Jon Ugarte Obrak, Mantentzea eta Azpiegituretako ordezkaria Sancho de Urdanibia Jauregian izan da gaur goizean, eraikin osoko birgaitzeko lanen emaitza in situ ikusteko. 2/2012 Dekretuak Kultura Ondasun Kalifikatu gisa aitortzen du Urdanibiako Ospitalea, EAEtik igarotzen den Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren kategorian.
Ordezkariak adierazi duenez, “funtsezkoa da hiriko gune historikoak zaharberritzen jarraitzea, denboraren joanean iraupena bermatzeko”. Gainera, eraikinaren irisgarritasuna hobetu da, Irungo bizilagun guztiek bertara sartzeko aukera izan dezaten. Jon Ugarteren hitzetan, “Zalantzarik gabe, ilusio handia egiten digu obra-amaiera iragartzea”.
Egindako lanak
Estalkiaren estaldura erabat ordeztu da, isolamendu termikoa sartuz, inpermeabilizatuz eta teilazko estaldura osoa berrituz. Hormen kapilaritate-arazoak konpondu dira. Kanpoko fatxadak zaharberritu dira, lehendik zegoenaren antzeko akabera emanez, eraikinaren estetika ez aldatzeko.
Bestetik, fatxadako harrizko elementuak zaharberritu dira. Zegoen igogailua aldatu da. Ate automatikoak jarri dira sarreran, irisgarritasuna bermatzeko. Barruko argiterian LED teknologiadun argiak jarri dira.
Europako funtsak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak –Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren bitartez– eta Irungo Udalak hitzarmen bat sinatu zuten kultura-intereseko ondasunak turismo-erabilerarako mantentzeko eta birgaitzeko proiektu jasangarriak gauzatzeko (Urdanibiako Ospitalea, adibidez, Donejakue bideari lotuta, EAEtik igarotzen den zatian), eta hitzarmen horren esparruan gauzatu da jarduera, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan. Europar Batasunak 500.000 euroko dirulaguntza eman du, eta egindako gastuaren % 100 finantzatu da kopuru horrekin.



