Irungo alkate Cristina Labordak gaur goizean hiriko udaletxeko areto nagusian emandako prentsaurreko batean jakinarazi duenez, Txenperenea eremuko hirigintzako jarduketa programari hasierako onarpena eman zaio. Hirigintzako jarduketa programak urbanizazio aurreproiektu bat hartzen du barnean, eta hiru fasetan gauzatuko da, 27.802.453,70 euroan BEZik gabe:
Labordak hedabideen aurrean nabarmendu duenez, “onarpen hau aurrerapauso esanguratsu eta funtsezkoa da eremurako, hari esker urbanizatuko baita”. Alkateak adierazi duenez, gure lehentasuna Plaiaundiko kirol instalazioak lehenbailehen lekualdatzea da, eta etxebizitza gehiago egitea, irundarrek beren hirian eraiki ahal izan dezaten beren bizi proiektua”.
Hauek izango dira hirigintzako jarduketa programa osatuko duten 3 faseak:
- fasea eremu urdinari dagokio, eta 4,5 milioi euroan gauzatuko da, 24 hilabetean. Egikaritze eremuaren ipar-mendebaldeko lanak egingo dira, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko jarduketa aurreratu beharko balitz.
- fasea eremu gorriari dagokio, eta 17,3 milioi euroan gauzatuko da, 36 hilabetean. Eremuko bideen arteko loturak eta azpiegiturak eraikiko dira.
- fasea eremu berdeari dagokio, eta 6 milioi euroan gauzatuko da. Parke eta ekipamenduak eraikiko dira, proiektua burutzeko.
Badago aukera kirol instalazioak aurrez eraikitzeko, fase batzuk aldi berean gauzatzeko eta urbanizazio lanak eta etxebizitza publikoak eta pribatuak eraikitzeko lanak aldi berean egiteko. Guztira, 850 etxebizitza eraikiko dira eremu osoan; ia % 78, publikoak.
Txenperenea
Txenperenea eremua Irungo hiri bilbearen hegoaldean dago, eta, iparraldean, Lapitzek mugatzen du, eta, hegoaldean, AP-8 autobideak.
2023ko abenduaren 29an, Udalbatzak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eremuari zegokionez aldatzeko behin betiko onarpena eman zuen, eta, horrela, udal barrutiaren zati honetako hiri antolamendu berria finkatu zuen.
Guztira, jarduketa eremuaren azalera 163.527 metro karratu da, eta erabileraren araberako azpieremuetan banatuta dago: 20.381 metro karratu kirol ekipamendurako izango dira; 52.062, berdegunetarako; eta 17.642, beste ekipamendu batzuetarako. Gainera, 39.411 metro karratu (guztizkoaren % 24) partzela eraikigarriak dira; tartean, zuzkidura bizitokietarako 1.519 eta hirugarren sektorerako lurzoru finkatuko 1.460. Azkenik, bidetarako azalera 31.052 metro karratu da.
Eraikigarritasunari dagokionez, bizitegitarako eraikigarritasuna 74.440 metro karratu eraiki da, eta, guztira, 850 etxebizitza eraikiko dira eremu osoan; % 77,82 (660 bat), babes publikokoak. 1.610 metro karratu eraikuntza finkatuari dagozkio, eta 72.830, eraikuntza berriei. Gainera, hirugarren sektorerako 9.200 metro karratu aurreikusten dira.
Eremua antolatzeko bizitegi programari esker, babes ofizialeko etxebizitzen eta etxebizitza libreen parke berri bat sortuko da, eta, gainera, Altzulegarre baserria zutik utzi ahalko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko katalogoan jasota baitago.
Eremuaren ezaugarri nagusietako bat egun Plaiaundiko parke ekologikoan dauden kirol instalazioak kokatzeko partzela bat da.
Eremuak parke lineal bat ere hartzen du barnean, bizitegi eremua antolatuko duena eta, luzetara, eremua bera, Alai Txoko parkea eta Egiluzeko zuhaiztia konektatuko dituena, baita hura osatzeko ekipamendu publiko batzuk ere.



