bat da, zeharkako lau ardatz dituena oinarri (trantsizio ekologikoa, transformazio digitala, lurraldearen kohesioa eta genero berdintasuna) eta hamar palanka politikak (30 osagaik edo ekintza ildok) egituratzen dutena; hau da, ekonomia modernizatzeko, ongizate estatua sendotzeko eta garapen jasangarri eta inklusiboagoa sustatzeko aukera historiko bat da.



