Hiru partida jokatuko dira larunbatean Plaiaundin, Biok Txingudirena final itxurakoa

Argazkia: Biok Txingudi eta Gaztediren arteko partida  (Egilea: Ibon Sáenz de Olazagoitia – Gaztedi RT):

Hiru partida jokatuko dira larunbat honetan Plaiaundin, horietako bat final itxurarekin. Izan ere, emakumezkoen taldeak, Biok Txingudik, bere bigarren denboraldian, Euskadiko txapelketaren kanporaketara sailkatzeko aukerak ditu. Gaztediren aurkako partidua 14:00etan hasiko da.

Bigarren faseko sei jardunaldi jokatu ondoren, mugako taldeak hamalau puntu lortu ditu orain arte irabazitako hiru partidetan eta hirugarren sailkatzen da, aipatutako play-offera sartzetik oso gertu. Lehenengo bost taldeak sartuko dira azkenengo fasean eta Txingudiri garaipena edo berdinketa lortzea balio dio asteburu honetan, beti ere Neskak Loratzenek Durangoren aurka galtzen badu. Asteburuko aurkaria, Gaztedi, bigarrena da eta Txingudik baino hamaika puntu gehiago ditu. Erronka zaila bada ere, Plaiaundin taldeari bultzada extra emango dion giroa sortzen saiatuko dira.

Izan ere, gonbidatu berezia izango dute, Irungo alkateak, Cristina Labordak ohorezko sakea egingo baitu partida hasi baino lehen. Klubak hiriko lehen emakume alkateari aipamen berezi bat egin nahi izan dio eta Biok Txingudiren partida emakumearen nazioarteko egunean, martxoaren 8an, izatea aukera aproposa eskaini du.

Ondoren, Zaisa Txingudi arituko da

Gizonezkoen taldeak ere hitzordua izango du Plaiaundin larunbat honetan, 16:00etatik aurrera, Uribealdea Mungia jasoko baitu. Bi taldeek hamabi puntu dituzte, baina mugakoak sailkapenean gailentzen dira lehen itzuliko partida irabazi baizuten Mungian. Taldeak oso sentsazio onak izan ditu azkeneko jardunaldietan, izan ere, etxean jokatutako azkeneko partida irabazi zuten, Gaztedi Bren aurka. Ildo beretik jarraitzen saiatuko dira larunbatean puntuak eskuratu eta sailkapenean gora egiteko. Lau jardunaldi baino ez zaizkio gelditzen denboraldia amaitzeko eta maila ona puntuetan bihurtu nahiko dituzte.

Harrobikoen itzuliak

Plaiaundiko egitaraua irekiko duen taldea 14 urte azpikoa izango da, 12:00etan Gipuzkoako ligako liderra, Ordizia, jasoko duena. Goierriko taldeak hamabi puntu ditu, Txingudi/Orereta/Baztan baino zazpi gehiago.

16 urte azpiko taldea, aldiz, Gasteizen arituko da Gaztediren bigarren taldearen aurka 12:00etan. Sailkapeneko goiko postuetan dabiltza mugakoak eta liga modu paregabean amaitu nahi dute.

Igandean, Plaiaundin ere, Eskolak 10:30etatik aurrera Iruña, Zarautz/Beltzak eta Rioja jasoko ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude