
Irungo Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin koordinatuta, prest dauka Urtezahar gauerako zaintza-protokolo berezia. Egun hori normaltasunez eta segurtasunez ospatzen dela bermatzeko. Oinezko patruilez gain, udaltzainek trafikoko kontrolak egingo dituzte, jendeak alkohola edan edo drogak hartu ondoren autoa har ez dezan, batik bat Urtezahar gaueko ordu txikietan.
Sergio Javier Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzako ordezkariak baloratu duenez, «badakigu herritar asko eta asko hara eta hona ibiltzen direla egun horietan, kalean lagunekin edo senideekin egoteko, edota autoz egiten diren joan-etorri ugarietan. Horretarako prestatu dugu protokolo hau, dena normaltasunez joan dadin. Udaltzainak hirian barrena ibiliko dira, segurtasuna bermatzeko eta herritarren zerbitzura egoteko, agenteek esku hartzea beharko balute ere».
Gainera, Udaltzaingoak gogora ekarri nahi du gizalegez jokatzeko ordenantzak eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzen duenak espresuki debekatzen dutela petardoak, bengalak eta tankerakoak erabiltzea bide publikoan edo bide publikoari zeharka eragiten dioten eremuetan, baimen espresurik gabe. Are, araua urratzeak 750 € arteko isuna ekar dezake.
Azken urteetan produktu pirotekniko horiek Eguberrietan ardura gabe eta modu arriskutsuan erabiltzen direla ikusi da. Hori dela eta, Udaltzaingoak gogorarazten du ezin direla erabili, arriskutsuak baitira hala pertsonentzat nola ondasunentzat.
Udalak herritarrak kontzientziatu nahi ditu, eta jakinarazten da, gainera, gisa horretako elementuen erabilera zorrotz zainduko dela. Gai horiekin eta beste batzuekin lotutako kontuen berri emateko, herritarrek eskura dituzte 092 eta 112 zenbakiak.
Protokolo zabalagoa
Gainera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Gabonetako kanpainarako protokolo zabalago bat prestatu dute aurten, urtarrilaren 11ra arte luzatuko dena. Prebentzioa izango du ardatz, segurtasunaren alorrean, garai hauetan ohikoenak diren delituak prebenitzeko, hala nola ebasketak eta lapurretak, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako eremuetan.



