Irunek harrotasunez eutsiko dio lekukoari Korrikaren irteeran martxoaren 14an

Konturatzerako hilabeteak pasa dira Irun 23. Korrikaren abiapuntu izango zela jakinarazi zenetik. Izan ere, Irungo AEK euskaltegian itxaronaldia arintzeko hainbat ekintza antolatu dituzte dagoeneko. Era berean, lekukoa hiriko mugetatik irten aurretik ere beste hainbat ospakizun ekintza egingo dira Irunen, martxoaren 14an bertan zein aurreko egunetan. Bitartean, Mattin Sorzabalberek eta Maddi Sanzek 23. Korrika mundiala izan dadin azken xehetasunak lotzen ari dira.

Irun 23. Korrikaren abiapuntu izateko prest dago?

Maddi: Bai, dudarik gabe, Irun aspalditik dago prest Korrikaren irteera izateko eta ia martxoan sartu garela, motorrak bero-bero dauzkagu honezkero.

Aurten Korrikaren antolaketan ardura berezia duzuela esango zenukete?

Mattin: Beno, besteetan baino protagonismo askoz handiagoa daukagu lehenengo eguna izango delako. Ondorioz ere baliabide eta ekintza gehiago izan ditugu eta izango ditugu martxoaren hasieran.

Erraza al da prestaketa lanak euskaltegiko ohiko zereginekin tartekatzea?

Maddi: Ondo antolatzea da gakoa. Egia da lan karga handiagoa dela eta irakasle talde guztia inplikatu dela laguntzeko, naiz eta Mattinek eta nik ardura berezi batzuk izan. Azkenean, talde osoaren lana da eta nabari da azken hilabeteetan lan kopurua handitu dela.

“Niretzat sorpresarik handiena sentitu dugun babes guztia izan da”

Mattin Sorzabalbere, Irungo AEKko kidea

Zer balorazio egiten duzue orain arte egindako girotze ekintzez?

Mattin: Apur bat txundituta nago, antolaketa batzordeetan laguntza handia izan dugulako, beraz, ez gara bakarrik sentitu. Kilometro salmentan jendea parte hartzeko gogoarekin ikusi dugu eta beldurra ematen zigun guztiontzako lekurik ez izateak, baina jendea oso ulerkorra izan da. Niretzat sorpresarik handiena sentitu dugun babes guztia izan da.

Zer beste ekitaldi egingo dira martxoaren 14ra bitarte?

Maddi: Orain arte Korrika egunak antolatu ditugu Katean eta Larreaundin, zoragarriak izan direnak eta martxoaren 2an azken Korrika Eguna egingo dugu Santiagon. Egun berean, Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko IV. Txapelketa jokatuko da, Joxan Elosegui eta Beñat Muguruzarekin batera aurkeztu genuena eta uste dugu hori ere oso gauza potentea izango dela. Martxoaren 3an Erromeria Ibiltaria egingo da, Urdanibia plazatik atera eta Zabaltza plazaraino.

OHARRA: Santiagoko Korrika Eguna atzeratu dute eguraldi txarrarengatik. Informazio gehiago hemen.

Antolatutako ekintzen bidez era askotariko publikoa erakarri nahi izan da, ezta?

Mattin: Bai, Korrikak denok batzen gaituelako eta martxoaren 14ko parte-hartzea ere horrelakoa izango dela uste dugu. Edozein adinetako jendea aurten Korrikan parte hartzeko gogoz ikusten ari gara. Beraz, parte-hartzea inoiz baino handiagoa izango dela uste dugu eta aurten bailaran gertatuko den gauza garrantzitsuenetako bat izango delakoan gaude.

Martxoaren 14an, Korrikaren irteerarekin batera, egingo al da ekintza berezirik?

Maddi: Korrika arratsaldeko 16:00etan irtengo da San Juan Plazatik, baina goizean zehar hainbat gauza egingo dira hirian, oraindik kontatzeke daudenak. Arratsaldean 17:30etatik aurrera kontzertuak izango dira Urdanibia plazan. Lehenik, Burrunba Elektrotxaranga, herritik eta herriarentzat. Jarraian, Esne Beltza taldea bere azken biran, Korrikarekin izan duten inplikazioarekin. Azkenik, Bad Sound System eta lagunekin amaituko dira kontzertuak, herriko taldeek ireki eta itxiko dituzten emanaldiekin.

Argazkia: Kateako Korrika Eguna (Egilea: Gari Garaialde, Bostok Photo).

Korrika Txikiak eta Korrika Gazteak belaunaldi berriei ilusioa transmititzen diete, ezta?

Mattin: Korrika Txikiak eta Korrika Gazteak parte-hartze oso handia izan ohi dute urtero, eskola guztiek parte hartzen baitute. Orain ditugun laguntzaile askok Korrika Txikian parte hartu dute eta nabari da haiek txikitan ere bertan parte hartu eta ilusio hori bizi izan dutela.

San Juan plazatik irten ostean, zein izango da Korrikaren ibilbidea?

Mattin: San Juan plazatik irten, Nafarroa hiribidea jaitsi eta Larreaundi atzetik igoz Euskal Herria hiribidera iritsiko da. Colón ibilbidean sartu eta Hondarribia kalea jaitsiz Mendelutik Hondarribia aldera joango da. Hondarribitik itzultzerakoan bigarren aldiz pasako da Irundik Colón pasealekutik, Cipriano Larrañaga kalera jaitsi eta Iparralde etorbidetik jaitsiz, Hendaia aldera jo eta Pausura ere iritsiko da ondoren. Beraz, bakoitzak ikusiko du noraino iritsi.

“Irun aspalditik dago prest Korrikaren irteera izateko eta jada martxoan sartu garela,

motorrak berobero dauzkagu honezkero

Maddi Sanz, Irungo AEKko kidea

Hortaz, irundarren artean nabaria da Korrika iristeko gogoa dagoela.

Maddi: Mattinek esan bezala, jendearen inplikazioa oso handia izan da. Eragile askorekin bildu gara eta denen partetik jaso dugu babesa. Horretaz gain, herritar pilo bat gerturatu zaigu beraien laguntza eskainiz, osteguna izanda, laneguna delako. Jendearen inplikazioak indarra eman digu hau guztia ondo antolatzeko.

Euskararen aldeko ekimena izanda, Irunek bereziki horren beharra duela esango zenuke?

Mattin: Uste dut Irunen errealitatea Euskal Herriko errealitatearen antzekoa dela. Irun leku berezia da hiri bezala, bai euskararen erabilerarengatik bai eta euskararen ezagutza kopuruengatik. Irunen euskaldun milaka batzuk garen arren, erabilera, berriz, kosta egiten da eta kulturalki eta jarrera aldetik zailtasunak izan dira. Gainera, haurrak kenduta, zaila da hirian euskaraz egiteko jarduerak topatzea. Beraz, aurretik egiteko bide luzea dugu oraindik.

Nola biziko duzue zuek Korrikaren irteeraren momentua?

Maddi: Bakoitzak hainbat lan ditugu egun horretarako. Nire kasuan, ni lehen egun hori koordinatzeaz arduratuko naiz, beraz, uste dut benetan deskantsatu 15ean deskantsatuko dudala. Uste dut Martxoaren 14a ume batek bezala disfrutatuko dudala, baina denbora guztian adi egon beharko naiz gauzak nola egiten ari diren jakiteko. Orkestra zuzendari lanetan arituko naiz, baina benetan uste dut hunkituko naizela eta disfrutatuko dudala. Hau da, bi gauzak uztartzeko gai izatea espero dut.

Mattin: Nik berriz, ibilbidearekin harreman estua dut eta ondo lotu behar izan dut lekukoa non eta zeini emango zaion. Beraz, Korrikaren irteera barru-barrutik biziko dut. Pentsatzen dut oroitzapen eder bat izango dela eta 15ean esnatzen garenean hurrengo 10 egunetan notiziarekin txoro-txoro liluratuta egongo garela uste dut. Hor ere Korrikaren jarraipena egingo dugu, nondik dabilen ikusiz. Dudarik gabe lehenengo eguna disfrutatuko dugu, baina baita hurrengoak ere, Korrikak duen magiari esker. Beraz, Baionara iritsi arte eguna luze egingo zaigu.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude