2021eko Bidasoko Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiak 27 zinta hautatu ditu lehiaketara aurkeztutako filmen artean

Irungo Udaleko Kultura Saila, Oiasso Erromatar Museoaren bidez, Bidasoko Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdiaren (FICAB) 21. edizioa prestatzen ari da, eta azaroaren 15etik 20ra iritsiko da hiriko pantailetara. Lehiaketaren egoitza izango dira Amaia KZ, Donostiako Aquariuma, Orona Fundazioaren egoitza eta Oiasso Museoa.

Aurten 66 film jaso ditugu, hainbat herrialdetakoak, hala nola Iran, Georgia, Errusia, Costa Rica edo Poloniakoak. Hautatutako 27 zinten artean, Frantziakoak, Italiakoak eta Espainiakoak dira gehienak, baina nabarmentzekoa da guztien kalitate bikaina eta lantzen dituzten askotariko gaiak. Batzuetan gerra garaian museo arkeologikoetako arduradunek sentitzen duten ezinegona erakusten da, beste batzuetan Homo sapiensaren inguruko azken ikerketak edo urpeko lan arkeologiko itzelak, baita artista batek arkeologiari egiten dion ekarpenari buruzko zinta bat ere…

«FICAB bueltan da urtero bezala eta berriz ere ilusio handiz ospatuko dugu urterik urte ekartzen dizkigun film ugarietako istorioengatik harrituta uzten gaituen zinema-jaialdi bat. Bi hamarkadatik gorako ibilbidea bete du programak, eta guztiz errotutako jarduera bat da orain. Gainera, argi uzten du arkeologiaren eta kulturaren alorreko ikerketa bultzatu, hedatu eta sustatzeari eman nahi diogun garrantzia, kasu honetan, gainera,publiko guztientzako zinema-proposamen baten bidez» nabarmendu du Juncal Eizaguirre ordezkariak.

Jaialdiaren egitarauari dagokionez, film hautatuak ohiko hiru emanaldietan banatuko dituzte, eta 30 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Goizeko saioan, ikastetxeei zuzendutako Hezkuntza Atala eskainiko da. Aurten ere, Orona Fundazioaren laguntzari eta babesari esker, ikuspegi pedagogiko onena duen filmaren saria emango da. Saio horietan, Maria Intxaustegi urpeko arkeologoa egongo da. Ikertze elkarteak unitate didaktiko bat sortuko du, gazte horientzat pentsatua, eta atal horretan proiektatuko diren zintetako batean oinarrituko da.

Irungo arratsaldeko emankizunak ohikoak izango dira, 17:00etan eta 19:00etan, eta sarrera doan izango da lekua bete arte. Arratsaldeko saioetan Xabier Peñalver izango da aurkezlea. Epaimahaia ikus-entzunezkoen eta arkeologiaren munduko profesional prestigiotsuek osatuko dute, eta Bizinemarekin elkarlanean antolatutako sariak banatzeko ekitaldian emango du epaiaren berri, sariketari amaiera emateko.

Jaialdiaren onlineko bertsioari ere eutsiko zaio, emanaldiak telematikoki jarraitu nahi dituztenentzat (hala hezkuntza atalari nola sail ofizialari dagokienez). Iaz jarri zen abian eta oso harrera ona izan zuen.

«Iaz, egoera zail batean, hogeigarren edizioa egin genuen. Aurten gure 20 + 1 urteurrena ospatu nahi dugu, edizio honetan hautatutako film bikainak ahalik eta jende gehienarengana hurbiltzeko erronkarekin eta zinemaren eta arkeologiaren grina gure publiko guztiarekin partekatzeko, bai eta Amaia KZra, Oiasso Museora, Aquariumera edo Orona Fundazioaren auditoriumera hurbiltzen diren guztiekin ere», diote Oiasso Museotik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude