Ana Galdós Monfort Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan historialaria eta ikertzailea da. Julia Iruretagoyena Berdintasun Bekaren lehen edizioari esker “Espazio femeninoak Berpizkundearen amaieran. Emakume irundarren bizitza, lana eta memoria” ikerketa amaitu berri du. Bertan XV. eta XVI. mendeetako emakume irundarrek beren rolak nola definitu eta birdefinitu zituzten azaldu du, sakonki aldatzen ari zen mundu batean. Bekaren irabazleak bere ikerketaren emaitzak azaldu ditu.
Zergatik erabaki zenuen gai hau aztertzen hastea?
Bada, nik urte asko daramatzat honelako gai historikoak ikertzen. Nire ibilbide profesional osoan zehar, ikertzen eman ditudan 25 urte baino gehiagotan, emakumeekin lotutako gaiekin topatu naiz beti. Batetik dokumentuek esaten zutena eta bestetik, jendeak pentsatzen zuena zegoen eta askotan egiaztatu izan dut ez datozela bat, iraganeko emakumeei buruz hitz egiten dugunean ere estereotipo asko dagoelako. Orduan, nik erakutsi nahi nuen emakume horiei buruz hain errotuta geneuzkan ideiak okerrak zirela, eta hori dokumentazioaren bidez frogatu nahi nuen; izan ere, azkenean historia zientzia da, eta, orduan, horrela frogatu behar nuen, modu zientifikoan.
Kasu honetan errenazimendu amaiera aukeratu duzu ikerketa egiteko, zehazki, XV. eta XVI. mendeak, zergatik?
Ikerketa egiteko garai historiko zehatz hori aukeratu dut, XV. eta XVI. mendeak, nire espezialitate eremua baita. Gainera Iruñean XVI. mendea ikertu berri nuen beste ikerketa lan bat zela eta, eta beno, garai hori nahiko landua nuen, baina ez emakumeen ikuspegitik aztertuta. Orduan, garai hori aztertzen jarraitzeko, Berpizkunde Amaiera lantzea erabaki nuen.
“Orduan nik ere horretan arakatu nahi nuen, hainbat gertakarik emakumeengan nola eragiten zuten pixka bat ikusteko”
Berdintasun beka bat izanik, garai hartan emakumeenak ziren espazioak aztertu dituzu.
Bai, batez ere historia aztertzen dugunean dena orokortzeko joera dugulako. Orduan esaten dugu, adibidez, zahartzaroa aztertzen dugula, haurtzaroa aztertzen dugula, baina genero ikuspegia kontuan hartu gabe. Azkenean, pertsona baten bizitzako edozein gertakizun historikok, gerrak edo gertaerek modu desberdinean eragiten diote gizonari edo emakumeari. Orduan nik ere horretan arakatu nahi nuen, hainbat gertakarik emakumeengan nola eragiten zuten pixka bat ikusteko.
Zeintzuk izan dira informazioa biltzeko erabili dituzun iturriak?
Dokumentazio iturriak izan dira batez ere landutakoak. Bibliografia ere erabili dut, baina historia ikertzeko artxibategiak zapaltzea ezinbestekoa da. Hemen, Irunen emakumeen historia aztertzeko, tokiko bi artxibo ditugu: Irungo Udal Artxiboa eta Hondarribiko Udal Artxiboa. Izan ere, Irun Hondarribiko jurisdikziopean zegoen garai horretan. Eta gero Gipuzkoarentzat oso garrantzitsua den beste artxibo bat, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa da, gaur egun notario baten aurrera eramaten ditugu tramite guztiak, garai hartan eskribau batek kudeatzen zuen hori eta dokumentazio hori guztia artxibo horretan dago. Eta gero badira oso aberatsak diren beste bi artxibo. Bata, Valladolideko Errege Kantzilertzaren Artxiboa. Garai hartan, pertsona batek salaketa jarri nahi zuenean, auzitegietara joaten zen, lehenik Hondarribira, gero bestela Tolosan zegoen korrejidorera eta azkenik Valladolideko Auzitegi Nagusira. Orduan, dokumentazio asko dago hor, tartean, beren eskubideak planteatzen zituzten emakumeen ingurukoak. Bestetik, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan bikotekidearekin zerikusia duen guztia dago, adibidez, dibortzioak edo adulterioa.
Behin ikerketa amaituta, ezustekorik topatu duzu?
Ikerketa bat egiten duzunean beti izaten dira ezustekoak. Garaia edo gertakaria ezagutu arren, beti harritzen zaitu zerbaitek. Esaterako, orduan jada Irungo emakumeek haurrari beren abizena jartzeko aukera zuten. Emakumeek etxea ere jaso zezaketen oinordetzan eta askoren ezkonsaria familia etxea zen. Orduan, askotan, etxea heredatzen duten ama horien seme-alabek amaren abizena hartzen dute, eta oso ohikoa da hori.
Beste adibide esanguratsu bat Elizan topatzen dugu, emakumeek zuten boterea erakusten duena. Hildakoen urteurrenak ospatzen zirenean, emakumeek elizari eskaintzak emateko ohitura zuten eta elizgizonen neskameak ziren horiek jasotzeko arduradunak. Elizako errektorearen neskamea arduratzen zen banaketa egiteaz eta banaketaren zati onenarekin geratzen zenez, eztabaida bat gertatu zen, epaiketa batean amaitu zena eta Iruñeko Auzitegian erabaki zen emakumeei, neskameei, banaketa hori egiteko aukera kentzea. Beraz, honek erakusten du emakumeek jada bazituztela beren botere espazioak.
“Estereotipo horiek ezabatzen laguntzeko, maila akademikoan informazioa biltzeaz gainera, jendeak informazio hori ezagutzea behar dugu, honelako dibulgazio lanen bidez”
Uste oker asko ezeztatzeko aukera izan duzu, beraz.
Bai, bai, izan ere, nire ideia hori zen. Horregatik, ikerketa egiteaz gain, informazioa jendearengana iristeko dibulgazio saiakuntza bat egin dut. Estereotipo horiek ezabatzen laguntzeko, maila akademikoan informazioa biltzeaz gainera, jendeak informazio hori ezagutzea behar dugu, honelako dibulgazio lanen bidez. Liburua jada idatzita dago, baina oraindik ez da argitaratu. Beraz, asmoa da 2025. urtean zehar argitaratzea.
Hain zuzen ere, orain dela gutxi Irungo Emakumeen Etxean aurkeztu zenuen proiektua. Nolako harrera izan du?
Bada, egia esan, aurkezpenak izandako harrera onak harritu egin ninduen. Horrelako aurkezpenak antolatzen dituzunean zaila izaten da asmatzea zenbaterainoko arrakasta izango duten. Aurkezpenean jende dezente izan zen, beraz, alde horretatik oso ondo. Horretaz gain, oso interesgarria izan zen, jendeak bere interesa erakutsi zuelako eta galderak egin zirelako, baita gaurkotasunarekin oso lotuak zeudenak. Jendea jakin-minez hurbildu zela ikusi zen eta entzuleen artean liburua irakurtzeko gogo handia nabaritu zen.
Behin ikerketa hau amaituta, ba al duzu jada proiektu berririk buruan bueltaka?
Beti ari naiz ikertzen. Hori bai, orain lan erritmoa apur bat motelduko dut, Julia Iruretagoyena bekak lan handia suposatu didalako azkenaldian. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatean ere lan egiten dut eta dena bateratzea zaila da. Baditut sakonago ikertu nahi ditudan beste gai batzuk, beraz, erritmoa jaitsi arren, ikertzen jarraituko dut, hori seguru.



