Irunek eremu tenkatua izendatua izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatu da

Irungo Udalak, IRUNVIren bitartez (Irungo Etxebizitzaren Sozietate Publikoa), jakinarazten du amaitu dela udalerri osoa Eremu Tenkatu deklaratzea eskatzeko behar den dokumentazioa prestatzeko lana.

Cristina Laborda alkateak gaur goizean prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “Udalak etxebizitzari dagokionez martxan jarritako asmo handieneko planaren aurrean gaude. Azken 20 urteetan, 978 etxebizitza publiko eraiki dira guztira, eta, orain, Etxebizitza Planak datozen hiru urteetan 1.000 BPE eraikitzen hastea aurreikusten du”.

“Jendeak bere bizi-proiektua hasi dezan lagundu nahi badugu, plan hau ezinbestekoa da. Etxebizitza da herritarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat; izan ere, ez da gutxiagorako, oinarrizko eskubidea baita. Adierazpen horrek aukera emango digu etxebizitzaren arazoa modu integralean lantzeko, eta hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin dugun lankidetza instituzionalari esker lortuko dugu”, gaineratu du alkateak.

Dokumentazio hori IRUNVIko Administrazio Kontseiluari aurkeztu zaio, eta diagnostiko batek, hiru urterako Etxebizitza Plan batek eta eskaera hori justifikatzen duen memoria batek osatzen dute. Dokumentazioa urriko osoko bilkuran onetsiko da, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaio. Jaurlaritzak jarri beharko du jendaurrean jakingai, deklarazioa izapidetzea egokia dela iritziz gero. Horretarako, 2024ko martxotik irailera, Udala lanean aritu da diagnostiko xehatu hori egiteko, non eremu tenkatu deklaratzeko aldagai eta faktore nagusiak identifikatzen diren.

Diagnostikoan bildutako datuek egiaztatzen dute lege-irizpideak betetzen direla Irungo udalerria eremu tenkatu gisa mugatzeko. Gainera, dokumentu horrek aukera ematen du azken urteetako dinamika demografikoak, etxebizitzen prezioen bilakaera (erosketa eta alokairua), familien egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza eskuragarri baten beharra duten kolektiboen konfigurazioa eta dimentsionamendua aztertzeko.

2015. eta 2023. urteen artean, Irungo etxebizitzaren metro karratuaren prezioa % 42 igo da, 2.863 euro/m2-tik 4.100 euro/m2-ra.2023ko laugarren hiruhilekoan, Irunen etxebizitza erabiliaren batez besteko prezioa 330.000 eurokoa izan zen, eta etxebizitza librearena, 411.000 eurokoa.

Argi dago prezioen igoeran eragina duela Donostialdea-Bidasoa Beherea eremu funtzionalean oro har izan den goranzko joerak; izan ere, bigarren eskuko etxebizitzen prezioa % 32 igo zen, eta etxebizitza libreena % 50, 2015 eta 2022 artean.

Diagnostikoak baieztatzen du eta agerian uzten du arrisku berezia dagoela bertan bizi den biztanleriarentzat etxebizitza gutxiegi eskaintzeko, eskuragarritasun-baldintza egokietan etxebizitza berriak egitea barne.

Era berean, diagnostiko hori izan da hurrengo hiru urteetarako Irungo Etxebizitza Plana egiteko oinarria, eta horri esker, Udalak duela urte batzuk etxebizitzaren arloan garatzen ari zen ekintza asko antolatu eta egituratu ahal izan ditu, bai eta neurri gehigarriak identifikatu ere, egungo testuingurura egokituta.

Neurrien plan hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin kontrastatu da, hark baititu etxebizitzaren arloko funtsezko eskumenak eta hark gauzatzen baitu alokairuko etxebizitza publiko berriaren garapena.

Eremu tenkatuak

Irun eremu tenkatu gisa aitortzeak ondorio hauek izango ditu:

  • Hiri Errentamenduen Legean egindako aldaketak aplikatuko dira, etxebizitza libreen parkean alokairu-prezioen hazkundea neurrizkoa izan dadin eta, horrela, etxe kalteberenen segurtasun juridikoa eta egonkortasuna hobe dadin.
  • Datozen hiru urteetan garatu beharreko Etxebizitza Plana onetsiko da, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan eta eskumenak koordinatuta. Plan hori lau ardatzen inguruan egituratu da:
  • Modu oneko alokairua sustatzea, Irunen modu oneko etxebizitzen eskaintza erabakigarritasunez handitzeko. Horretarako, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko 1.000 etxebizitza eraikitzen hastea aurreikusi da: San Migel Anakan 612m Lastaola-Postaetxean 99, Korrokoitzen 63, Alein 60, Alberto Larzabalen 43, Mendipen 36, Emigrazio eraikinean 31, Larreandi: 22, Lucas de Berroan 20, Karrika Nagusian 7an eta 9an 14.

Alokairu-merkatuko bitartekaritza-programak sustatzea, bitartekaritza-programetan parte hartuko duten etxebizitza hutsen ondasun eta higiezinen gaineko zergan hobari-ehunekoak handituz eta programa horietan parte hartuko duten etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzak osatuz.

  • Jarduketak, eraikitako parkean: hiri-birgaitzea eta -berroneratzea. Horretarako, funtsezkoa da IRUNVIren lana, birgaitzeko hirigintza-sozietate gisa, laguntza arruntak eta apartekoak izapidetzen Eusko Jaurlaritzarekin kolaboratzen duen erakunde gisa eta Irungo herritarrentzako erreferentziako informazio- eta aholkularitza-gune gisa.
  • Kolektibo kalteberak babesteko eta alokatzeko laguntzen prestazio-sistema, laguntza- eta prestazio-dispositibo zabal baten bidez. Horietako asko dagoeneko indarrean daude.
  • Gobernantza: Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, planean aurreikusitako 1.000 etxebizitzak sustatzeko, baterako lagapen- eta finantzaketa-proposamenekin, eta planaren beraren jarraipena egiteko dispositiboak martxan jartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude