Oporrak Bakean udan haur errefuxiatu sahararrak Euskadira ekartzeko programa da. Otsailaren 24an 2024ko udararako harrera familiak lortzeko kanpaina martxan jarri zuten. Aurten 300 haur saharar ekartzea lortu nahi zuten. Orain, izen emateak ixteko 13 egun falta direnean, harrera familia “piloa” zaizkiela jakinarazi dute.
Errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen mende daude. Medicos del Mundoren arabera, ohiko osasun-arazoez gain, Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Horrek Oporrak Bakean programa arnas gune bilakatzen du, bai parte hartzen duten adingabeentzat, bai haien familientzat, zeinekin oso harreman estuak sortzen diren.
Harrera familien bila
Pandemia garaian bi urtez geldirik egon ondoren, oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea. Izan ere, 2022an 153 familia parte-hartzaile eta 2023an 183 familia parte-hartzaile izan zituen Oporrak Bakean programak. Beraz, uda honetan 300 umeri parte hartzeko aukera eskaini nahi diete. Horretarako, beharrezkoa izango da 300 familia edo aterpetxeetan hartzeko baliabide nahikoak eskuratzea .
Oporrak Bakean programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, oporrakbakean@gmail.com helbidera idazteko edo 606 775 429 telefono zenbakira deitzeko aukera dago.



