Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Lapurriturriko Informazio Puntuak, Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko Arloak sustatuta, jarduera bat eskainiko du datorren uztailaren 14an, igandea, “Polinizatzaileen Jolasa” izenpean. Ekintza honek bertaratzen diren guztiei Lapurriturritik gertu dauden bideen ertzetan aurki daitezkeen izaki bizidunak ezagutzeko aukera emango die, eta, horien artean, polinizatzaileen garrantzia nabarmenduko da. Hitzordua 11:00etatik 12:30etara izango da eta Lapurriturriko Informazio Puntutik bertatik abiatuko da.
Oinezko ibilbidean zehar hainbat jarduera garatuko dira: izaki bizidunen irudiak eta izenak elkarlotzea, animalia bakoitza bere habitatean kokatzea edo erle eta liztor motak bereiztea, beste hainbat gauzaren artean, eta amaieran, jolas dinamiko baten bidez ikasitako guztia errepasatuko da.
Jarduera herritar guztiei zuzenduta dago eta, bereziki, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei. Izena eman nahi duten guztiek ekainaren 28tik uztailaren 10era bitartean eman ahal izango dute, 010 telefonora deituz edo www.irun.org webgunearen bidez. Mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen da.
Lapurriturri udan
Ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean, Lapurriturriko informazio puntua asteburu, jaiegun eta zubi guztietan egongo da zabalik, 09:30etik 13:30era bitartean. Bitarte horretan, jarduera tematikoak antolatuko ditu, inguruaren balio historiko, kultural eta naturalak ezagutarazteko.
Lapurriturriko informazio puntuak hamabost urte baino gehiago darama bisitariei parkea ezagutarazten, eta, udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak antolatzeaz gain, informazioa eman ere egiten du, paperean, baita azalpenak ere, gidari baten bitartez, naturaguneari berari buruz, bost ibilbide tematikoei buruz (elurzuloei, meatzaritzari, ikazkintzari, gerrei eta flora, fauna eta urari buruz) eta inguruko eskaintza turistikoari buruz.



