Irungo Udalak, Espainiako Eskubaloi Federazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, gaur goizean ezagutzera eman du Irunen lagunarteko zer partida jokatuko dituen Emakumeen Eskubaloiko Espainiako Selekzioak 2024ko Joko Olinpikoei begira.
Pontevedran lehen geldialdia egin ondoren, Irunen izango dira ‘Gerlariak’, Angolako eta Hego Koreako selekzioekin batera. Uztailaren 10, 12 eta 14an, Artaleku kiroldegian jokatuko dira prestatze-konpromisoak. Proba ona, Joko Olinpikoetara joan aurretik, hamaika egun geroago hasiko baitira espainiarrentzat. Hona zer partida jokatuko diren:
Uztailaren 10ean, 19:00etan: Espainia – Angola (Teledeporten ikusi ahal izango da).
Uztailaren 12an, 19:00etan: Espainia – Hego Korea (Teledeporten ikusi ahal izango da).
Uztailaren 14an, 13:00etan: Espainia – Hego Korea.
“Ez da harrigarria inorentzat Irunen eskubaloia arnastu egiten dela esatea. Alde horretatik, beti saiatu gara Artalekura produkturik onenak ekartzen, eta horrek esan nahi du hiru partidatan gozatu ahal izango dugula “Gerlariekin”, Parisko Joko Olinpikoen atarian”, azaldu zuen Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak.
Bestalde, Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak nabarmendu duenez, “Topaketa hauek ez dira soilik Parisko hurrengo Joko Olinpikoetarako prestakuntza bikain bat. Izan ere, horrez gain, Irunen eskubaloi onenaz gozatzeko aukera ere ematen dute, oraingoan emakumeen eskubaloia, hiriak lotura handia baitu kirol honekin. Hemen, Irunen, eskubaloiarekiko grina txoko guztietan sentitzen da, eta irundarrak buru-belarri aritzen dira animatzen eta gozatu egiten dute kirol honekin. Baina, gainera, ekitaldi hau aukera bikaina da Irunek goi-mailako lehiaketak hartzeko gaitasuna duela erakusteko. Konpromisoa dugu Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa hiri honetara ekartzeko, eta ez dut zalantzarik hori lor dezakegula gaur hemen eserita gauden guztion laguntzarekin”.
Bestalde, Bera Bera RT eskubaloi-ataleko arduraduna eta Espainiako Eskubaloi Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea den Tatiana Garmendiak baloratu du “luxu bat dela ‘las Guerreras’ Irunea etorri ahal izatea. Irunen eskubaloia arnasten da, eta nahiz eta bere erreferentziarik handiena gizon talde bat izan, hiriak beti erantzun izan du oso ondo emakumezkoen eskubaloiarekin. Gainera, oso garrantzitsua da azpimarratzea horrelako hitzorduak erreferente berriak sortzeko, eta halaber, emakumezkoen eskubaloiarekin lotura sendotzeko, batez ere kontuan edukita bi entitateek, Federazioarekin bat, 2029ko Mundialaren fase finala ostatatzearen proiektua aurrera eraman dutela”.
Hazi beharra
Kiroletako ordezkariak gogorarazi duenez, “Irungo Udalak lanean jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ficobako IAM pabiloia lehenbailehen gauza dadin. Kirolik onena ekarri nahi badugu Irunera, azpiegiturarik onenak eduki behar ditugu, eta horretarako, lehen mailako barruti hori eraiki beharra dago. Gure apustua irmoa da, eta horren erakusgarri da erabakiak azkar hartzen ari garela”.
Planteatutako azpiegitura 10.000 lagunentzako ekitaldiak egiteko erabili ahalko da. Kirol-ekitaldiei dagokienez, 5.000 ikusle esertzeko tokia izango du. CD Bidasoaren partiden egoitza bihurtuko da, eta Europako lehiaketak egiteko leku-aukera egokia izango du. Horretaz gain, muga inguruan egonda, leku aproposa izango da, gaur egun lurraldean egin ezin diren musika- eta kultura-arloko hitzordu handiak bertan egiteko.
Sarrerak
Sarrerak CD Bidasoak kudeatuko ditu, ekitaldiaren antolakuntzan lagunduko dutenak ere. Prezioak hurrengo hauek izango dira:
Sarrera orokorra partidu bakoitzeko: 10 euro.
Hiru partiduentzako bonua: 25 euro.
Beste aldetik, 14 urtetik beherakoek arrazoizkoagoak prezioak izango dituzte:
Sarrera orokorra partidu bakoitzeko: 6 euro.
Hiru partiduentzako bonua: 15 euro.
Sarrerak datorren ekainak 24etik aurrera egongo dira salgai, eta hauen salmenta CD Bidasoak dituen kanal ofizialetatik egingo da.
Bigarren bisita Irunera
Ez da izango lehen aldia Espainiako Emakumezkoen Eskubaloi Selekzioak Irun hiria bisitatuko duena. Izan ere, 2022ko apirilean, ‘Gerlariek’ Portugalgo selekzioaren aurka jokatu zuten Europako Txapelketarako sailkatzeko partida batean.
Oraingoan, prestatzeko lagunarteko partidak izango dira, baina proba erabatekoa izango da, Angola Selekzioa aurkarietako bat izango baita Parisko Joko Olinpikoetako talde-fasean.



