Hamarnaka saltoki eta ehunka erosle biltzen dira larunbat goizetan Irungo Urdanibia plazan eta ospitale zaharraren aurrean. Ikuskizun bitxia da azoka txikia, aspaldiko bizimoduaren oinordekoa. Saltzaileek oihuka iragartzen dituzte produktuak. Erosleak berriketan gelditzen dira edozein izkinatan, poltsa, karro eta guzti. Zortzi hilabete pasa dira azoka Urdanibira bueltatu zenetik. Urte osoa egin zuen lehenago erbestean, Dolores Salis kalean, plaza zaharberritzen ari ziren bitartean.
Itxura modernoa du Urdanibia plazak. Baina mantendu ditu ezaugarri historiko eta bereizgarriak: petrila, iturria, aska eta zuhaitzak. Larunbatetako azoka txikia ere berreskuratu du, joan den otsailaz geroztik. Hamarkadetan Urdanibia plazari lotutako elementua izan da. Eremu naturalera itzuli da, beraz. Nortasun handiko jarduera da merkatua. Aski da itzuli txiki bat ematea bitxikeria asko antzemateko. Azokak hiru zati bereizi dituela, esaterako. Oinetakoak, arropak eta oihalak saltzen dituzte Urdanibia plazaren alde batean. Bestean, baserritarrak eta etxeko produktuak eskaintzen dituztenak egoten dira. Ospitale zaharraren atarian, bestelako elikagaiak saltzen dituztenak. Saltzaileen eta produktuen jatorria askotarikoa da. Fermin Muguruzak ondo deskribatu zuen azokaren aniztasuna, Azoka Eguna abestian: “Munduari bira Irun herrian”.
Adinari dagokionez, berriz, homogeneoagoa da azoka. Saltzaileen artean ikusten dira neska-mutil gazteak. Diru iturri gehigarria da azoka haientzat. Erosleen profila, ordea, finko samarra da. Egoi Herrero saltzaile irundarrak onartu du bezero gehienak adineko emakumeak direla. Olaberria auzoko Itziar Irastorzak baieztapena berretsi du. Alabaina, beste errealitate baten berri ere eman du: “Hurbiltzen diren gazteen artean, gehiago dira gizonezkoak”. Herrerok bezero fidelak mantentzen dituen arren, azaldu du gero eta gehiago konparatzen duela jendeak saltoki ezberdinen artean: “Garai batean kalitateari begiratzen zitzaion, batez ere. Orain, aldiz, prezioari garrantzia handia ematen dio bezeroak”.
Zaila izaten da erosleen erabakiak azaltzeko arrazoi orokorrak topatzea. Hala ere, nahiko argi dago azoka txikiaren abantailak zeintzuk diren. “Jendeak badaki bertako produktuak izaten direla, etxekoak. Guk sasoiko barazki freskoak eskaintzen ditugu, bezperan bildutakoak”, gogoratu du Itziar Irastorzak. Bezeroarekiko harremana ere azpimarratu dute saltzaileek. Gertukoa dela adierazi du Irastorzak: “Supermerkatu batean erosita, tomatea txarra baldin bada, ez zara kontu eske joango. Edo esango duzu zer edo zer, baina ez espero erantzunik. Merkatuan, berriz, bezero batek esaten baldin badit tomate bat ez zela ona, beste bat emango diot”.
Iritzi kontrajarriak kokapenaren inguruan
Saltzaileak eta bezeroak Urdanibia plazako kokapen berrira ohitzen ari dira oraindik. Azoka txikia ez baita plazako lanen aurrekoaren berdina. Denetariko iritziak daude. “Plaza ondo dago, oso polita da”, aitortu du Miguel Ángel Camacho zapata saltzaileak. Gogorra izan da, baina, merkatuaren kokapenaren aldaketen ondorioei buruz hitz egiterakoan: “Dolores Salis kalean egon ginenean, urte oso bat zakarretara bota genuen. Jendeak etortzeko ohitura galdu zuen, eta ezin izan dugu lehengo maila berreskuratu”. Erdigunetik urrunago dagoenez, azoka txikira astero hurbiltzeari utzi zioten bezero batzuek. Maiztasunak behera egin zuen nabarmen. “Kontuan hartu behar da gehienak helduak direla, eta oinez etortzen direla, karroarekin”, gogoratu du Egoi Herrerok.
Abantailak ere bazituen, ordea, Dolores Salis kaleko kokapenak. Doan aparkatzeko lekua dago inguruan, eta bezero askok baliatzen zuten. “Autoz etortzen zen jendearentzat erosoa zen. Produktu gehiago, eta pisutsuagoak eros zitzaketen. Fruta-sal-tzaileek nabaritu dute gehien”, nabarmendu du Itziar Irastorzak. Urdanibia plaza berritzearekin batera, TAO sistema ezarri dute inguruko aparkalekuetan. Horrek kalte handia egin die urrutitik etortzeko ohitura zuten erosleei. Iparraldeko jende askok Irungo azokara hurbiltzeari utzi diola baieztatu du Irastorzak. Lehen hilabeteetan bezeroek jasotako isunen kopurua esanguratsua izan da. Herrerok uste du udaltzainek “zorrotzegi” jokatu dutela.
Saltzaileei ere eragiten die aparkalekuaren arazoak. 9:30ak arte autoak sartzen uzten diete, produktuak deskargatzeko. Gero, saltoki bakoitzeko norbaitek aparkaleku bila eraman behar izaten du kotxea, eta 13:30etan bueltatu, materiala jasotzeko. “Dolores Salis askoz erosoagoa zen, autoa ondoan utz genezakeelako”, aipatu du Irastorzak. Kritikoa da emakumea Urdanibia plazako kokapenarekin, eta eragozpen gehiago ikusten ditu, gainera: “Urdanibian edozein jai dagoen bakoitzean lekualda-tzen gaituzte. Udan batez ere, genero gehien dugun garaian”. Dena den, azokaren arazorik handiena ez da kokapena, ezta aparkalekua ere. “Merkataritza gune handiek eta multinazionalek garamatzate galbidera”, salatu du Miguel Angel Camachok. Kontsumo ohiturek aspaldi hartutako no-rabidea da azoka txikiaren etsai.