300 errugbi jokalari bilduko ditu eskolarteko topaketak larunbatean Plaiaundin

Biok Experimental Shopping Txingudi Badia, eskualdeko errugbi taldearen topaketa, apirilaren 26an jokatuko da. Txingudi errugbi klubak Plaiaundin antolatutako txapelketan, 10 eta 12 urte azpikoak eta, aurten estreinakoz, 14 urez azpiko mailetako taldeek hainbat norgehiagoka jokatuko dituzte.

Txingudi, Baztan, Orereta, Saint-Jean-de-Luz Olympique, Rioja, Sarako Izarra, Saint-Pée UC, SA Mauléon, Universitario Bilbao eta Emak Hor Arrangoitze-Basusarri klubetako talde ezberdinak lehian izango dira Plaiaundiko berdegunean pazko asteko larunbatean.

Jokatzen lehenak 10 eta 12 urtez azpiko mailetakoak izango dira, 10:30etatik 13:00etara eta, hirugarren denbora dastatzen duten bitartean, 14 urtez azpiko taldeen norgehiagokak ikusi ahal izango dituzte, 14:30etatik 17:00etara jokatuko baitira.

Txapelketaren helburua ondo pasatzea denez, ez da lehiakorra izango, partaide guztiek domina eta Artiach eta Aneto babesleek emandako produktuak jasoko dituzte eta, gainera, errugbiaren balioekiko aparteko jarrera erakusten duten jokalariek sari berezia izango dute.

Partidak jokatzen diren bitartean, Txingudiren merchandisinga erosi ahalko da Plaiaundiko tabernaren inguruan. Goizean zehar, Oiasso txarangako kideek musikatuko dute ekitaldia eta haurtxoko zerbitzua eskainiko da ere.

Klubetik azpimarratu dutenez, “denboraldiko topaketarik garrantzitsuena bilakatzen ari da txapelketa hau. Aurten talde berriak etorriko dira gurera errugbiaz gozatzera eta oso pozik gaude horregatik.”

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude