Abuztu erdialdean egon arren, Irun 2023ko Gabonetara begira jarria da dagoeneko. 2023/24ko Gabonetako programazioa lantzen hasi da Udala, berriz ere hiria data horietanfamilientzako helmuga izan dadin. Horrela, irundarrentzat zein Gabonetan Irunera etorriko diren bisitari guztientzako ekintzak prestatzen ari dira.
Jaien programa lantzen ari dira dagoeneko, eta bilera batzuk egin dira jada abenduko plangintzaz hitz egiteko. «Esan daiteke -zioen José Antonio Santano alkateak- martxan jarri dugula dagoeneko aurtengo Gabonen atzera kontaketa».
Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezekin batera egindako agerraldian Santanok esan duenez, «abuztuko bigarren hamabostaldian atzean utzi ditugu hitzordu handi batzuk, hala nola Dies Oiassonis edo Euskal Jira, eta begirada abenduko hilean jarrita daukagu».
Hiri Bultzadako arloari dagokionez, Miguel Angel Páez ordezkariaren hitzetan, «ideia nagusia da azken urteotan hiriak Gabonetan izan duen erakargarritasuna mantentzea eta handitzea. Horretarako, ia hilabete iraungo duen programa bat lantzen ari gara, hiri osoan zehar banatuko diren jarduera eta ekintzekin». Irun, abenduan, eraldatu egingo da, eta Gabonetako hirian bihurtzeko. Aurreikusten denez, jarduera-eremuak eta programazioa hiri osoan zehar banatuko dira, hala erdialdean nola auzoetan. Xehetasunak lantzen ari dira oraindik, baina Gabonetako espazio batzuk aurreko urteetakoen bide beretik joango dira, sendotuta edo eboluzionatuta, hala nola:
*Sarjia parkeko Gabonetako herrixka, haurrentzako jarduerekin, izotz-pistarekin eta tirolinarekin.
*San Juan plaza jarduera ugariren kokaleku gisa; Olentzeroren eta Errege Magoen etorrera, besteak beste.
*Gabonetako zuhaitz handia (Jenaro Etxeandia lorategian)
*Patinatzeko pista Luis Marianon.
*Gabonetako azoka Zabaltzan.
*Pio XII.eko espazioa.
*Txirrista Antzaranen.
Aurtengo berritasunen artean, ikuspegi berri bat eman nahi zaio Pio XII.aren eremuari. Oraindik definitzen ari dira, baina baztertu da dagoeneko iazko patinatzeko pista berriz instalatzeko aukera. Oraingoz, izotz-pistak eta txirrista hornitu eta kudeatzeko kontratua abiarazteko lanei ekin zaie.
Iaz 13.000 pertsona baino gehiago igaro ziren hiru izotz pistetatik eta txirristatik; berrogeita hamar bat jarduerek kaleak alaitu zituzten eta Sargia ludotekan egunero 120 haur izan ziren batez beste.



