Irungo aterpe klimatikoen sareak babesa eskaini nahi du eguraldi txarraren aurrean

Aurreikuspenen arabera, krisi klimatikoa dela-eta, beroaldien maiztasun eta intentsitatea gero eta handiagoa izango da, eta, horregatik, Irungo Udaleko Hirigintzako eta Garapen Jasangarriko Arloak aterpe klimatikoen mapa bat sortu du, irundarrei ezagutarazteko hirian non babestu daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoetatik.

2024ko aurrekontuen esparruan onartutako zuzenketa batetik sortua da proposamena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatzen du: emandako dirulaguntza 6.765,41 eurokoa da.

Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek mapa berriaren garrantzia nabarmendu du: “Udala jakitun da udan gero eta egoera zailagoak sortzen ari direla, krisi klimatikoaren ondorioz beroaldiak gero eta larriagoak baitira. Hain zuzen ere, ondorio hori arintzea da aterpeen helburua, eta irundarrei hirian udako muturreko fenomeno meteorologikoetatik babesteko lekuak eskaintzea”.

Gehiegizko bero iraunkorrak heriotza tasak handitzea eta gaixotasunak areagotzea dakar, eta, hori dela eta, Irungo Udalak egoerari aurrea hartu nahi dio, eta herritarrak babestu; bereziki, beren egoera sozioekonomikoagatik, beren osasun egoeragatik edo beren adinagatik tenperatura altuen ondorioak gehien pairatzen dituzten pertsonak: adinekoak, haurrak eta etxegabeak.

Aterpe klimatikoak naturan edo hirian eguraldi txarretik (gehiegizko berotik zein gehiegizko hotzetik) babesteko berezko ezaugarriak dituzten guneak dira.

Udalak bere ustez aterpe klimatikotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituen kanpoaldeko zein barnealdeko ekipamendu publikoa jarri du proiekturako, eta baldintza horiek betetzen dituzten titulartasun pribatuko leku eta/edo eraikinak sarean sartzera gonbidatu ditu. Horrela, honako hauek osatuko dute Irungo aterpe klimatikoen sarea:

Barrualdean, Carlos Blanco Aguinaga udal liburutegiak, Palmera-Montero Guneak, Mendibil merkataritza guneak, Azken Portu udal kiroldegiak, Artaleku udal kiroldegiak (harrera gunea), Bidasoa bizirik-ek, Belaskoenea Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, Lekaenea-Anaka Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Eguzkitza Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

Kanpoaldean, Sarjia parkeak, Soroxarta parkeak, Belartzako parkeak, Behobiako parkeak, Beko Errota parkeak, Ibarlako parkeak, Txoko Alai parkeak, Julián Sánchez parkeak, Ama Xantalen egoitzako lorategiek, Kateko frontoiak eta parkeak eta Ugalde-Kateko kirol instalazioek.

Gainera, aterpe klimatikoen mapak kanpoaldeko beste toki batzuk hartzen ditu barnean, hala nola kaleak: zuhaitzak eta itzaletan esertzeko bankuak dituztenez gero bide erosoak edo aterpe modukoak izan daitezkeen tokiak.

Bestalde, Udalak beroaldiei aurre egiteko hainbat aholku zehaztu ditu, herritar guztientzat eta, batez ere, herritar zaurgarrientzat.

Informazioa hiriko mapa orokor batean jasoko da, eta hiriko auzo bakoitzeko mapak ere sortuko dira. Denek aterpe klimatikoei buruzko informazio nagusia emango dute, eta beroaldiei aurre egiteko aholkuak ere jasoko dituzte.

Informazio guztia Udalaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, triptikoak kaleratuko dira, herritarrek behar dutenean kontsultatu ahal izateko informazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude