Irungo Udaleko Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako Arloak Babes Zibilaren 2024ko lanaren balantze ona egin du. Udaltzaingoaren eraikin berean, Babes Zibilaren egoitzan emandako prentsaurreko batean, Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkari Iñigo Bergesek, Segurtasunerako zuzendari Ana Fernándezek, Larrialdietako teknikari Iñigo Echeparek eta Babes Zibileko buru Emilio San Juanek aurreko ikasturteko jarduna azaldu dute, eta 2025erako proiektuak iragarri.
2024an, guztira, Babes Zibileko boluntarioek 71 aldiz esku hartu zuten, 1.268 orduz: % 60, kultur eta kirol arloko eta aisialdiko ekitaldietan; % 22,53, alerta egoeretan eta larrialdietan; eta % 16,90, prestakuntza eta gizarte gaietan. 2024an, ez zen izan eguraldiarekin zerikusia zuen garrantzi handiko alertarik, eta garrantzi txikikoek ez zuten eragin kalte materialik ez lesio pertsonalik.
Iñigo Berges ordezkariaren esanetan, estimatu eta aintzat hartzekoa da Babes Zibileko boluntarioek egiten duten “lan itzela”. Ordezkariak gogoratu du urte osoan ematen dutela laguntza, kirol lasterketan eta ekitaldi publiko eta sozialetan segurtasuna bermatzen, Bidasoa ibaiak gainezka egiteko arriskua dagoenean uholdeen kontrako uhateak jartzen, alerta egoeretan esku hartzen… Gainera, ordezkariak boluntarioen garrantzia azpimarratu du: “boluntarioek garrantzi handia dute hiriko larrialdi eta ekitaldietan”.
Urtarril, otsail eta martxoan eta irail eta urrian, alerta abisu gehiago eman ziren, Behobia parean eta Stadium Gal futbol zelaiaren ondoko bidegorrian Bidasoa ibaiak gainezka egin zuelako itsasgora handiengatik, baina Babes Zibilak aurrea hartu, eta uholdeen kontrako uhateak jarri zituen bertan. Urri, azaro eta abenduan, berriz, haizete bortitzengatiko alertak zirela-eta esku hartu behar izan zuen, zuhaitzak eta beste objektu batzuk erori zirela eta.
Bestalde, prestakuntzari dagokionez, boluntarioek hainbat ikastaro egin zituzten: Babes Zibileko boluntario izateko oinarrizko ikastaroak, lehen laguntza ematekoak, bihotz-birikak bizkortzekoak, mendian nork bere burua babesteko eta beste erreskatatzekoak eta larrialdietan arreta psikologiko eta soziala ematekoak.
Lan ildo berriak
Aurten, Babes Zibilak bi proiektu berri jarriko ditu martxan, prebentzioa eta lana hobetzeko. Batetik, komunikazio analogikoa berreskuratuko du: 2016tik hona, Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren arteko komunikazioa digitala da, baina, badaezpada, errepikagailuak ez badabiltza ere irrati eta talkie bidezkoa berreskuratzea erabaki da.
Bestetik, ikusita iaz errekak oso gainezka egin zuela Jaizubia zaldiketa eskolaren eta Txingudi ikastolaren artean, eurite bortitzetan Jaitzubiko errekako arriskuak aztertzea erabaki da, beharrezkoak diren prebentzio neurriak garaiz hartu ahal izateko, Behobian eta Santiagon egiten denaren ildotik; izan ere, auzo horietan esperientzia handia dute horrelako egoeretan.
Babes Zibileko boluntarioak
Irungo Babes Zibila 21 boluntariok osatzen dute, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemari prebentzio lanetan eta lan operatiboetan laguntzeko. Prebentzio lanak egiteaz eta larrialdietan esku hartzeaz gain, boluntarioak lehen laguntza ematen ere aritu ohi dira, Gurutze Gorriarekin eta osasun zerbitzuekin elkarlanean, lehen laguntza sanitarioa emateko operazioak (larrialdietan arreta emateko puntuak) muntatzen San Pedro eta San Martzial jaietan, kirol ekitaldi nagusietan eta abarretan. Gainera, auzo, gizarte eta kirol elkarteei laguntzeko prest daude beti, haien ekitaldietan segurtasuna bermatzeko.