Pentsiodunen mugimenduek manifestazioa egin dute gaur. Atzo ospatu zen Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira, Txingudiko Pentsiodunen Mugiak hiriko kaleak zeharkatu ditu pentsio publiko eta duinak eskatzeko. Irun erdialdeko kaleak zeharkatu ondoren, San Juan plazan elkartu dira berriro komunikatua irakurtzeko.
Ozenki irakurritako komunikatuan honako hau eskatu dute:
“Atzo, urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Beste urte batez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua kalera atera da urriaren 2an pentsiodunen eskubideak adinarekin iraungitzen ez direla aldarrikatzeko. Adinekoek bizi- baldintza duinak izateko eskubidea dugu, pentsio publiko duin eta nahikoak, zerbitzu publiko unibertsalak eta gure arreta-beharrak aseko dituen zainketa- sistema publikoaren beharra dugu.
Baina eskubide horiek gaur egun ez daude bermatuta; EAEn eta Nafarroan 200,000 pentsiodun baino gehiago 1080 euro baino gutxiagoko pentsioekin bizi dira, eta horrek ez die oinarrizko beharrei aurre egiten uzten.
Bizi-kostuaren egungo igoerak bereziki eragiten die errentarik apalenei; pentsiodun adinduek gero eta zailtasun gehiago dituzte hilaren bukaerara iristeko eta kalitatezko elikadura, sendagaiak eta etxebizitza baldintza klimatiko eta mugikortasun egokian eskuratzeko. Gobernu desberdinen irrika pribatizatzaile eta ekonomizistak irizpide merkantilistetan oinarritutako negozio- eta irabazi-eredu bat ekarri du. Horren ondorioz, egoitza-zerbitzuak, arreta eta zainketa zerbitzuak garestitu egin dira, eta, era berean, lan-baldintzak okertu, baita prestazioen kalitatea ere.
Bitartean, Foru-Aldundiek eta gobernuek autokonplazentziazko diskurtsoak egiten jarraitzen dute arazoak ezkutatzeko. Horregatik guztiagatik, egoitzetako erabiltzaileen senitartekoen elkarteek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) honako hau eskatzen dugu:
- EAEko eta Nafarroako gobernuei mendekotasuna artatzeko sistema publiko hurbil eta kalitatezkoa garatzea.
- EAEren kasuan, egoitzei buruzko dekretuaren zirriborroa aldatzea, elkarrizketaren eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez.
- Gutxieneko pentsioa 1080 eurora berehala osatzea.
Gure aldarrikapenak babestea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, genero-arrakala ezabatzea eta murrizketen erreformak eta erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea. Urriaren 2an, astelehenean, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta ohiko herrietan mobilizatu gara.”



