Iametzak eta Ara!gorputz-ek hilerokoaren ezagutzarako eta jarraipenerako Zikloan web aplikazioa sortu dute

Ara!Gorputz elkarteak garbi dauka hilerokoaren kulturari buruzko heziketa parekide eta ez medikalizatu baten beharra dagoela jendartean.Iametza bere aldetik duela urte batzuk konturatu zen hilerokoaren jarraipena egiteko aplikazio desberdinak daudela, baina euskaraz bakar bat ere ez. Modu honetara bi erakundeek Zikloan proiektua elkarlanean aurrera eramatea erabaki zuten.

Enara I. Dominguez, Ara!Gorputz elkarteko kideak adierazi duenez, “hilero mina kentzeko pilulak hartzera ohitu gara eta ez gara konturatzen norberaren burua ezagututa, eta ingurukoen zaintzaren bidez, besteak beste, hilerokoa beste modu batera bizitzeko aukera dugula”

Zikloan web aplikazio bat da, web progresibo modura garatua izan dena. Hau da, mugikorreko aplikazio baten modura instalatu daiteke mugikorrean, baina web ingurune batean garatua izan da.

Web aplikazioak euskara hutsean funtzionatzen du eta nahiz eta helduentzat ere baliagarria den informazioa eskaini, batik bat nerabe eta gazteei zuzendutako eduki pilulak eta ilustrazioak biltzen ditu, formatu arinean emanak; baita euskaraz sortutako meditazio audioak ere.

Hilerokoaren zikloari buruzko informazioaz gain, aplikazioak norberaren zikloaren jarraipena egiteko eta norberaren gorputza hobeto ezagutzeko funtzionalitate desberdinak ditu. Esate baterako, zikloaren egun kopurua erregistratzeko aukera, irregulartasun posibleak detektatuz; edo zikloko egun desberdinetan norberak antzematen dituen seinaleak erregistratzeko funtzionalitatea (fluxu jarioa, emozioak, ondoeza, energia eta portaera aldaketak).

Egileek garbi adierazi nahi dute Zikloan-en helburua ez dela haurdunaldiak lortzeko edo saihesteko tresna bat izatea, nahiz eta norberaren gorputzaren ezagutza hobea izateak horretan ere lagundu dezakeen.

Bestalde, Zikloan-en erabiltzaileen datuak etorkizunean hilerokoaren inguruan egin daitezkeen ikerketa feministetarako soilik baliatuko dira, modu anonimoan, aplikazioan izena ematen dutenek horretarako baimena ematen badute.

Hilerokoaren ikuspegi feminista

Iametzak duela lau urte abiatu zuen egitasmo hau, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzei esker gauzatu dena.

Edukiak prestatzerako garaian Leire Aperribai eta Ara!Gorputz elkartearen laguntza izan zuen. Leire Aperribai arrasatearra da, psikologian doktorea. Hilerokoaren aurreko nahaste disforikoa detektatzeko tresna garatu zuen eta horri buruzko tesia aurkeztu zuen. Ara!Gorputz-eko kideak irundarrak eta feministak dira, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sustatzaileak eta herri pedagogia feministan arituak. Azken hauekin elkarlanean proiektuaren bigarren fasea gauzatu da aurten, heziketa parekidean oinarritutako informazioari garrantzia emanez.

Enara I. Dominguez, Ara!Gorputz elkarteko kidearen ustez: “’Hilerokoaren Aurreko Sindromea’ asmakizun bat da, ez baita gaixotasun bat, ez hilerokoaren fase bat ere. Emakume* bakoitzak hilerokoa modu desberdinean bizi du. Horregatik Zikloan-ek ez du Hilerokoaren Aurreko Sindromearen faseari buruz hitz egiten, ezta emozio positibo edo negatiboei buruz ere, sentipenen inguruko balorazioak pertsona bakoitzarenak baitira. Era berean, aplikazioan ‘Emakume’ hitza erabiltzen dugu, baina jakin badakigu, hilerokoa daukaten gizonak badaudela eta hilerokoa ez daukaten emakumeak ere”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude