Euskara larrialdi linguistikotik erreskatatzeko urratsak eskatuko dituzte abenduaren 3ko elkarretaratzean

Abenduaren 3an, datorren asteartean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera,  elkarretaratzea egingo da San Juan plazan arratsaldeko 19:00etan. Euskara larrialdi linguistikoan dagoela ikusirik, euskararen normalizazio eta biziberritzea ahalbidetzeko urratsak eskatuko dituzte. AEK-k, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak, Aitzondo euskara kultur elkarteak eta Irunbar Irungo bertso bilguneak deitutako elkarretaratzea da.

Orain dela hilabete baino gutxiago, urriaren 29an, Oldarraldi judizialaren kontrako elkarretaratzea egin zen, irundarren kontrako erasoa salatzeko. Azaroaren 9an berriz, ELEN Europako hizkuntzen sareak euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adierazi zuen.

Euskalgintzaren Kontseiluak egindako adierazpenen ostean eta oldarraldi judiziala baino asko gehiago dela ulertuta, Irungo lau eragile hauek euskara defendatzeko Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarretaratzea deitzea adostu dute, “aurtengoa ez baita ospatzeko eguna”.

Deialdiaren arrazoiak

Euskarak egun erabilera sozial ahula duela azaldu dute, hiztunen % 17 baino ez duelako euskara erdara baino gehiago erabiltzen bere egunerokoan. Elkarretaratzearen deitzaileek azaldu dutenez, ahultasun horrek “lotura estua” du euskararen eta euskararen hiztun komunitatearen estatusarekin. “Jakina den bezala, euskarak bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua dauka ofizialtasuna Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean”, adierazi dute.

Horregatik, besteak beste, indarrean diren joera soziolinguistikoak eta egiturazko arazoak eraldatzeko neurri egokiak epe laburrean hartu ezean, atzeraldia etorriko dela aurreratu dute. “Instituzioei dagokie ausart jokatzea, adostasun sozialari erreparatzea, eta euskaldunok erdigunean jartzea”, adierazi dute antolatzaileek. Horretarako, hizkuntza politikan jauzi bat egitea eskatu dute.  “Izan ere eta tamalez, ofiziala den eremuan, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako “eremu euskaldun” izendatuan, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta gertatzen ari da, bestela esanda, normalizazio eta biziberritzearen aurkako oldarraldi judizial gogorra”, erantsi dute.

Era berean, globalizazioak euskararen ahultasuna areagotu duela azaldu dute. Elkarretaratzearen deitzaileen hitzetan, “zehazkiago esanda, globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago”.

Egun euskarak bizi duen egoera eraldatzeko, euskararen normalizazioa eta biziberritzea urratsak ematea beharrezko ikusten dute. Instituzio, agintari, eta, oro har, eragile politiko eta sozialei helburu horren aldeko urratsak ematea eskatu diete: “biziberritze eta normalizazio prozesuak guztiok behar gaitu”. Horregatik, irundar oro deitu dute abenduaren 3an, San Juan plazara bil daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude