2024ko Sanmartzial jaiek goi mailako kontzertuak izango dituzte

Gaur goizean San Juan plazan aurkeztu dira zeintzuk izango diren 2024ko San Pedro eta San Martzial jaietako kontzertuak.  Aurkezpenean Irungo Udaleko Kultura Arloko ordezkari Nuria Alzagak eta Gazteria Arloko ordezkari Sergio Javier izan dira, Puro Relajo taldeko baxu jotzaile eta bakarlari David Garcíarekin, Rak$ Clubeko ordezkari Alejandro Llanosekin, Ankerra taldeko kide Mikel Muñozekin eta Apaga y Vámonos taldeko kide Andoni Herrerorekin batera.

Bertako talentua, zuzeneko musika eta proiektu emergenteak dira kartel honen oinarriak. Zain gintuen, eta oso berezia da, musikari ezagunak eta etorkizun handikoak biltzen baititu”, azaldu du Alzagak. Luxuzko kartel bat, beren generoan punta-puntakoak diren artistek osatua, “Irun mapa musikalean kokatzea duena helburu”, zehaztu du Kulturako ordezkariak.

Joan den urteko edizioari jarraikiz, aurten ere, kontzertuak astebete aurreratuko dira, eta jaien aurreko asteburuan hasiko dira: ekainaren 14an, ostiralarekin, Izaro mallabitarrak bere azken lana aurkeztuko du, Cerodenero, Urdanibia plazan, eta, larunbat horretan bertan, berriz, ekainak 15, Camela duo madrildarrak joko du, San Juan plazan, bere 30. urteurrena ospatzeko bira betean.

Hurrengo astean, ostiralean, ekainak 21, Puro Relajo arituko da, San Juan plazan, rantxerak eta abesti herrikoiak jotzen, eta, egun berean, gauez, Urdanibia plazan, irundarrek beste proposamen berritzaile bat izango dute aukeran: Solar Sound System, musika elektronikoaren bidez ingurunearekin harmonian dagoen mundu jasangarri bat aldarrikatzeko jaialdi bat.

Ekainaren 22an, ZETAK taldeak bere azken albuma aurkeztuko du, Aaztiyen, Urdanibia plazan, eta, aurrez, Ankerra jardungo da. Hurrengo egunean, berriz, ekainak 23, Kaotiko arituko da, leku berean, eta, haren aurretik, Apaga y Vámonos.

Bestalde, Gaztegunea (Euskal Jai pilotalekua) gazteen topalekua izango da, ekainaren 25ean, 26an eta 27an. Horixe azaldu du Gazteriako ordezkariak: “Gazteriak hiriko gazteei asko gustatuko zaizkien kontzertuak eskaintzeko apustu anbiziotsuari eutsi dio,  eta artista entzutetsuak ekarriko ditu, hala nola Sara Socas, talentu berriekin batera”.  Horrela, ekainaren 25ean, Zilibito Records, Txiltxoko eta Anixe arituko dira; hurrengo egunean, Sara Socas artista kanariarra, Freestyle Master Series España ligara (Espainiako oilar borroken txapelketa nagusietako batera) igo zen lehenengo emakumea; eta, azkenik, ekainaren 27an, Hofe x 4:40 talde nafarra. Kontzertu horien guztien ondoren, bertako disko jartzaileek emango diote jarraipena jaiari: ekainaren 25ean, DJ María Lópezek eta DJ Asier Burguetek; ekainaren 26an, DJ Candik eta DJ Josu Rodríguezek; eta, ekainaren 27an, DJ Arrak eta DJ Aitana Grandesek. Denak ala denak, etorkizun handiko gazteak, fuerte datozenak eta Irun osoa bibrarazteko helburua dutenak.

Hurrengo hitzordua, proposamen bikoitz bat, sanmartzialetako asteburu betean izango da, ekainaren 28an. Alde batetik, aurten ere, Rak$ Club Urdanibia plazara itzuliko da, genero urbanoko onena biltzen duen line-up batekin: Soto Asa, batetik, eta DJ Suso eta DJ Katana, bestetik. Beste alde batetik, Orquesta Jamaica Show ere bueltatuko da, hiri osoa dantzan eta kantuan jartzeko kontzertu bat ematera.

Jaiak bukatzeko, diskofesta bat izango da, ekainaren 30ean, igandearekin, Urdanibia plazan, eta disko jartzaileen saio bat, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako hit-ak, Zabaltza plazan.

Hona hemen Sanmartzialetako kontzertuen egitaraua:

Ekainak 14, ostirala

22:30 – Izaro, Urdanibia plazan

Ekainak 15, larunbata

22:30 – Camela, San Juan plazan

Ekainak 21, ostirala

22:00 – Solar Sound System, Urdanibia plazan

23:00 – Puro Relajo, San Juan plazan

Ekainak 22, larunbata

22:30 – Ankerra, Urdanibia plazan

00:00 – ZETAK, Urdanibia plazan

Ekainak 23, igandea

22:00 – Apaga y Vámonos, Urdanibia plazan

00:00 – Kaotiko, Urdanibia plazan

Ekainak 25, asteartea

19:30 – Zilibito Records + Txiltxoko + Anixe, Gaztegunean

22:00 -DJ María Lopez, Gaztegunean

22:30 – DJ Asier Burguete, Gaztegunean

Ekainak 26, asteazkena

20:30 – Sara Socas, Gaztegunean

22:00 -DJ Candi, Gaztegunean

22:30 – DJ Josu Rodríguez, Gaztegunean

Ekainak 27, osteguna

20:30 – Hofe x 4:40, Gaztegunean

22:00 – DJ Arra, Gaztegunean

22:30 – DJ Aitana Grandes, Gaztegunean

Ekainak 28, ostirala

22:30 – Soto Asa + Suso + Katana, Urdanibia plazan

23:30 – Orquesta Jamaica Show, San Juan plazan

Ekainak 30, igandea

22:30 – Diskofesta, Urdanibia plazan

23:30 – 1980ko eta 1990eko hamarkadetako hit-en DJ saioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude