Oiasso Museoa Aniztasun Galaren agertokia izango da urriaren 11n

Oiasso museoa berriz ere izango da Aniztasunaren Galaren agertoki. Arteak mugarik ez duelako premisaren arabera, Aniztasunaren Gala antolatu dute Oiasso museoan ostiral honetarako, urriak 11, arratsaldeko 19:00etan. TOPIC-Tolosa museoak eta Chillida Lekuk ere ospakizun honekin bat egingo dute urriaren 12an eta 13an, hurrenez hurren.

Antzerki, musika eta dantza emanaldien bidez, arteak inongo mugarik ez duela frogatuko da, eta museoek etorkizun bidezko eta jasangarria eraikitzeko duten balioa baieztatzen duela. Iñaki Salvadorren kolaborazioarekin, honako hauek izango dira Aniztasunaren Galako artista gonbidatuak: Jakes Txapartegi, Simón Ezquiaga, Juncal Cepeda eta Olga Grande, Ezezagunok antzerki-konpainia, Uikan dantza-taldea eta Verdini dantza-taldea, aurten Donostiako Udalak ematen duen inklusioaren urrezko danborra irabazi duen dantza garaikideko konpainia.

Aurtengoan ere, Emma Larretak aurkeztuko du gala, eta omenaldia egingo zaio berriki zendutako Ana Pérezi, Ezezagunok antzerki-konpainiaren sortzaileari. Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, 2008an sortua, eta haren egitekoa da antzerkiaren arloko prestakuntza ematea eta emanaldi publikoak eskaintzea adimen-desgaitasuna duten aktoreekin.

Aniztasunaren Galak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka, eta gonbita luzatzen dio jende guztiari artista hauen gaitasun handietan parte hartzera, partekatzera eta gozatzera, urterik urte gala hau eskaintzeko elkarlanean aritzen diren Gipuzkoako hiru museorekin.

Sarrerak salgai

Galara etorri nahi duten guztiek Oiasso museoan erosi behar dute sarrera. Pertsonako 5 euro balio du sarrerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude