Azaroaren 25erako programazioa osatzeko udalak eta emakumeek indarrak batu dituzte

Azaroaren 25ean Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen denez, Irungo Udalak eta hiriko emakume elkarteek eta elkarte feministek ekintzen programa berezia prestatu dute. Aurkezpenean elkarteen ordezkariekin batera José Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda Udaleko Berdintasuneko ordezkariak parte hartu dute.

José Antonio Santanok adierazi duenez, “nahiko genuke azaroaren 25a ospatu behar ez izatea, baina ospatzen jarraitu behar dugu”. Alkateak aipatu du Indarkeria matxistak emaitza beldurgarriak ditu oraindik ere, eta ez da hemengo arazoa bakarrik, arazo globala baizik. “Horregatik, inoiz ez bezala, kolektiboki lan egin behar dugu, herritarrak inplikatu eta konprometitzen dituzten baliabide eta jardueren bidez, indarkeria matxistaren kontrako konpromiso aktiboa sustatzeko”, gaineratu du José Antonio Santanok. Indarkeriarik gabeko mundu bat eraikitzeko bide bakarra hori dela aipatu du alkateak.

Udala Berdintasun Arloaren bidez ez ezik, hiriko elkarte feministak eta/edo emakume elkarteak aritu dira jarduera programa osatzen; aurten, honako hauek: Uxoa, Argoiak, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Parean Elkartea eta Txingudiko Elkarte Feminista. Era berean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoek parte hartu dute programa prestatzen.

Berdur Barik gala

Egitarauaren barruan, aipatzekoak dira azaroaren 25ean bertan 12:00etan San Juan plazan Berdintasun Kontseiluaren deiari erantzunez egingo den elkarretaratzea eta Beldur Barik gala, zeina azaroaren 26an 18:00etan Amaia KZn egingo den. Galaren barruan, hain zuzen ere, gazteek Beldur Barik sariketara aurkeztutako ikus-entzunezko lan batzuk emango dira, eta sari banaketa egingo da.  Gainera, Udal Kontserbatorioko ikasleen emanaldiak, My Dance Studio akademiakoenak, Zirko Txokoren erakustaldi bat (soka gaineko akrobaziak) eta VitterSweet abeslari bilbotarraren emanaldi bat izango dira.

Ikuskizunerako sarrera doakoa da, gonbidapenarekin: www.irun.org/sarrerak eta  Turismo bulegoan daude eskuragarri.

Bestalde, programazioak barnean hartzen ditu hipersexualizazioari buruzko tailer bat, teknologia berriei eta genero indarkeriarekin duten harremanari buruzko hitzaldi bat eta ipuin lehiaketa bat ere. Guztira, hogei bat jarduera, joan den azaroaren 11tik abenduaren 3ra arte.

Programa interesa duten guztientzat da, eta, besteak beste, herritarrak emakumeen kontrako indarkeriaren norainoko eta larritasunaren inguruan sentsibilizatzea du helburu, baita jarrera bortitzen prebentzioa hobetzea eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko portaeren garapena sustatzea ere. Bide batez, Berdintasun Arloak Udalaren berdintasun politiken zeharkakotasuna azpimarratu nahi du. Izan ere, Udaleko beste arlo batzuek ere, hala nola Kultura eta Gazteria arloek, jarduerak antolatu dituzte azaroaren 25erako, genero ikuspegia kontuan izanik.

Garaitu zerbitzua Emakumeen Etxean

Urrian, Irungo Emakumeen Etxea inauguratu zen, eta, ordutik, emakumeentzako informazio, laguntza eta aholkularitza zerbitzuak ematen ditu. Tartean, nabarmentzekoa da Garaitu zerbitzua, indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeentzako espezifikoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publiko bat da Garaitu, eta laguntza psikosozial, sozioedukatibo eta soziojuridikoa ematen du indarkeria matxista eta sexu erasoak gertatzen diren kasuetan. Zerbitzu berri bat da, Gipuzkoako zenbait herritan bakarrik ematen dena; tartean, Irunen,  Bidasoko eskualdeko (Irun eta Hondarribiko) emakumeentzat.

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udalak Adierazpen Instituzionala onartuko du eta puntu lila jarriko da Irungo udaletxeko balkoian.

Azaroaren 25aren inguruan Irunen antolatutako ekintzen programazioa honakoa da:

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude