Ficobak ekitaldien antolaketaren jasangarritasuna eta lehiakortasun hobetzeko aurrerapausoak eman ditu 2023. urtetik. Berrikuntza horietako bat pabilioietako zorua berritzea izan da. Aldaketa hobekuntza estetiko eta funtzional bat izan da, eta, gainera, ingurumenari mesede egin dio, erabili eta botatzeko moketaren erabilera izugarri murriztu baita. Ahaztu gabe, bezeroentzat moketa aurrekontuetan eragiten duen aurrezpena.
Hain zuzen ere, kalkuluen arabera, zorua berritu zuenetik, Ficobak 83.215 m² moketa ere aurreztu ditu, hamabi futbol zelairen baliokidea, eta, era berean, horren ondorioz, 3,99 tona CO2 gutxiago isuri ditu atmosferara.
Bestalde, moketa ezinbestekoa den ekitaldietarako, Ficoba moketa berrerabilgarri mota berri bat erabiltzen hasi da, berrikuntza aitzindari bat, 2×1 formatu modularrekoa. Materialaren kalitate handiari esker, hondakinen sorrera nabarmen txikiagoa da, eta, horrela, erakustazokak ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa berresten du.
Etorkizunerako estrategia: jasangarritasuna
MICE sektoreko ekitaldiak jasangarriak izateko eskaria gero eta handiagoa da, eta ildo horretan dator berrikuntza. Jasangarritasuna enpresa eta antolatzaileen lehentasunetako bat den honetan, Ficoba erreferentzia bilakatu da, berrikuntza eta ingurumenarekiko konpromisoa bat egiten baititu. Gainera, datozen hamarkadetan antolatzen diren ekitaldien beharrei erantzutea ziurtatzen du zoruak berritzeko prozesuak –aurrekoak ere hogei urtean erabili ziren–.
Ekimen honen bidez, Ficobak jasangarritasunarekiko, ekonomia zirkularrarekiko eta ekitaldien antolaketaren bikaintasunarekiko konpromisoa berretsi du, eta erreferentzia bilakatu da azoka eta ekitaldien sektorean, Espainian zein nazioartean.
Ficoba jasangarria, mugarriz mugarri
- 2004: Bioterra azokaren lehenengo edizioa. Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azoka da Bioterra.
- 2007: Ficoba, Europako lehenengo erakustazoka karbonotan neutroa. Ficoba Ekopass ekimenari atxiki zitzaion, azokek instalazioetan sortzen dituzten karbono isuriak konpentsatzeko.
- 2008: Eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko instalazio baten kokapena Ficobako estalkian. Energiaren Euskal Erakundeak jarri zuen instalazioa, 1.100 m2-koa eta 95,2 kW-eko potentzia izendatukoa, eta, bere garaian, Gipuzkoako handiena izan zen.
- 2015: Uhinak kongresuaren lehenengo edizioa. Klima aldaketari eta itsasertzari buruzko kongresua da Uhinak, eta klima aldaketaren ondorioei nola aurre egin aztertzen du, mugaz gaindiko eta diziplinarteko ikuspuntu batetik.
- 2015: Uhinak, COP21 labelaren jabe. Frantziako Gobernuak eman zion labela aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresuari, Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko XXI. Konferentziaren esparruan.
- 2017: Ficoba energia berriztagarriz bakarrik elikatzen den lehenengo urtea.
- 2017: Erronka Garbia ekimenarekiko atxikimendua, Bioterra azokaren XIV. edizioaren esparruan. Ihobek sustatzen du ekimena, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen jarduketarako sozietate publikoak,eta helburu nagusitzat ekitaldien antolaketan jasangarritasun irizpideak kontuan har daitezen bultzatzea du, haien ondorioak arintzeko.
- 2018: GoMobility azokaren lehenengo edizioa. Orain, Mubil Mobility Expo du izena azokak, eta enpresa, aditu eta administrazioak biltzen ditu, etorkizuneko mugikortasuna lantzeko.
- 2019: Be Veggie jaialdiaren lehenengo edizioa. Beganismoaren, ingurumenaren eta osasunaren zaintzaren eta animalien kontrako tratu txarren inguruko interesari erantzuten dio jaialdiak, gai horien gaineko interesa gero eta handiagoa baita.
- 2023: Eguzkia energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioa, Ficobaren esku.
- 2023: Ficobako hiru pabiloietako zoruaren berrikuntza, erabili eta botatzeko moketa gutxiago erabiltzeko.



