Sarako Izarrakoek Biok Txingudikoak mendean hartu dituzte

Aurkari gogor baten aurka neurtu behar izan zituen indarrak Biok Txingudik ligako laugarren jardunaldian. Talde lapurtarrak defentsa sendo eta indartsua erakutsi zuen partida hasieratik plakaketa oso gogorrak eginez. Hala ere, Asier Gonzalezek zuzendutako taldea izan zen puntuak lortzen lehena, Naroa de la Fuentek jasotako ostikada ostean eginiko entsegu batekin. Enara Arrutik ondorengo eraldaketa makilen artean pasa zuen zazpigarren minutuan (0-7).

Etxekoen defentsaren antolaketak Txingudiren erasoak gelditu zituen eta bisitariek intentsitatea jaisten joan ziren. Honela, saratarrek markagailua irauli zuten atsedenaldira 26 eta 7ko aldearekin iritsiz.

Bigarren zatiko hasieran Biok Txingudik atzera egiten jarraitu bazuen ere, aldea mantentzen lortu zuen. 54. minutuan, Sarako Izarraren bosgarren entseguaren ondoren, Biok Txingudi indarberritu zen eta erasoari ekin zion denbora luzez baloia etxekoen defentsa-eremuan jokatuz. Dena den, ez zituzten erasoak entsegu batekin borobiltzea lortu eta, kontraeraso batean, lapurtarrek marka bat egin zuten emaitza amaierako 38 eta 7an utziz.

Biok Txingudiren hamabostekoan Lucía Durán, Yaiza García, Maren Santa Cruz, Irati Lazkano, Zumendi Caro, Lohitzun Aia, Gaia Morris, Lea Etxebarrieta, Leire Muñoz, Enara Arruti, Ainara Varela, Naroa de la Fuente, Onintza Burgera, Laida Rodriguez eta Luma Altube izan ziren eta Saioa Gartzia, Garazi Famoso, Ainara Guerrico, Maddi Garmendia eta Aitana Garridok aulkian hasi zuten partida.

Garaipenik ez 18 urtez apzikoentzat

Donostiarrek eta mugakoek osatutako taldea Mungian aritu zen larunbatean Uribealdearen aurka. 29 eta 12 galdu bazuten ere, hobekuntzak ikusi ahal izan ziren gazteen jokoan. Norgehiagoka honetan Txingudiko zazpi jokalarik jokatu dute, Axier Bravo, Cristian Andrusyak, Zumai Gartzia, Koldo Segurola, Julen Etxeberria, Nicolás Cerezo eta Odin Gutiérrez. Azken honek entsegua lortu zuen 69. minutuan.

16 urtez azpikoen prestaketa Saran

Emakumezkoen partida baino lehen, 16 urtez azpiko taldeak entrenamendu gidatua eta lagunarteko bat partekatu zuten Sara/Senpere taldearen aurka. Keoma Pachecok zuzendutako gazteek Akitania Berriko liga lehiakorra jokatzen ari den taldea izan dute aurrean eta asko ikasteko aukera izan zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude