Uzta aberatsa eman du Adour-Bidasoa lehiaketak

Arte erakusketa anitza hartu du Amaia KZk. Estilo eta teknika ezberdinetako margolanak ikus daitezke erakusketa aretoan. Figuratiboak, abstraktuak, eta abangoardiako lan modernoak. Adour-Bidasoa Margo Lehiaketako lanak dira, epaimahaiko kideek hautaturikoak. Urriaren 11ra arte egongo dira Amaian. 24.edizioa bete du aurten Irungo Udalak antolatzen duen Adour-Bidasoa lehiaketak.

SONY DSC

Sari banaketa bitxia izan da 2015eko Adour-Bidasoarena. Finalistak, beste parte hartzaileak, epaimahaiko kideak, senideak, politikariak, kazetariak eta bestelako begiluzeak bildu dira aretoan. Baina hiru irabazleetako bakarrak ere ezin izan du sari banaketan egon. Distantzia izan da errudun. Badajozkoa da lehen saria irabazi duen artista, Ciudad Realen dagoen Malagón herrikoa epaimahaiaren sari berezia jaso duena, eta Lugokoa lehiaketako gazterik onena. Amaian egon ez diren arren, hurbildutakoen txalo zaparrada jaso dute.
Lehen saria irabazi duen lanak, Melchor Balsera Maldonadorenak, Olfato du izena. Paper-ohol gainean egindako akrilikoa da. 2.500 euroko saria eman diote. Gainera, Irungo Udalaren arte bildumaren parte bilakatuko da. Laura Medida Soleraren Sobre el dolor obrak jaso du epaimahaiaren sari berezia. Diptiko handia da, 150×150 zm-koa. Teknika mistoa erabili du autoreak, paperaren gainean. 500 euroko saria eman diote, baita artista gazte onenari ere. Eduardo Varela Fernándezek jaso du azkena, La Pintura en tela de juicio lanagatik. Mihise gaineko olioa da. Hiruei udal zeramika tailerrean egindako plaka bana eman diete.
Lan deigarriak dira irabazleak. Ausartak. Helena Elbusto epaimahaiko kideak onartu du abangoardiako lanak hautatzeko joera dutela. Arrazoiak eman ditu, gainera: “Abangoardiako gaiak eta teknikak aukeratzen dituenak ausardia erakusten du. Kontuan hartu behar da Udalaren bilduma zabaltzea dela lehiaketaren helburuetako bat. Gaurkotzea da asmoa, eta horretarako, abangoardiako lanak behar ditugu”. 77 lan jaso dituzte guztira, era askotarikoak. “Paisaia margotzen dutenek lan zoragarria egin behar dute irabazi ahal izateko, abangoardiako lanei aurre egin nahi baldin badiete. Batzuek lortu dute, horregatik dira finalista”, adierazi du Elbustok.
Epaimahaiaren eta parte hartzaileen arteko komunikazioa azpimarratu dute
Epaimahaiko kideen irizpideak azaldu ditu Helena Elbustok. Gainera, bakarka xehetasun gehiago emateko aukera proposatu die parte hartzaileei. Baina galdera ere luzatu die: “Zergatik erabaki duzue lehiaketan parte hartzea?”. Finalista izan den Ana Salegui donostiarrak onartu du lehiaketetan finalista edo saritu izateak aurrera egiteko “indarra” eta “konfiantza” ematen diela: “Estudioan gaudenean ez gaitu inork ikusten. Lehiaketak balorazioa jasotzeko aukera ematen digu”. Epaimahaiko kideen hurbiltasuna ere azpimarratu du donostiarrak: “Nik lana aurkezten dudanean, gustatzen zait jakitea emaitzak zeintzuk izan diren, eta horien arrazoiak ere bai. Lehiaketa honetan epaimahaiko kideen informazio zuzena jasotzen dugu”.
Aurten ere aitorpen zintzoa egin diete, abangoardiako lanen alde. “XX. mende hasierako abangoardiez ari baldin bagara, ez dira horren abangoardia”, zehaztu du Aitor Rentería finalistak. Ana Saleguiri ondo iruditzen zaio teknika eta gai berrien aldeko hautua. Baina ez du bere burua abentura horretan murgiltzeko gai ikusten: “Gaztea eta ausarta izan behar da teknika berriekin ausartzeko. Ni ohiko brotxarekin eta pinturarekin konformatzen naiz”. Renteríak ere gazteen esku utzi du abangoardiari hel-tzeko ardura: “Gazteek beste formazio bat jaso dute, eta bestelako mentalitatea dute”.

SONY DSC

Irundarrik ez da izan aurten Adour-Bidasoako 10 lehenengoen artean. Helena Elbustok gogoratu du margolanak baloratzerakoan ez dutela egileen berri izaten: “Datuen gutun-azalak itxita egoten dira, irabazleak hautatzen ditugun arte”. Pena handia du, hala ere, irundarrik ez dutelako hautatu. Dena den, probabilitatea eskasa zela nabarmendu du, gutxi izan baitira parte hartzaile irundarrak. “Gazte asko ari dira Arte Ederrak ikasten, baina ez dira lanak bidal-tzera ausartzen. Ez dakit zergatik, aukera ona delako obrei ikusgarritasuna emateko, profesionalekin hitz egiteko eta ikasteko”, adierazi du Elbustok. Urtero egiten dute antzeko eskaria. 2016an 25 edizio beteko ditu Adour-Bidasoak. Aitzakia aproposa izan daiteke lanak aurkezteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude